}

Ai, nire gehiegizko kiloak!

2001/03/04 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azken urte hauetan ikerketa-andana bat egin da elikadurari, pisuari eta osasunari buruz. Ez da komeni ezer orokortzea, baina ondorioak adierazgarriak dira. Gizena egotea ez da osasungarri eta nahiz eta jatorri genetikoa pertsona baten pisuaren erantzulea izan daitekeen, normalean, gehiegizko pisua kaloriak hartzearen eta galtzearen arteko desorekaren ondorio izaten da.

Norbait gizena dagoen ala ez esatea ez da beti erraza izaten, bakoitzaren gorpuzkera eta hezurdura kontuan hartu behar baitira. Hala ere, medikuek hainbat ikerketa egin dituzte eta jadanik nahiko ongi definitua dago obesitatearen muga.

Muga hori urin-masaren pisuaren arabera definitua dago eta sexuaren eta adinaren arabera aldatzen da. Mutikoen kasuan, urin-masak ez du pisu- egokiaren % 20 baino gehiago izan behar, eta nesken kasuan, berriz, urin-masak ez du pisu- egokiaren % 25 gainditu behar.

Pertsona helduetan gizentasuna nabarmena izan badaiteke ere, bakoitzaren hezurdura eta gorputza kontuan hartu behar dira eta gehiegizko kiloak zenbat diren jakiteko sendagilearengana joan behar da. Hala ere, ideia bat egitearren gerri-itzulia neurtzea da egokiena; gizonezkoetan 100 cm- eta emakumezkoetan 95 cm- da obesitatearen muga.

Dena dela, gizentasunak gaixotasun kardiobaskularretan duen eragina ikertzean, epe laburrean bost kilo hartu dituenak aspalditik gizen dagoenak baino arrisku gehiago duela jabetu dira. Horregatik, jende askok adinean aurrera joan ahala gizentzeko joera badu ere, ez da axolagabekerian erori behar. Beti zaindu behar da norberaren pisua.

Umeak gero eta lodiagoak dira, gozoki gehiegi jan eta edaten baitituzte.

Obesitatea edozein adinetan da arriskutsua, eta pertsona heldu baten pisu- egokia ez da adinarekin aldatzen, 30 urte izan ala 60 izan pisu- egokia bera da. Duela gutxi arte, normaltzat jotzen zen 60 urteko pertsona bat gizen egotea, baina Ipar- Carolinako Unibertsitateko ikerlariek 300.000 pertsonen artean egindako ikerketak garbi erakutsi du 75 urte arte pisu bera mantentzea komeni dela.

Sendagileek gehiegizko pisua zaindu behar dela esaten dutenean ez da, ez estetika-kontua, ez moda-kontua. Hipertentsioa duten pertsonen erdiak gehiegizko pisua du eta horietatik erdiak nahikoa luke pisua galtzea tentsioa kontrolatzeko.

Hala ere, hainbeste ikerketaren eta abisuren ondoren, badirudi jendeak ez duela arazo hau serioski hartzen. Izan ere, herri askotan pertsona gizenen kopurua bost urtean bikoiztu egiten da eta biztanleriaren erdiak baino gehiagok gehiegizko pisua du. Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko Ramon Ruiz de Gauna sendagilearen arabera, Euskal Herriko biztanleriaren % 30ak gehiegi pisatzen du.

Ezin kiloak galdu

Gizentasuna arazo konplexua da eta ikerketa batzuen emaitzetan oinarrituz inguruak, kulturak eta ohiturek eragin zuzena dutela esan daiteke jatorri genetikoa eragileetako bat izan badaiteke ere. Ikerketa horien arabera, bi gurasoek pisu- egokia badute, haurra nagusitzean gizentzeko probabilitatea % 10ekoa da, bi gurasoetariko bat gizena bada, probabilitate hori % 40ra heltzen da eta bi gurasoak lodiak badira, berriz, % 80ra.

Ariketa fisikoa egiteko ohitura hartzea gomendatzen dute sendagileek.

Giza genoma hitzetik hortzera dabilen garai hauetan, gene batzuek loditasunean ere eragina dutela frogatzeko adinako emaitzak dira horiek, baina, aldi berean, jateko usadioek eta ariketa fisikoa egiteko ohitura ezak ere zerikusia dutela ezin uka daiteke. Azken finean, gizentasuna hartzen diren kalorien eta gastatzen den energiaren arteko erlazioa da. Eta elikadura orekatua eta ariketa fisikoa egitea dira pisu egokiari eusteko giltzak.

Haurren eta gazteen artean ere alarma jo dute adituek. Haurrak gero eta handiagoak dira, baina baita gero eta gizenagoak ere. Azken aldaketa horren arrazoia ezaguna da: jaten dituzten gozokiak eta edaten dituzten edari gozoak hain zuzen ere. Izan ere, ikerketa berri baten arabera, edari gozoak, gasa dutenak zein "zukuak" direla diotenak, dira haurrak gizentzearen eragileak. Egunean 300 ml edari- gozo baino gehiago edanez gero, gizentzeko arriskua 1,6 aldiz handiagoa da. Kiloak galtzea ez da batere gauza erraza eta, horregatik, garrantzitsua da txikitatik elikadura orekatua eta ariketa fisikoa egiteko ohitura hartzea.

Beraz, hemendik aurrera badakizue, zuen esku dago eta gutxiago jan eta ariketa fisikoa egiten hasteko ez dago udaberria iritsi arte zain egon beharrik.

Aholku zenbait:

40 urtetik aurrera, elikagai-beharrak jaitsi egiten dira eta, horregatik, adin horretara heltzean elikagai-ekarpenak % 20 murriztea komeni da, betiere ongi egiten bada.

Hona hemen horretarako zenbait aholku:

Gutxiago jan eta edan behar direnak:

  • Laster absorbatzen den azukrea, marmeladak, edari gozoak, pastelak, gozokiak...
  • Animalia--jatorriko gantzak (haragi--gantza, gurina, saltsak, esneki-ak)
  • Edari alkoholdunak
  • Ahal dela janariari gatz gehiegi ez bota

Lasai jan daitekeena:

  • Haragi zuriak eta arraia
  • Fekuladun janariak odolki, txorizo eta abarrekin batera egosiak ez badira behintzat
  • Zerealak. Ogia jan daiteke, batez ere ogi integrala. Hala ere ogia jateak ez du esan nahi saltsa guztietan bustita jan behar denik.
  • Barazkiak
  • Fruta
  • Esneki gaingabetuak

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia