}

Ahotsa, gizakiaren eta ordenadoreen bereizgarria

1995/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Artea bezalaxe, teknologia naturaren kopia bat da. Horretan saiatzen da, behintzat. Zientzia fikzioari esker izan genuen, lehen aldiz, giza itxurako androideen berri eta teknologiaren garapenak bide horretatik jo zuen. Itxura guztien arabera, ordea, errealitateak berriro ere gainditu egin du fikzioa. Giza ahotsaz mintzo den ordenadorea aurki ezagutuko dugula jakin ahal izan dugu.

British Telecom enpresako ikerketa-zentruan gizakiaren kopia osatzeari aspaldian ekin zioten. Giza ahotsa artifizialki sortzea izan da azken bost urteotako zio nagusia eta agidanez, bide onean ari dira. BT-rena ez da giza ahotsa sintetizatzeko egin den lehen saioa. Hori baino lehen, ikerketa-arlo horretan diharduten enpresek giza ahotsa imita dezakeen sintetizadorea erabili dute eta lortutako emaitzak badu giza ahotsaren antza. BT-ko ikerlarien asmoa, ordea, ez da itxura lortzera mugatu eta giza ahotsa bera sintetizatzea izan dute helburu nagusia. Laureate izeneko programa da aipatutako saioen emaitza.

Programaren abiapuntua giza ahotsa bera da, ahotsaren parametro guztiak batera grabatzea. Ondoren, zatika analizatzen ditu eta programaren aginduetara egokitzen dira, giza ahotsaren erradiografia xehetua lortuz. Laureate programaren ekarpen nagusia erabilpenean datza: edozein egoeratara molda daiteke eta aurretik emandako aginduak erabiliz, giza ahotsak dituen erregistro desberdinak automatikoki berritzen ditu.

Hizketaldian zehar harridurazko edo galderazko intonazioa eman behar ote duen erabakitzen du Laureate programak, ereduan erabilitako giza ahotsaren intonazio moldeak erabiliz. Programak hitz bakoitzari dagokion ahoskatze-indarra zein den erabakitzeko gaitasuna du, horretarako 80.000 hitzetako datu-basean oinarritzen delarik. Horrez gain, hizkuntzaren erregistro desberdinak bereiz edo akronimoen erabilera zehatzari buruzko datuak eman ditzake.

BT Ikerketa-zentruak iragarri duenez, orain arte ezagutzen ziren ahots-sintonizadoreen belaunaldi berria da Laureate programak darabilena. Prototipoa prest badago ere, gutxienez bost urte beharko dira Laureate merkaturatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia