Afrikako parkeak: haize aldaketa
1999/01/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dirudienez Afrikan ingurugiroaren defentsan jardun izan duen praka motzeko gizaki zuriaren irudi topikoa azkenetan dago. WWF elkarteko beteranoek onartu dutenez, orain arteko lan egiteko moduak ezin du luzaz iraun eta kontserbazio jasangarria lortze aldera ardura gehiago utzi beharra dago bertako biztanleen esku, honek arriskurik izan badezake ere. Aldaketa hauek gabe, WWF beldur da bertako biztanleak aurka jarri, agintariak gogaitu eta kontinenteko hainbat espezieren epe luzerako kontserbazioa ez ote den arriskuan jarriko.
WWF Internationalek Suitzan azaroan egindako urteroko bileran kanpoko erakundeen esku-hartzearen gutxitzea egoera orokorrerako egokia dela defendatu zen. Hori bai, estrategia berri honek WWFko hainbat zientzialari eta kontserbazionista ospetsu urte askoz euren zeregina izan denetik at utziko ditu. Adibide gisa errinozero zuriaren defentsan isileko ehiztarien aurka egindako lan gogorragatik ezagunak diren Smith senar-emazteak aipa daitezke; hamalau urtez Garamba Parke Nazionalean (Kongo ipar-ekialdeko 500.000 hektareako euri-oihan tropikalean) jardun ondoren bertako lana utzi behar izan dute.
Aldaketa hauen inguruan WWF Internationaleko zuzendari orokorra den Claude Martinen hitzetan, iraganean, WWFk eta beste hainbat taldek, "zoritxarrez, elkarte bakar bat, edo are gehiago, pertsona bakar bat, espezieen zaindari bakarrak izan daitezkeelako irudia eratu dute" eta "espezieen iraupenak ezin du pertsona bat edo biren menpe soilik oinarritu".
Jarraitzaile ugari dituen WWFren ikuspuntu berriaren arabera, basa-bizitzaren kudeaketa bertako komunitateen eskuetara itzuli beharra dago gizaki zuriaren esku soilik egon ez dadin. Honela, egoitza New Yorken duen Wildlife Conservation Society-ren lehentasun nagusien artean, adibidez, Afrikako bertako mendi-ikerlariak bultzatzea eta pertsona eta animalien arteko hesiak apurtzea daude. Zambian, esaterako, "bertakoek basa-bizitzaren erabilera jasangarriaren inguruko erabakiak har ditzaten laguntzeko" asmoa du elkarte honek. Kenyan, ordea, nekazarien eta parketik kanpoko animalien (batez ere elefante, zebra, jirafa eta bestelako herbiboroen) arteko gatazkak arintzeko ahaleginetara bideratu dute arreta nagusia.
Pragmatismo apur batez ikusita, argi dago bertako populazioek basa-bizitzaren kontserbazioan parte-hartze hutsak ez duela isileko ehiztarien (batez ere kanpokoak direnen) larru eta errino-adar aberasgarriak lortzeko ahalegina eragotziko. Hala ere, WWFren itxaropena, goian aipatutako ideia bertakoak gobernuen ekimenetara (hala nola, soroak animaliengandik babesteko doaneko itxiturak) erakartzeko bultzada izatean datza. Honela animalia gutxiago tirokatuko litzateke eta kontserbazionistekin harreman ona izateak bertakoek isileko ehiztarien berri ematea ere erraz lezake.
Kontserbaziorako eredu berri hau joan den otsailean hitzartu zuten Kinshasan Martinek eta Kongoko presidente berria den Laurent Kabilak. Helburua Garamba eta gainontzeko lurraldeetan gauzak Kongoarren euren esku uztea da. WWFk politika eta gai teknikoetan lagunduko die, adibidez, biodibertsitatearen aldeko ekintza-planen prestaketan. Beraz, politikan ahalegin gehiago egingo da mendiko jarduera isolatuen kaltetan.
WWFko agintarien iritziz, diplomazia gehiago eta zuzeneko ekintza gutxiago dira kontserbazionisten itxaropen bakarra lurralde horiek epe luzean egoera onean iraun dezaten. Hain zuzen ere, WWF oihanetik irten eta hiriburuetako bulegoetara egokitzen ari da. Ruanda, Afrika Erdiko Errepublika eta Hegoafrikar Errepublikako proiektu berriek ere aldaketa hori islatzen dute.
Estrategia berri hauen bultzatzailea Martin bera izan da, 1994an tradizionalagoa zen Charles de Haes hegoafrikarraren ordez zuzendari nagusi izendatu zutenez geroztik. Arrazoiak hein batean ekonomikoak dira, fundazio edo elkarte bati izugarri garestia baitzaio lekuan lekuko gobernuen zereginak betetzea eta soldatak, material-hornikuntza eta abar bere gain hartzea. Dena den, arrazoi politiko eta filosofikoak ere badira.
Madagaskarreko adibidea adierazgarria da. Lurraldean paregabeko basa-bizitza ugaria zegoen, baina nekazari eta zerrategiek deforestazio gogorra eragin zuten eta geratzen zena zaintzeko lanari ekin beharra ageri-agerian geratu zen. WWFak lanari ekin eta 1986an bi aditu bidali zituen; hamarkada bat geroago bertako 600 langile zituen lanean. Elkartea gobernuaren agintaritzaren ordezko bilakatu zen, ez nahita, larritasunak bultzatuta baizik. Baina horri ez deritzote egoki eta orain hainbat ardura alde batera uzten ari dira.
Edonola ere, politika-aldaketa honek eztabaida ugari eragin ditu, baita WWF barruan ere, nahiz eta beste elkarteen artetik etorri diren kritika zorrotzenak. Nairobiko Africa Conservation Centre-ren ustez, kontserbazioa bertan kokatutako jendeak egin beharraren izenean Smithtarrak kanporatzeak iparraldeko errinozero zuriaren iraungipena dakar. Haiek diotenez, proiektuaren (Garambakoak) emaitzak izugarriak izan dira baina bi pertsona horiei esker soilik.
Izan ere, haiek lan egin duten bitartean, subespezie honetako ale-kopurua 13tik 30era igo da kudeaketa egokiaren eta parkearekiko politika desinteresatuaren ondorioz. Kontua ez da estrategia-aldaketa horren asmo ona zalantzan jartzea, baina haien iritziz, hainbat tokitan "politikoki egokia" den hurbilketa hau ez da eraginkorra. Nahiago lukete horrelako lurraldeetan "itxura militarreko indarrak" ikustea ordena ezarri eta isileko ehiztariekin amaitzeko. Hala ere, WWFk , urte hasieran, elkarteak armarik gehiago ez erosteko eta segurtasun enpresarik ez kontratatzeko agindu zuen arrazoi etikoak zirela eta.
Bestetik, bada euri-oihan tropikalen erosketa eta zaintzan espezializatutako Conservation International izeneko elkartea. Honek duela gutxi 9 milioi dolar gastatu ditu 1,6 milioi hektarea baso erosteko Surinameko erdialdean. Euri-oihan tropikal hori ustiatu gabea eta populatu gabea da eta biodibertsitatearen gordailu bihurtzeko erosi dute. Elkarte boteretsu honen iritziz, kontserbazioaren ikuspuntu tradizionala da emaitza onak dituen bakarra. Elkarte horrek baldintzarik gabeko kontserbaziorako deia egin du eta ikuspuntu pragmatikoagoa duten taldeak kontserbazioaren aurka dagoen jendez gainezka daudela salatu du.
Haren iritziz ez dago frogarik, edo gutxi, euri-oihan tropikalaren ustiaketa "jasangarriak" benetan biodibertsitatea zein zuhaitz-kopurua bermatzen duela esateko. Edonola ere, biztanlerik gabeko basoak ez dira ohikoak Afrikan eta WWFren egungo ikuspuntuan oinarrituta hesiak apurtu egin behar dira eta isileko ehiztariei iritzia aldarazi egin behar zaie tirokatu ordez. Erronka berria da eta zenbaitetan gauzak ez dira nahi den bidetik joango, baina kontserbazio jasangarria aurrera eramateko arriskuekin jokatu beharra dagoela uste dute haize berritzaileon bultzadaz abiatu direnak. Orain ikusi egin behar haize-borroka honetan zein nagusituko den.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia