Eskerrik asko, txertoak

Batzuetan, gizateriaren arrakastarik handienak ia oharkabean pasatzen zaizkigu. Sarritan uste dugu baztanga, poliomielitisa edo difteria bezalako gaixotasunak iraganeko kontuak direla, edo urrutiko tokietako arazoak baino ez direla. Historian zehar, milioika pertsona gaixotasun horien ondorioz hil dira edo bizi osorako ondorioak pairatu dituzte. Gaur egun, txertoei esker, gaixotasun horietako asko prebenitu ditzakegu. Hala eta guztiz ere, azken urteotan berriro agertu dira txertoen erabilgarritasunari eta segurtasunari buruzko zalantzak. Horregatik, agian une egokia da gogoratzeko nola sortu ziren eta zergatik diren, oraindik ere, medikuntza modernoaren lorpenik handienetako bat.

Txertoa jasotzeak urduritasuna eragin dezake batzuetan; hala ere, ebidentzia zientifikoak argi erakusten du benetako arriskua ez dagoela txertoetan, txertoek prebenitzen dituzten gaixotasunetan baizik. - Arg: Wikimedia Commons. Jabari publikoko irudia.


XVIII. mendearen amaiera arte, gaixotasun infekziosoak eguneroko bizitzaren parte ziren. Familiak ohituta zeuden seme-alabetako batzuk adin goiztiarrean galtzera. Baztanga-, elgorri- edo difteria-epidemiek hiri osoak astintzen zituzten, eta milaka heriotza eragiten zituzten.

Gaixotasun horien guztien artean, baztanga zen beldur gehien eragiten zuenetako bat. Mendeetan zehar, milioika pertsonaren heriotza eragin zuen, eta bizirik ateratzen zirenek sarritan bizi osorako ondorioak pairatzen zituzten, hala nola infekzioak eragindako larruazaleko lesioen orbainak edo itsutasuna.

Garai hartan, esne-behiekin lan egiten zuten pertsonek baztangaren aurkako nolabaiteko babes berezia zutela esaten zen. 1796an, Edward Jenner mediku ingelesak zurrumurru haiek entzun zituen, eta ikusi zuen behi-baztanga izana zutenak ez zirela giza baztangaz kutsatzen. Bere hipotesia esperimentalki egiaztatzeko, behi-baztangaren lesio batetik hartutako materiala inokulatu zion haur bati. Handik aste batzuetara, Jennerrek haurra giza baztangaren birusarekin kontaktuan jarri zuen. Haurra ez zen gaixotu.

Gaur egun, inolako ikerketa-batzorde etikok ez luke Jennerren esperimentua onartuko. Hala ere, ebidentzia horri esker, Jennerrek frogatu zuen organismoa infekzio larri baten aurka babesteko "entrenatu" daitekeela infekzio horren bertsio askoz ere arinago bat erabilita. Horrela sortu zen historiako lehen txertoa. Une hartan hasi zen, halaber, ia bi mende geroago baztanga desagerraraztea ekarriko zuen bide luzea.

1955ean, beste mugarri handi bat iritsi zen: poliomielitisaren aurkako lehen txertoa. Garai hartan, gaixotasun horrek beldurra eragiten zuen milaka familiatan. Klima epeleko herrialdeetan, epidemiak batez ere udan agertzen ziren, eta, egun gutxiren buruan, ordura arte erabat osasuntsu zeuden haurrak ibili ezinik utz zitzakeen infekzioak.

Txertoak 2

Poliomielitisaren ondorioz beheko gorputz-adarreko deformazioa duen haurra. Arg: CDC (Centers for Disease Control and Prevention).


Txertoak inoiz existitu izan ez balira, familia askok seme-alabaren bat baztangaren, elgorriaren, difteriaren edo kukutxeztularen ondorioz hiltzen ikusiko zuketen. Beste batzuek poliomielitisak eragindako paralisi iraunkorra bezalako ondorioekin bizi beharko zuten. Hala ere, gutako gehienok ez dugu inoiz horrelako egoerarik ikusi. Txertoek funtzionatu dutelako, hain zuzen ere.

Txertoei esker, immunitate-sistemak infekzioei hobeto erantzuten ikasten du

XVIII. mendean, bakterioei buruzko ezagutza zientifikoa oso urria zen, eta oraindik ez zekiten birusak existitzen zirenik. Hala ere, Jenner funtsezko fenomeno batez ohartu zen: organismoa gai da mikroorganismoei aurre egiteko ez ezik, etorkizuneko infekzioetatik babestuko duen «zerbait» sortzeko ere. Izan ere, gaur egun badakigu birus edo bakterio batek lehen aldiz infektatzen gaituenean, immunitate-sistemak hura identifikatzen ikasten duela eta urteetan —eta zenbait kasutan baita hamarkadetan ere— gogoratzeko gai diren zelula espezializatuak sortzen dituela.

Aurretik berarekin kontaktuan egon garen mikroorganismo hori berriro organismoan sartzen saiatzen denean, immunitate-sistemaren erantzuna askoz azkarragoa eta eraginkorragoa da, haren oroitzapena gordetzen baitu. Mikroorganismo bera berriro gu infektatzen saiatzen bada, memoria-linfozito deritzen zelulek erantzun azkar eta eraginkorra abiarazten dute: batzuek antigorputzak sortzen dituzte; beste batzuek, berriz, infektatutako zelulak suntsitzen eta gainerako defentsak koordinatzen laguntzen dute. Horrela, mikroorganismoa kontrolatu egin daiteke gaixotasuna eragin aurretik edo, gutxienez, gaixotasunaren forma larrienak eragin baino lehen.

Txertoek defentsa-mekanismo natural hori baliatzen dute. Gorputza mikroorganismo arriskutsu batek infektatu arte itxaron beharrean, txertoek haren bertsio indargabetu edo inaktibatu baten aurrean jartzen dute immunitate-sistema. Beste batzuetan, berriz, mikroorganismoaren osagaietako bat baino ez diote erakusten, edo osagai hori sortzeko beharrezkoak diren jarraibideak ematen dizkiote, RNA mezulariaren (mRNA) bidez, adibidez. Horrela, organismoak mikroorganismoa ezagutzen ikasten du eta memoria-linfozitoak sortzen ditu.

Esan liteke txertoek sute-simulakro baten antzera funtzionatzen dutela: immunitate-sistema prestatzen dute, benetako mehatxua agertzen denean nola erantzun jakin dezan. Ez da egia txertoek gure defentsak ordezkatzen edo ahultzen dituztenik, batzuetan esaten den bezala. Alderantziz gertatzen da: immunitate-sistema prestatzen dute, benetako mikroorganismoari aurre egin behar dionean azkarrago eta eraginkorrago jardun dezan.

Ez da egia, halaber, gaixotuz immunizatzea hobea denik, immunitate hori «naturala» omen delako. Gaixotasuna pairatzeak ondorio larriak izan ditzake, hala nola pneumonia, entzefalitisa, paralisia edo heriotza, historian zehar ikusi dugun bezala. Txertaketaren helburua babesa lortzea da, arrisku horiek neurri handi batean saihestuta.

Batzuetan, arrakastak ahanztura dakar

Zientziak giza osasuna babesteko garatu dituen tresnarik eraginkorrenetakoak dira txertoak. Bizi-itxaropena handitzen eta haurren hilkortasuna nabarmen murrizten lagundu dute. Infekzioen % 100 saihesteko gai ez diren arren, nabarmen murrizten dute infektatzeko arriskua eta, infekzioa gertatuz gero, gaixotasun larria garatzeko, ospitalera joan behar izateko, ondorio iraunkorrak pairatzeko edo hiltzeko arriskua.

Paradoxikoki, txertoek gure osasunean eta bizi-kalitatean izan duten eragin positibo handiaren ondorioz, batzuetan zaila egiten zaigu ekarri dizkiguten onurak behar bezala baloratzea. Azken urteotan, pertsona eta mugimendu batzuk txertoak oraindik beharrezkoak ote diren zalantzan jartzen hasi dira.

Egia esan, gaur egun txertaketa-tasa handia duten herrialdeetan bizi garen gehienok ez dugu inoiz poliomielitisak jotako haurrez betetako ospitalerik ikusi, eta ez dugu difteria-epidemia errepikakorrekin bizi behar izan. Gaixotasun horiek gure eguneroko bizitzatik desagertuak direnez, haiei lotutako arriskuak urrunekoak iruditzen zaizkigu batzuetan, edo begitantzen zaigu ez dagoela horrelako gaixotasunik. Horren ondorioz, txertatzea gaixotzea baino arriskutsuagoa dela pentsatzera ere irits gaitezke.

Txertoak 3

Poliomielitisaren aurkako txertaketa, 1958. Iturria: Wikimedia Commons. Jabari publikoko irudia. Arg: Wikimedia Commons. Jabari publikoko irudia.


Txertoen aurkako mugimenduaren argudioetako bat da txertoak ez direla beharrezkoak gaixotasunak kontrolatzeko, gaixotasun horiek txertaketa-kanpainak hasi aurretik ere desagertzen ari baitziren. Egia da higienean, saneamenduan, elikaduran eta bizi-baldintzetan izandako hobekuntzek nabarmen murriztu zituztela infekzioak eta hilkortasuna. Hala ere, txertaketa funtsezkoa izan da gaixotasun askoren intzidentzia murrizteko eta haien transmisioa kontrolatzeko. Izan ere, txertaketa-tasak jaisten direnean, berriro ager daitezke ustez kontrolpean zeuden gaixotasunak. Azken urteotan zenbait herrialdetan izandako elgorri-agerraldiak horren adibide argia dira.

Ildo horretatik, batzuetan gobernuei, osasun-profesionalei eta farmazia-enpresei leporatzen zaie txertoen onurak puztea eta kalteak ezkutatzea etekin ekonomikoak lortzeko asmoz. Zilegizkoa da gardentasuna eskatzea, baina txertoak erakunde arautzaileek ebaluatzen dituzte, eta urtero 3,5 eta 5 milioi heriotza artean saihesten dituzte. Interes ekonomikoak egoteak ez ditu txertoen onurak baliogabetzen.

Garrantzitsua da ulertzea txertaketa ez dela norbanakoaren babeserako soilik; dimentsio kolektiboa ere badu. Transmisioa murrizten duten txertoen kasuan, biztanleriaren proportzio nahikoa immunizatuta dagoenean, mikroorganismoaren hedapena zaildu egiten da. Horrela, arrazoi medikoengatik txertatu ezin diren pertsonak ere babesten dira zeharka, hala nola immunodeprimitutako paziente batzuk, baita txerto jakin batzuk hartzeko oraindik txikiegiak diren haurrak ere.

Txertatzea, beraz, erantzukizun partekatua da: geure burua babesten du, baina ingurukoak babesten ere laguntzen du. Gai horrek eztabaida konplexua sortzen du norbanakoaren autonomiaren eta besteak zaintzeko erantzukizunaren artean. Oreka aurkitzea ez da beti erraza, baina historiak argi erakutsi digu pertsona bakoitza babesteak komunitate osoa babesten laguntzen duela.

Eskerrik asko, txertoak

Zientziak ez digu ia inoiz irtenbide perfekturik eskaintzen. Beste edozein esku-hartze medikok bezala, txertoek ere albo-ondorioak eragin ditzakete. Ohikoenak arinak eta iragankorrak dira, hala nola ziztada jaso den tokian mina edo hantura izatea, nekea, buruko mina edo sukarra. Albo-ondorio larriak ere gerta daitezke, baina oso urriak dira.

Garrantzitsua da argitzea txertoa hartu ondoren osasun-arazo bat agertzeak ez duela nahitaez esan nahi txertoak eragin duenik. Kasu bakoitza zorroztasun zientifikoz aztertu behar da. Txertoen segurtasuna zorrotz ebaluatzen da baimendu aurretik, eta, merkaturatu ondoren ere, etengabe zaintzen da farmakozaintza-sistemen bidez.

Hamarkadetan egindako ikerketen eta emandako milaka milioi dosiren ondoren, ondorioa argia da: txertoen onurak haien arriskuak baino askoz handiagoak dira. Txertoen arrakastaren frogarik onena da ia ahaztu egin ditugula garai batean hainbesteko kezka eta beldurra eragiten zuten gaixotasun horietako asko. Paradoxikoki, arrakasta horren ondorioz, pertsona batzuk txertoak oraindik beharrezkoak ote diren zalantzan jartzen hasi dira.

Poliomielitisaren beldurrik gabe hazten den haur bakoitzaren atzean, txertoa hartu eta plazentaren bidez antigorputzak helaraziz haurra babesten duen haurdun bakoitzaren atzean, edo baztanga desagertu den munduaren atzean, bi mendetik gorako behaketa, ikerketa eta nazioarteko lankidetza daude. Eskerrik asko txertoak ikertu, garatu, ebaluatu, fabrikatu, banatu eta eman dituzten pertsona guztiei, gizateriaren eskura jartzea posible egin dutelako.

Eskerrik asko, txertoak.

Leyre Echeazarra Escudero

EHUko Farmazia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea. Fisiologia saila.