}

Adarrik gabeko zezenak eta behiak

2010/03/28 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Dira, dira, zezenak dira, buztana motza, adar zorrotza, harrapatzen bazaitu, harrapatzen bazaitu, jo ta bertan hilko zaitu... dio euskal kantu ezagun baten letrak. Hala da bai, gehienetan. Zezen eta behi gehienek adarrak dituzte; animalia horiek jaiotzetik duten ezaugarria dira adarrak. Baina, ez beti. Adarrik gabe jaiotzen diren behi eta zezenak ere egon badaude.

Aberekin

Urrunago joan gabe, Zamudioko Teknologia Parkeko Aberekin enpresak ondorengo belaunaldietan adarrik gabeko behiak eta zezenak jaiotzeko ikerketa bat jarri du martxan. Horretarako, animalia horiek genetikoki kontrolatuko ditu.

“Abeltzainen artean oso ohikoa da esnetarako behiei adarrak moztea. Abeletxe bateko eguneroko jardueren artean oso ohikoa da lan hori. Astero txahal jaioberriei adarrak kauterizatzen dizkiete” dio Carlos Ugarte Aberekin enpresako kideak.

Zertarako egiten da hori? Galdetuko du beharbada batek baino gehiagok. Batik bat, abeltzainen lana errazteko mozten zaizkie adarrak animalia horiei; adarkadek sortutako istripuak gutxitzeko, hain zuzen ere. Animalien arteko borrokak ere gutxitzen dira horrela. Ez da kontu berria; oso jarduera zabaldua da abeltzainen artean. Esnetarako behien %90i mozten dizkiete adarrak. Teknika hori, ordea, ez da hainbeste erabiltzen haragitarako ganaduarekin. Animalia horien % 10i besterik ez dizkiete adarrak mozten. Izan ere, behi eta zezen horiek larrean bizi direnez, adarrak moztuz gero babesik gabe geratzen direla iruditzen zaie abeltzain askori.

Genetika lagun

Adarrik gabeko zezenen hazia erauzi eta laborategian aztertzen dute.
Aberekin

Adarrak moztu beharrik ez izateko, animalia horiek adarrik gabe jaiotzera bideratzea da konponbidea. Besteak beste, lan hori egiten dihardute, hain zuzen ere, Aberekin enpresan. Horretarako, genetikoki ondua dagoen zezen-hazia ekoizten dute. Hau da, beren abeletxean dauden zezen guztien artean baldintza genetiko egokiak dituzten animaliak aukeratzen dituzte. Hazi hori erauzi eta laborategian aztertzen dute; izoztu, disolbatu eta analisi genetikoa egiteko prest uzten dute.Ikerketa honetan, animalien DNA aztertzea da helburua. Analisi genetikoa EHUko Genomika zerbitzuko laborategian egiten dute. DNAn dauden hainbat markatzaile genetikoren azterketaren ondorioz, animalien ezaugarriak identifika ditzakete; kasu honetan, aztertutako animaliak adarrak dituen edo ez jakin dezakete, adibidez. Ondoren, behiak intseminatzeko erabiltzen dute hazia, betiere helburua zein den ahaztu gabe: ondorengo belaunaldietan, adarrik gabeko behiak eta zezenak jaiotzea, hain zuzen ere.

“Limousina arrazako zezen batekin egin ditugu lehen intseminazioak, eta lehenengo emaitzak udazken aldera larreetan ikustea espero dugu” dio Carlos Ugartek.

Izoztutako zezen-haziak.
Aberekin

“Etorkizunera begira, helburua da hazitarako animalien hautaketa egokia egiten jarraitzea, eta ondorengoak adarrik gabe jaiotzeko genea belaunaldiz belaunaldi transmititzen joatea.Modu horretan, adarrik gabe jaioko diren txahalen kopurua handitzen joango da pixkanaka. 10-12 urteko lanarekin, litekeena da jaiotzen diren txahalen % 50 adarrik gabekoa izatea” azaldu du.

“Dena den, hori ez da helburu bakarra. Izan ere, haragi-ekoizpenarekin zerikusia duten ezaugarriak oso garrantzitsuak dira. Alegia, ezin ditugu baztertu ezaugarri onak dituzten zezenak, nahiz eta adarrak izan” gehitu du Ugartek.

Zalantzarik gabe, egokiena litzateke adarrik gabeko genea duten eta haragi-ekoizpenerako arraza-ezaugarri egokiak dituzten zezenak izatea. “Ideal hori aurkitu nahi dugu, hain zuzen ere” dio Ugartek.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia