}

Abian da Jupiter eta haren ilargi nagusiak helburu dituen JUICE misioa

2023/04/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

abian-da-jupiter-eta-haren-ilargi-nagusiak-helburu
JUICE misioaren lehen uneen jarraipena, ESAren kontrol-aretotik. Arg. ESA

Bigarren saiakeran, ESAk lortu du JUICE misioa abian jartzea. Ondo bidean, zunda zortzi urte barru iritsiko da Jupiterrera, 2031ko uztailean. Jupiterrera ez ezik, Galileo Galileik 1610ean aurkitutako lau ilargietatik hirura ere hurbilduko da: Ganimedes, Kalisto eta Europa. Are gehiago, Ganimedes inguratzeko asmoa du, bere azalera izoztuaren azpian ozeanorik ezkutatzen ote duen jakiteko. Lortzen badu, espazio-ontzi batek ilargi bat orbitatzen duen lehen aldia izango da, Lurraren Ilargia salbu.

Ontziak 3,5 tona erregai daramatza eta 6 tona inguru pisatzen ditu. Ez du bide zuzena egingo, Lurra-Ilargia sistemaren, Artizarraren eta, bitan, Lurraren grabitazio-indarren bultzada jasoko baitu bere helmugara iristeko. 85 metro karratu hartuko dituzte zabalduko dituen eguzki-panelak (Jupiterren, Eguzkiaren energia Lurrera iristen dena baino % 4 txikiagoa da), eta hamar tresna ere badaramatza, era askotako neurketak egiteko. Besteak beste, Jupiterren atmosfera aztertuko dute; horretan arituko direnen artean daude, hain zuzen, EHUren Zientzia Planetarioa Taldeko kideak. Horrez gain, planetaren grabitazio-eremu indartsua eta erradiazio-gerrikoak aztertuko ditu JUICEk Jupiterren, eta, ilargietan, berriz, azaleraren eta atmosferen ezaugarriak, bizia hartzeko kondizioak ote dituzten jakiteko. 

Adibidez, ozeanorik ote duten argitzeko, misioko astrofisikariek uste dute oso baliagarriak izan daitezkeela laser-altimetroak egingo dituen mapa topografikoak. Ganimedesek Jupiterren inguruan egiten duen orbitan, eta beste ilargien grabitazio-indarra jasotzean, marea-indarrak jasaten ditu. Bada, azalaren azpian likidoa badauka, marearen gorabeherak 10 metrokoak izan daitezkeela uste dute; aldiz, solidoa bada, ez da metro bat baino gehiago deformatuko.

JUICE iristerako, Jupiter ikertu duen azken misioa, Juno, amaituta egongo da. Hark emandako informazioa osatuko du JUICEk.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia