Abian da Caf-Elhuyar sariketa

2019/10/17 Elhuyar

Abiatu da Caf-Elhuyar sariketa, zientziaren eta teknologiaren mundua gizarte osoarekin lotzeko asmoz. Zubiri-zubiri da aurtengo leloa. Izan ere,  eremu zientifiko-teknologikoa eta gizartearen artean zubigintzan dabiltzanen lana aitortzea, saritzea eta bultzatzea da CAF-Elhuyar sariketaren xedea.

Kategoria hauek ditu sariketak:

Dibulgazio-artikulu originalak. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak  eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria, urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira, eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko du.
Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. 2.000 eurorekin, urtebeteko harpidetza Elhuyar aldizkarira, eta eskulturarekin saritzen da.
Zientzia Gizartean sorkuntza-beka. Zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duen proiektuak onartzen dira kategoria honetan. Aukeratutako proiektuaren egileak hura gauzatzeko 5.000 euroko diru-laguntza jasotzen du, baita eskultura ere.

Horrez gain, aurten ere NEIKER sari berezia emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da eta beste sariekin bateragarria; alegia, lehen sektoreko lan onenak beste kategoria bateko onena ere baden kasuan, bi sariak jasoko ditu.

cafelhuyarsariak.elhuyar.eus helbidean dago informazio guztia, eta 2020ko otsailaren 7ra bitartean aurkez daitezke lanak. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia