Elkarrizketa

Miren Illarramendi Rezabal

«5.0 industrian, izaki digitalak eta robotak industriako langileen laguntzaile bihurtuko dira»

5.0 industrian teknologia egokituko zaio pertsonari, eta ez alderantziz. Laugarren iraultzak hiperkonektibitatea ekarri eta gero, bosgarrenak giza faktorean, jasangarritasunean eta erresilientzian jarriko du fokua. Aldaketa hori nola egingo den eta horrek zein eragin izango dituen azaldu du Miren Illarramendi Rezabal ingeniaritza-doktoreak; zeina erreferentziazko ikertzailea baita teknologia aurreratuak industria-sarean txertatzeko lanetan.

Zer esan nahi du 5.0 industriak? 4.0 industria erabat garatuta dago? Eman beharrekoak eman ditu dagoeneko?

Ez nuke hainbeste esango. Uste dut oraindik ez dela 4.0 industriaren amaiera heldu. Pixkanaka, asko landu da gai hori azkeneko urteetan; digitalizazioa asko txertatu da industria batzuetan, baina hainbat enpresa-mota dauzkagu, eta ez nuke esango garapen-maila denetan berdina denik. Oraindik asko gelditzen da egiteko, baina egia da, baita ere, etorkizunean pentsatzen hasi beharra daukagula. 5.0 industriaren ideia jada hemen dugu, eta honezkero ikertzen hasiak gaude zeintzuk izan beharko luketen hurrengo estrategiak.

Has gaitezen oinarritik etxea eraikitzen. Zer da zehazki 5.0 industria?

5.0 industria 4.0 industriaren jarraipen bat da, baina pauso bat gehiago eman nahi da; ideia nagusia da digitalizazioa, robotak eta pertsonak elkarrekin lanean jartzea. Eta, horretaz baliatuta, sistema guztia jasangarria eta erresilientea izatea lortu nahi da.

Zergatik egin behar dugu 5.0 industriaren aldeko apustua? Zergatik da beharrezkoa?

Munduak mugak ditu; baliabideak mugatuak dira, eta aurrerantzean ere gauzak orain arte bezala egiten jarraituko bagenu, arazo baten aurrean egongo ginateke hemendik urte batzuetara. Hori da puntu garrantzitsuetako bat. Bestalde, mundu mailako konpetentziari heldu nahi badiogu, eta gure industria bizirik mantendu nahi badugu, beharrezkoa da salto hori ematea.

Oso ideia polita da pertsonak erdigunean jartzearena, baina zer esan nahi du? Nola gauzatuko da hori?

Pertsonak erdigunean jartzeak esan nahi du izaki digitalak eta robotak industriako langileen laguntzaile izatera pasatuko direla. Hau da, gure ideia da pertsonek industriaren esparruan duten ongizatea babestea.

Lan egiteko modua da aldatuko dena?

Baietz uste dut. Orain arte, enpresa gehienetan, robotek lan jakin bat egiten zuten eta langileek beste bat. Aldaketa honekin, elkarrekintza gehiagoko gune bat sortu nahi da. Gainera, beharren arabera, momentu puntual batzuetan sistemaren egitekoa aldatu daiteke.

Mondragon Unibertsitatean etorkizuneko industria horretan lan egingo duten langileak prestatzen dituzue, ezta?

Hori da. Beti izan behar dugu kontuan zein izango den industriak beharko dituen behargin horien profila, eta gure ikasketak profil horretara egokitzen ari gara. Horretarako, behar-beharrezkoa da gu ere, irakasleok, berritasun horietan janztea eta ikerketa-proiektuetan parte hartzea. Horretan gabiltza, hain zuzen, 5.0 industriako ikerketa-proiektuak lantzen, gero gure ikasketetan txertatzeko eta ikasleei prestakuntza egokia eman ahal izateko.

Miren, 5.0 industriaren ezaugarri nagusietako bat da egoera berrietara egokitzeko gaitasuna. Zer esan nahi du horrek?

Hainbat kontu adierazten ditu. Batetik, nazioarteko egoerak eragin zuzena du enpresetan, eta horiek planifikazio-estrategiak aldatu behar dituzte lehiakorrak izateko. Gainera, beharrezkoa da aldaketa horiek ahalik eta azkarren egitea.

Bestetik, industriaren esparruan ere, erresilientzia gero eta garrantzitsuagoa izango da. Orain arte izan ditugun soluzioetan, robotak eginkizun jakin batean jardun dira; hemendik aurrera, robotei ere egokitzeko gaitasuna txertatu nahi zaie, beharren arabera lan bat edo beste egin dezaten. Liburutegi batzuk izango ditugu zerbitzarietan, hainbat programa edo modelorekin, eta beharren arabera aldatzen joango gara.

Beraz, robotak birprogramatu egin daitezke beste zeregin batzuk betetze ditzaten?

Bai, baina helburua ez da guk robotak zuzenean programatzea eta norbaitek horren ardura izatea; eginak dauden moduluak hartu, eta robota bere kabuz egokitzea da helburua.

Datorren industria berri honen beste ezaugarri bat jasangarritasuna da, baina hori 4.0 industrian ere erabiltzen zen. Zer aldatzen da 5.0 industrian?

4.0 industria bideratuago zegoen prozesu zehatz baten jasangarritasuna optimizatzera; adibidez, energia-kontsumoa. Baina orain harago goaz: prozesu zehatz baten jasangarritasunaz aritu beharrean, orokorragoa den kontzeptu baterantz goaz, hau da, ekonomia zirkularrerantz. Beraz, ekoizpen-prozesu guztiaren jasangarritasuna hartzen da kontuan. Irakurketa orokor baten bidez, produktu bakoitzak duen aztarna ekologikoa kalkulatzen da, eta, datu horietan oinarrituta, hainbat arauketak produktu hori jasangarria den edo ez zehazten dute. Lehiakorrak izateko, jasangarriak izatea ere kontuan hartuko da.

Zer egiten ari da administrazioa, oro har, 5.0 industria sustatzeko?

Europatik bi arau lotesle jarri dituzte martxan. Lehenengoak AI Act izena du, eta bermatu nahi du langileekin interakzioak izango dituzten teknologia horiek egokiak direla ikuspuntu etikotik. Elkarrekintza horietan, langileen oinarrizko eskubideak ziurtatu behar dira. Bigarrenak, berriz, Cyber Resilience Act deritzenak, zibersegurtasunaren ikuspuntutik hardwareek eta softwareek jarraitu beharreko arauak jasotzen ditu.

Beraz, adimen artifizialak eta zibersegurtasunaren arloko arautegi horiek 5.0 industria bultzatzen eta sustatzen laguntzen dute?

Bai, garrantzitsuak dira pertsonen oinarrizko eskubideak babesteko. Europatik kanpo, ordea, errealitatea bestelakoa da, eta konpetentzia handia dago, beste herrialde batzuetan ez dutelako halako legeak betetzeko beharrik. Badirudi Europan geure buruari trabak jartzen ari garela, baina nik uste dut arau horiek beharrezkoak direla guztion ongizaterako.

Zeintzuk dira 4.0tik 5.0 horretara jauzi egiteko gelditzen zaizkigun erronka nagusiak?

Arautegiaz aparte, gaur egun gure industrian erabiltzen ditugun sistemek ez dute behar den egokitzapen-gaitasuna. Helburu hori lortzeko beharrezkoak dira, hain zuzen ere, ikerketa-proiektuak eta transferentzia-proiektuak. Horretaz gain, guk geuk eta industriako langileek gure profil profesionalak aldatu behar ditugu, teknologiarekin elkarlanean aritzeko.

Nolakoa izan daiteke 6.0 industria?

Nire ustez, hurrengo aldaketa handiaren gakoa kuantika izango da. Kuantikari esker, analisiak egiteko datuen konputazioan ikaragarrizko salto kualitatiboa egongo da. Erreminta hori industrian txertatzen denean, pentsatzen dut beste eszenatoki batean egongo garela: 6.0 industriaren edo industria kuantikoaren aroan

Inma Alvarez Agirre

Elhuyar Zientzia

Miren Illarramendi Rezabal Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza-doktorea. ARG.: Elhuyar

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Teknologia

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali