Elhuyar zientziaren komunikazioa

25.000 urte inguruko zintzilikarioa aurkitu dute Irikaitzen

2011/08/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

25.000 urte inguru izan ditzakeen zintzilikario bat aurkitu dute Zestoako Irikaitz aztarnategian. Iberiar penintsulan aire libreko indusketa batean aurkitu den zaharrena da. Zintzilik eramateko zulo bat eginda duen 9 cm-ko harri bat da. Eta, lehen azterketen arabera, ez da zintzilikario hutsa; indusketaren zuzendari Alvaro Arrizabalagak azaldu duenez, lan-tresna gisa erabili zela iradokitzen duten arrastoak ditu; esaterako, beste tresna batzuk zorrozteko. "Tresna gehienak suharrizkoak ziren. Suharria oso zorrotza da ateratzen denean, baina erabilerarekin kamustu egiten da, eta noizean behin zorroztu egin behar dira tresnak. Horretarako, orein-adar bat, hezur-puska bat, edo honelako harri bigun bat behar da."

Hamalau urte daramatzate Irikaitzen indusketa egiten, eta Arrizabalagak argiutzi du aztarnategi emankorra dela : "Oso pieza ikusgarria da. Baina hemen ia-ia urtero atera da oso kalitate oneko pieza arkeologiko apartaren bat edo beste. Eta urte batzuetan, baita 8-10 ere. Oso oparoa da leku hau".

Zintzilikarioa hain zaharra izatearen balioa azpimarratu du Arrizabalak. "Zintzilikarioren bat agertzen denean, beti dauka garrantzi berezia; baina zenbat eta zaharragoa izan, are eta garrantzitsuagoa izaten da aurkikuntza. Ez dira agertzen lehen giza espezieetan. Lehenak azken neandertaletan agertzen dira, baina, oro har, esan daiteke gure espeziearen ezaugarri propioa direla".

Gainera, aire libreko aztarnategi batean horrelako bat aurkitzeak berezi egiten duela dio Arrizabalagak. "Aire zabaleko oso aztarnategi gutxi daude. Gainera, zintzilikarioak, normalean, lehengai organikoekin eginak izaten dira, etahoriek galdu egiten dira aire zabaleko aztarnategietan. Maskorrak edo letaginak desagertu egiten dira hemen. Harrizkoa delako aurkitu dugu. Baina, hala ere, 80.000 metro koadroan tamaina horretako pieza bat, osorik, eta ukitu gabe aurkitzea, estatistikoki zorte handiko aurkikuntza da".

Zintzilikarioaren garaiko gizakiak, gaur egungoaren oso antzekoak ziren, eta zintzilikarioa apaingarri hutsa ez izateak zer pentsatua eman dezakeela uste du Arrizabalagak. Haren ustez, zintzilikario hau bezalako elementuak interpretatzeko garaian, gaur egungo kulturaren iragazkia erabiltzeko joera dugu, eta garrantzi sinboliko handiegia ematen diegu. Nahiz eta elementu horiek gure espezieak eginak izan, kontuan izan behar da gaur egungo balio kulturalak denboran zehar garatuz eta aldatuz joan direla. Zintzilikario bat aurkitzean, "agian oso modu sinbolikoan pentsa dezakegu; baina, beharbada, tresna bat zen, besterik gabe, beti hurbil eta eskura izateko eta ez galtzeko zintzilik eramaten zutena".

Irudia: Aranzadi

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia