2026an albiste arkeologiko garrantzitsu batekin hasi da. Izan ere, sapiensen gertuko arbaso baten fosilak aurkitu dituzte Marokon. Badirudi sapiensek, neandertalek eta denisobarrek izandako azken arbaso komunarenak izan daitezkeela. Atapuercako Homo antecesor-en garai beretsukoak dira, baina azken hauek morfologikoki neandertalen antzekoagoak direnez, uste dute Marokokoa izan daitekeela arbaso komuna. Hala ere, oraindik ez dute ziurtasunik, beraz hori argitzea erronka izaten jarraitzen du.
Urteak baditu, noski, bestelako erronkak, arlo guztietan. Adibidez, kliman, deskarbonizazioa, batetik, eta trantsizio energetikoa, bestetik, funtsezkoak izango dira. Ikertzaileak energia-iturri berriztagarrien hobekuntzan arituko ere, hainbat helbururekin: efizientzia hobetzea, mineral kritikoekiko mendekotasuna txikitzea… Horrekin guztiarekin batera, klima-aldaketak dakartzan ondorioak arintzeko edo prebenitzeko egokitzapenak ere ezinbestekoak izango dira.
Ildo beretik, ingurumenaren ikuspegitik, hondakinen auziak erronka handia izaten jarraituko du. Plastikoen Hitzarmena zintzilik geratu zen 2025ean, eta 2026an konpromisorik lortzen ez bada ere, pausoak emateko urtea izan beharko luke. Dibertsitate-galerari aurre egitea ere lehentasunezkoa da.
Aurreko guztiarekin lotuta daude giza osasuna mehatxatzen duten gaixotasun emergenteak eta antibiotikoekiko erresistentziak, besteak beste. Txanponaren beste aldean, ikerketa medikoek itxaropena pizten dute, duela gutxi esperimenatalak ziren teknologiak eta tratamenduak gero eta paziente gehiagorengana iristen ari baitira: immunoterapia, terapia genikoa, RNAm-aren bidezko tratamenduak, neurozientziako aurrerapenak... Hiesaren prebentzioan, lenakapabirraren hedapenaren urtea izan behar du 2026ak, munduko leku askotan hiesa oraindik erronka garrantzitsua baita.
Astronomian, Txinak eta AEBk Ilargirako egitasmoak dituzte: Txinak Chang’e 7 misio robotikoa bidaliko du Ilargiaren Hego polora; eta AEBk Artemis II bidaia eskifaiaduna egingo du, aurrerago berriz ere gizakia Ilargira eramateko. Japoniak Marteko ilargiak esploratzeko misio bat du iragarrita, eta ESAk, berriz, exoplanetak ikertuko dituen satelite bat jaurtitzekoa (PLATO). Ahaztu gabe Euskal Herriko leku askotatik eguzki-eklipse osoa ikusteko aukera izango dugun urtea dela!
Fisikan, fusio-energia erabilgarria bihurtzeko lanean jarraituko dute; ordenagailu kuantikoak ikerketatik aplikaziora igarotzeko pausoak emango dituzte, eta LHC Hadroien Talkagailu Handia berritzen hasiko dira.
Arlo horietan guztietan —eta beste hainbatetan—, adimen artifizialaren ahalmena baliatuko dute, datu gehiago lotuta, emaitza gero eta hobeagoak izateko. Akatsak eta alborapenak zuzentzea eta desberdinkeriarik ez sortzea izango dira bi erronka nagusi.
Izan ere, esparru denetan erronka izango da kontuan hartzea alderdi etikoak eta sozialak, garapena bidezkoa izan dadin eta denengana irits dadin.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia







