}

2013ko CAF-Elhuyar sariak banatu dira gaur Bergaran

2014/04/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur banatu dira 2013ko zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Dibulgazio-artikuluen kategorian Gorka Azkune Galparsorok eta Eneko Bachiller Otamendik jaso dituzte sariak. Kazetaritza-lanen arloan Gorka Zabaleta Lopetegik eta Amaia Portugal Gonzalezek, eta, zientzia gizartean sorkuntza-beka, berriz, Xabier Erkizia Martikorenarentzat izan da. Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Merezimendu saria Udako Euskal Unibertsitateak jaso du.
2013ko-caf-elhuyar-sariak-banatu-dira-gaur-bergara
CAF-Elhuyar sariek 2013ko edizioko saridunak: Iñaki Alegria, Amaia Portugal, Gorka Azkune, Gorka Zabaleta eta Xabier Erkizia. Eneko Bachillerrek, Norvegiatik eskertu zuen saria. Arg. Iñigo Ibañez

Saridunak eta saritutako lanak

--> Dibulgazio-artikulu orokorra: “Fikzioa errealitate bihurtzen denean”, Gorka Azkune Galparsoro
--> Egilearen tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua: “Arrainak, otorduetan, ekologiaz mintzo dira”, Eneko Bachiller Otamendi
--> Zientzia-kazetaritzaren arloko lana:Angulari erradiografia”, Gorka Zabaleta Lopetegi (Baleike aldizkaria)
--> Zientzia-kazetaritzaren arloko lana, aipamen berezia
: "Giza eboluzioa berridazten", Amaia Portugal Gonzalez (Berria egunkaria)
-->Zientzia gizartean sorkuntza-beka: “IDAZKERA ISILAK: Entzuteko idatziak eta Soinuzko irudiak”, Xabier Erkizia Martikorena
--> Merezimendu saria: Udako Euskal Unibertsitatea

Elhuyar efektupean

Bergarako Errekalde jauregian ospatu da gaur, arratsaldeko seietan hasita, 2013ko CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia. Xabier Munibe Peñafloridako kondearen bizilekua izandakoan, erraldoi txiki bilakatutako Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiek hartu dituzte saridunak eta gonbidatuak, Elhuyarko lehendakari Txema Pitarkeren eta zuzendari nagusi Leire Cancioren ondoan. Haiekin batera, Bergarako Musika Eskolako zuzendari Mariaje Ugaldek egin die harrera bertaratutakoei, Peñafloridako kondeak berak idatzitako partiturak joaz, hain zuzen ere.

Bergarako erraldoi eta buruhandiek gidatu zituzten gonbidatuak jauregira. Arg. Iñigo Ibañez

CAF-Elhuyar sarien 2013ko edizioa urteurren batekin batera abiatu zen, joan den irailean, “Elhuyar efektua” lelopean. Izan ere, iraileko egun batez, 230 urte lehenago, eman zuten wolframaren berri Elhuyar anaiek, Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen buletinaren bidez. Bergarako mintegian egin zuten aurkikuntza, beste batzuen artean, Peñafloridako kondearen bultzadapean sortu zen ikerketa-gunean.

Gorka Zabaleta Baleikeko kazetariak jaso du zientzia-kazetaritzaren arloko saria. Arg. Iñigo Ibañez

Hala kontatu du ekitaldiaren gidari Oihana Jauregik ongietorri hitzen ondoren, eta, azpimarratu du haien ondarea aintzat hartu nahi izan dutela CAF-Elhuyar sariek, bi mende luze geroago Bergarara hurbilduta, ekitaldia, tarteka, zirikatzaile joan bada ere ondratuekiko.

--> Argazki-galeria

--> Teknopolis: saio berezia CAF-Elhuyar sariez

Kazetaritzan: angulari erradiografia, eta giza eboluzioa berridazten

Elhuyar anaien lana gogora ekarri duen irrati-kronika batek ireki du sari-banaketa ekitaldia. Elhuyarko Egoitz Etxebestek jarri dio ahotsa, hain zuzen ere, “Lunatikoak” bere liburuko istorioetako baten pasarteei. Jarraian, kazetariek egiten duten dibulgazio-lanaren garrantzia nabarmenduaz, zientzia-kazetaritzaren arloko lan onenaren saria banatu da.

2013ko edizioan 8 lan onartu dira kategoria horretan. Eta horien artetik Zumaiako Baleike herri aldizkariko zuzendari eta kazetari Gorka Zabaleta Lopetegiren “Angulari erradiografia” lanak irabazi du saria. Zabaletak hirugarren urtez jarraian jaso du sari hau.

Epaimahaiaren esanean, erreportaje bikaina da, eta gaur egungo kazetaritzaren eredu, “primeran erabili baititu baliabide guztiak: testua, argazkiak, bideoa, papera eta Internet”. Angularen erradiografia eskuetan duela eskertu du Zabaletak jasotako saria, eta azpimarratu du, kazetariei dei eginez, zientzia gaiak topatzeko aski dela ingurura begiratzea.

Zientzia-kazetaritzako lanen arloan aipamen berezia jaso du Amaia Portugal kazetariak Berria egunkarian argitaratutako erreportaje batengatik. Arg. Iñigo Ibañez

Zabaletaren lana saritzeaz gain, beste kazetari baten lan bat ere aipatu du aurten epaimahaiak, eta Aipamen Berezia egin dio Amaia Portugal Gonzalez donostiarrak Berrian argitaratutako “Giza eboluzioa berridazten” lanari.

Epaimahaiak eguneroko prentsaren bidez gaia halako sakontasunez tratatu izana nabarmendu du erreportajetik. Portugalek erreportajea egiten lagundu zioten ikertzaileak izan ditu gogaon saria hartzeko unean, eta, baita Elhuyarri eskertu dio zientzia-kazetaritzan hasteko emandako aukera, Elhuyar izan baitzen haren harrobia.

Dibulgazioan: teleportazioaren aukerak, eta arrainen jatorduetako elkarrizketak

Kazetaritzatik dibulgaziora eta ikerketara egin du salto ekitaldiak, eta Elhuyar anaien aurkikuntzatik gaur egungo Elhuyarren eta beste hainbat eragileren dibulgazio-lanera. Bideo batek egin die sarrera dibulgazio-artikuluen kategoriako bi saridunei. Bideo horretan, jakintza zientifikoa dibulgatzeko, bokazio zientifikoak sortzeko, eta elkarlanean kultura zientifikoa lantzeko eta gizarteratzeko sustatutako hainbat proiekturen printza batzuk ikusi ahal izan dituzte gonbidatuek; horietako bat, Errekalde jauregiaren bertan gauzatuko da: Bergarako Udalak sustatutako zientzia-museoa, Laboratorium izenekoa. 

Gorka Azkune, zientzia-dibulgazioko artikulu orokor onena izan zen berea. Arg. Iñigo Ibañez

Zientziaren dibulgazio-artikuluen kategoriako saridunak Gorka Azkune Galparsoro azpeitiarra eta Eneko Bachiller Otamendi donostiarra izan dira.

Lehenak dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria jaso du “Fikzioa errealitate bihurtzen denean” lanarengatik. Lanen honek bidez teleportazioa zer den azaldu du Azkunek. Artikuluari “ausarta” iritzi diote epaimahaikideek, azaltzeko eta ulertzeko gai zail bati heldu diolako egileak, eta artikulutik nabarmendu dute  entretenigarria izateaz gainera, aurrera begirako ikuspegia duela, eta protagonistak pertsonak direla.

Hitza hartzean, kultura zientifikoaren beharra eta garrantzia aldarrikatu ditu Azkunek, eta, arlo horretan hainbat eragilek egiten duten lana nabarmendu du bere eskertza hitzaldian.

Eneko Bachiller izan da egilearen tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenaren sariduna. Norvegian dago doktoretza-ondorengo ikerketa-lanetan, eta handik jaso du saria. Arg. E. Bachiller

Bachillerrek egilearen tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenaren saria jaso du. Epaimahairen esanean, izenburu erakargarri batekin hasita, erraz irakurtzen den artikulua osatu du egileak, ikuspegi eta egitura egokiak dituena, eta oso irudi aberats eta erakargarriak. Hauxe da lanaren izenburua: “Arrainak, otorduetan, ekologiaz mintzo dira”. Bachillerrek Norvegiatik hartu du saria, han baitago doktoretza ondorengo ikerketa-lanetan, eta bideo baten bidez eskertu du, baita salatu ere ikertzaileen lan-baldintzak hobetzeko eta ikerketan gehiago inbertitzeko beharra.

Bi kategoria horietan, 12 eta 7 lanen artetik aukeratu du epaimahaiak. Pertsona hauek osatu dute kazetaritza-lanak eta dibulgazio-artikuluak ebaluatu dituen epaimahaia: Arturo Elosegi, ekologoa, EHUko ikertzailea, eta zientziaren dibulgatzailea;  Marian Iriarte, kimikaria, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea; Uxune Martinez, UEUren Ingumak datu-base zientifikoaren kudeatzailea; Alberto Barandiaran, kazetaria eta HEKIMENeko zuzendaria; eta, Leire Cancio, Elhuyarren zuzendari nagusia.

Idazkera isilak proiektuarentzat zientzia gizartean sorkuntza-beka

Sariketa osatzen duten bi epaimahaien artetik lan zailena Zientzia Gizartean sorkuntza-beka ematen duen hirukotearena izan dela aipatu du Oihana Jauregi aurkezleak, lehian izan diren 12 proiektuetatik asko baitziren saritzeko modukoak. Hiru pertsona hauek osatu dute epaimahaia: Josu Rekalde. Artea eta teknologia saileko zuzendaria, EHUko Arte Ederren Fakultatean; Koldo Almandoz, ikus-entzunezko arloko aditua, zinema-zuzendaria eta The Balde aldizkariaren zuzendaria; eta Maria Gil, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna.

Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak saritzen dira. Iaz eman zen lehen aldiz, eta “Balio berriz balio” proiektuak jaso zuen. Arte instalazio baten eta bideo baten bidez, “hondakin” kontzeptuari buruzko gogoeta bat osatu dute sei egileek, eta, Errekalde Jauregian bertan izan zen atzo ikusgai emaitza.

Xabier Erkizia soinu-ikertzaileak jaso du 2013ko zientzia gizartean sorkuntza-beka. Arg. Iñigo Ibañez

Iazko bekaren emaitza aurkeztuta, aurtengo sariduna ezagutzeko txanda iritsi da: Xabier Erkizia Martikorenaren “IDAZKERA ISILAK: Entzuteko idatziak eta Soinuzko irudiak” proiektuak jaso du zientzia gizartean sorkuntza-beka. Soinuak grabatu ahal izateko teknologia asmatu aurretik, bestelako euskarrietan gordetako soinuak aurkitu eta erregistratzea da proiektuaren helburua, eta epaimahaiak proiektuaren interes sozialari, egingarritasunari eta teknologia eta gizartearen arteko elkarrekintzari erreparatu dio beka emateko; halaber, aipatu du erabakigarria izan dela “emaitza ez izatea une bateko gertakizuna, baizik eta gerora ere erabilgarria izatea, aurkezten den unetik harago”. Erkiziak entzuteko gonbitea egin die gonbidatuei, eta oraindik egin ez duen lan batengatik saria jasotzeak ardura puntua sortzen diola aitortu du.

Merezimendu saria UEUri

Iñaki Alegriak jaso zuen UEUren izenean, Elhuyarren Merezimendu saria. Arg. Iñigo Ibañez

Ekitaldia bukatzeko, Txema Pitarke Elhuyarreko lehendakariak Elhuyar Fundazioaren Merezimendu saria eman dio Udako Euskal Unibertsitateari. Iñaki Alegria UEUren zuzendari izendatu berriak jaso du saria. Udako Euskal Unibertsitateari izena txiki geratzen zaiola nabarmendu du Pitarkek, “udan bakarrik ez, urtaro guztietan egiten baitizkio ekarpenak gizarteari, ikastaro, mintegi eta bestelako ekintzen bidez”,  eta erakundearen izaera dibulgatiboa, elkarlanerako gaitasuna, eta diziplinartekotasuna bultzatzeko jarrera goraipatu ditu. UEU osatzen duten langile eta 1.000tik gora bazkideen gaitasuna azpimarratu ditu Pitarkek. 41 urteko ibilbidean “hainbat diziplinatan egindako dibulgazio lanagatik, euskararentzat eremu berriak lantzeagatik, eta elkarlanerako erakutsi duen gaitasunagatik” jaso du UEUk Elhuyarren Merezimendu saria. Pitrakeren hitzak bere egin ditu Iñaki Alegriak eskertza-hitzaldian, eta, berak ere, UEUko pertsonak izan ditu gogoan, "UEU zerbait bada, pertsonak direla", esan du.

Ekitaldia ez da amaitu, ordea, Pitarkeren eta Alegriaren hitzekin. Bergarako erraldoi eta buruhandien elkarteari esker, Bergarako erraldoiek agurra dantzatu diete saridunei Errekalde jauregiaren atarian, Fausto eta Juan Jose Elhuyarren alboan. Ondoren, mokadu bat jateko aukera izan dute bertaratuek, elkarrekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia