}

2002tik aurrera, Abel sariak matematikarientzat

2001/08/27 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Jens Stoltenberg Norvegiako lehen ministroak matematikako nazioarteko Abel saria aurkeztu zuen abuztuaren 23an. Sari horren lehen banaketa 2002an egingo da eta, Nobel sariek egiten duten gisara, ikerlariak saritzeaz gain, ikerketarako grina ere piztu nahi du. Hala ere, sari honek badu berezitasun bat: Nobel sariek ez bezala, matematiken garrantzia azpimarratu nahi du.

Nobel sariak XIX. mendeko Alfred B. Nobel kimikari suediarrak sortu zituen. 1901ean banatu ziren, lehen aldiz, fisika, kimika, medikuntza eta fisiologia, literatura eta bakearen Nobel sariak eta, 1969an, ekonomia zientzietakoa. Gizateriaren onerako lan egin duten 5 pertsona edo instituzio saritzen dituzte urtero Nobel sariek.

Aurrerantzean, Nobel sarien hutsunea bete nahian edo, Abel sariak matematikariak sarituko ditu. Abel Norvegiako XIX. mendeko matematikari handia izan zen. 27 urte zituela tuberkulosiak jota hil zen eta, zoritxarrez, hil ondoren goraipatu ziren bere lanak. Lan handia egin zuen funtzio eliptikoen inguruan eta berari zor zaio, besteak beste, "zenbaki aljebraiko" kontzeptua.