}

1989ko mundu-biztanleriaren egoera. Emakumeak lehentasuna

1989/06/01 Jauregi, Mariaje - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nazio Batuen Biztanleri Fondoaren 1989ko txostena

Nazio Batuen Biztanleri Fondoaren 1989ko txostenak, emakumearen, biztanleriaren eta garapenaren arteko erlazioak aztertu ondoren, emakumean inbertitzea dela etorkizunerako gakoa baieztatzen du.

“Emakumeak bere bizitzari buruzko erabakiak hartzeko duen askatasun-maila izan daiteke etorkizunerako gakoa. Ez bakarrik herrialde txiroetan; baita aberatsenetan ere. Emakumeak, ama, elikagai-ekoizle eta -hornitzaile, politikari, etab... diren neurrian, aldaketa-prozesuan funtsezko papera jokatzen dute.”

Ondorioz beraz, emakumean inbertitzea da 90.eko hamarkadarako helburua.

Emakumeak lehentasuna

Emakumeek toki nagusia du garapenean. Mundu guztiko ekonomia ez-monetarioaren (subsistentzi nekazaritza, haurren hazkuntza eta hezkuntza, etxeko lanak, etab...) zatirik handiena kontrolatzeaz gain, ekonomia monetarioaren barruan ere oso paper garrantzitsua jokatzen du. Baina arazoa zera da: mundu osoko emakumeek bi lan-mota burutzen badituzte ere, etxekoa eta kanpokoa alegia, lan horren zatirik nagusiena ez dela lantzat hartzen. Eta lantzat ez hartzeak inolako laguntzarik ez dutela esan nahi du.

Txostenean, emakumeen premiak alboratzeak sortzen dituen kostuak aipatzen dira, hala nola, kontrolik gabeko hazkunde demografikoa, haur eta gazteen heriotz tasa handiak, ekonomia ahultzea, nekazaritza ez-eraginkorra areagotzea, ingurugiroaren narriadura, gizartearen zatiketa jeneralizatua eta bizi-kalitatea eskasagoa guztientzat. Horrez gain, gazteek eta emakumeek, aukera-desberdintasunak, arrisku handiagoak eta beren bizitzaren norabidea beren esku egotearen ordez, beste batzuk inposatutako bizimodua egin beharra jasaten dute.

Emakume askok, garapen bidean dauden herrialdetakoek bereziki, ez dute ezkontza eta amatasunaz gain beste aukerarik. Emakume hauek, beraiengandik espero dena hori denez, familia handiak izaten dituzte. Emakuneengan inbertituz gero, bere esku izango lituzketen estrategien abanikoa zabaldu egingo litzateke eta seme-alabak gizarte- eta laguntza-kontsideraziorako menpekotasuna izateari utziko liokete.

Emakumeen bizitzako puntu zehatz baten aldaketak (aldeko zein kontrakoak) beste guztiengan eragina duela frogatzen du txostenak. Aldaketak sartzeak ordea, emakumeak emazte eta ama baino zerbait gehiago direla onartzea eskatzen du; garapen-plan guztiak birplanteatzea alegia. Izan ere, printzipioz edonork onar dezake emakumeentzat gizarte-laguntzarako zerbitzuak ezartzea, baina garapenerako esfortzuan emakumean inbertitzeari lehentasuna emateak, garapenaren ikusmoldearen hausnarketa eskatzen du. Ez garapen bidean dauden herrialdeen aldetik soilik; baita finantz eta kreditu-erakundeen aldetik ere.

Azken lau urteetan, 37 herrialde txiroenek dituzten gero eta presio ekonomiko handiagoak direla eta, %50 murriztu dituzte osasunaren atentziorako gastuak eta %25 hezkuntzarakoak. Horrelako neurriek txiroak zigortzen dituzte eta txiroen artean emakumeak nagusiki. (Gizonezkoak emakumezkoak baino gehiago baloratzen diren herrialdeetan, diru-apurrak mutikoen osasuna eta hezkuntza zaintzeko erabiltzen dira; hauek bait dira gerora diru gehiago lortuko dutenak, jabetza-eskubidea izango dutenak, etab...).

Garapenean aldaketak lortzeko emakumean inbertitzeari lehentasuna eman behar zaio; baita zailtasun ekonomikoak dituzten herrialdeetan ere. Eta aldaketak, beharrezkoak dira. Hazkuntza demografikoa eta hiri superpolulatuak, gero eta handiagoa den ingurugiro-krisia, nazioarteko zorraren handitzea eta garapen bidean dauden herrialde txiroenen pobreziaren areagotzea bezalako gaur eguneko baldintzen aurrean, aditu askok sakoneko birplanteaketa egiteko garaia iritsi dela esan izan du. Giza baliabideen eta baliabide naturalen arteko oreka dinamikoak du erantzuna: baliabide mugatuen aprobetxamendu eraginkorragoa, lan-indarraren hazkunde motelago eta orekatuagoa, osasuna, hezkuntza, elikadura eta garapen pertsonala hobetzeko aukera, etab... bultzatuz. Eta ez bakarrik emakumeentzat; biztanleri osoarentzat baizik.

Emakumean inbertitzea ez da panazea. Ez dio pobreziari amaierarik emango, ez ditu pertsonen eta herrialdeen arteko desberdintasun larriak deuseztuko, ez du hazkunde demografikoa geldi eraziko, ez ditu ingurugiroaren salbazioa eta pakea bermatuko, baina helburu guzti horiek lortzen lagunduko du.

Munduko gaurko biztanleria

Mundu-sistemaren punturik ahulenak, hazkunde demografikoa, biztanleriaren kokapena eta ingurugiroaren narriadura dira. Gero eta nabariagoak dira Lurra jasaten ari den kalteak. Narriadura honen arrazoia, neurri handi batean, herrialde aberatsenetan baliabideak neurririk gabe erabiltzea da. Baina badago beste arrazoi bat ere, eta pobrezia eta hazkunde demografiko azkarraren konbinazioa da.

Gaur egun 5.200 milioikoa den munduko biztanleria, mende bukaera arte 90 milioi gehituko da urtero. Sei milioi ezik, urteroko hazkunde horren gainerako guztiak garapen bidean dauden herrialdeetan biziko dira. Nazio Batuen estimazioen arabera, mende bukaeran munduko biztanleria 6.250 milioikoa izango da. Hazkundea 10.000 milioira iritsitakoan eten liteke, hau da, gaurko zifraren bikoitzera iristean, agian mende bat pasatu ondoren.

Hau ordea oso proiekzio baikorra da. Zifra horiek lortzeko, asko ugaldu beharko lukete famili plangintzazko zerbitzuen erabiltzaileek (%58, 2000 urterako eta %71, 2025.erako). Bestela denbora luzeagoz eta erritmo azkarragoz haziko da biztanleria, 14.000 milioi pertsona izatera iritsi arte.

Zifra hauek eta munduaren etorkizunean izan ditzaketen eraginek, krisi demografikoak berehalako soluzioak eskatzen dituela agerian jartzen dute. Ezin da arazoa datorren menderako utzi. Orduan beranduegi izango da.

Emakumeen statusa eta autodeterminazio sozial eta ekonomikoa funtsezkoak dira horrelako arazoei aurre egiteko.

Emakumea autodeterminazio bila

Garapen bidean dauden herrialde guztietan gertatzen ari diren aldaketek emakumearen egoera baldintzatzen (ez beti onerako) dute. Merkataritzan eta Nekazaritzan partaidetza handia izan du eta merkatu formalean ere sartzen ari da, baina emakumeek gizonezkoek baino segurtasun ekonomiko txikiagoa dute. Alde batetik, lan-merkatura sartzeko eta baliabide produktiboak eskuratzeko aukera gutxiago dituztelako (hainbat herrialdetan oraindik, adibidez, emakume alargunak famili lur izandakoak lantzeko eskubidea galdu egin dezake, eta jarraitu nahi badu, senarraren anaiarekin ezkondu behar du) eta bestetik, normalean sartu eta gero ere iharduera hori ama eta emazte izatearekin batera eraman behar duelako.

Bestalde, emakume gazte asko balore tradizional mordo baten sareetan kateaturik dago oraindik. Balore horien arabera ugalketa da funtziorik nagusiena, gainerako iharduerei inolako garrantzirik ematen ez zailerik. Beren statusa ama bezala duten arrakastaren menpe dago ia soilik. Eta arrakasta ezezik baita segurtasuna ere; seme-alabak (eta semeak nagusiki) izan bait dira geroko babesa bermatzeko bidea. Praktika hauetako askok mendeetako tradizioa izan dute eta guztiz txertaturik daude gizarte-egituran, emakumearen menpekotasunerako arrazoi asko positibotzat ere hartu izan delarik.

Praktika guztien ondorioz segurtasun eza izan da emakumeak jasan beharrekoa, segurtasun ezaren ohizko beste arrazoi batzuk tradizionalki ondokoak izan direlarik: egoitza-aldaketa (ezkontzerakoan, bizitzera senarraren etxera joan beharra, senarraren eta bere familiaren menpe geratuz), ezkontza goiztiarrak (senarra normalean zaharragoa), antzutasuna, zahartzaroa, nesken diskrimazioa (osasunean, hezkuntzan, etab...), desnutrizioa, adoslezentziako haurdunaldiak, ama izatearen arriskuak (goizegi, beranduegi, gehiegi eta jarraian izateagatik).

Ohizkoak diren arrazoi horiei berriki agertutako beste batzuk gehitu behar zaizkie: ingurunearen ezegonkortasuna, horren ondorioz gertatzen diren migrazioak eta merkatal kultiboen indartzea (lehen emakumeek egiten zituen lanak, gizonezkoen eskuetara pasatu dira).

Ingurunearen ezegonkortasuna

“Gaztetan, goizean goiz basora joaten ginen ezer jan gabe. Han baiak eta basa fruituak ase arte jan eta banj-aren sustraietan metatutako ur freskoa edaten genuen. Berehala jasotzen genituen behar genuen belarra eta su egurra. Orain zuhaitzak desagertu egin dira eta beraiekin gainerako guztia.” Indiako Uttarrakhand mendietaz emakumeek kontatzen dutena ohizko gertakizun bilakatu da. Duela gutxi arte, beren premiak asetzeko beharrezkoa inguruko lurretan aurkitzen zuten. Gaur egun ordea kilometro ugari egin behar izaten dute etxea hornitzeko.

Gaur egun, 11 milioi hektareako baso tropikalak botatzen ari dira; haize eta euriagatiko higadura 26 mila milioi tona lur herrastan eramaten ari da; urtero, 6 milioi hektareako basamortu berria sortzen ari da; gatz metaketak eta ur egonkortuek planetako ureztapen-soroen erdia arriskutan jartzen dute.

KOSTUA

Famili plangintza nahi duten emakume guztien esku jartzeak, 2000. urterarte 2.000 milioi dolarreko gastu gehigarria eskatuko luke. Zifra hau, EEBBetan urtebetean tabakoaren gaineko publizitate-gastua baino txikiagoa da.

Ondoriorik larrienak pertsona indibidualak (biztanlerik txiroenek nagusiki eta emakumeek bereziki) jasaten dituzte. Emakumeak dira urtetik urtera distantzia luzeenak egin behar dituztenak, gero eta baso txikiagoetan egurra biltzeko. Ordu luzez ibili behar dute kutsatu gabeko ura aurkitzeko. Beraiek dira azken finean ingurugiroaren degradazioak eta kutsadurak beren familien osasunean sortzen dituzten ondorio larriei aurre egin behar dietenak.

Eta okerrena zera da: landa-biztanleriaren presioa narriadura honen eragile badela, baina errudun nagusiena zur-esplotazio eta merkatal kultiboentzako luberriak ugaltzeko egiten den baso botatzea da. Kanpoko interferentziarik ezean, ohizko komunitateek ingurunearekiko oreka mantendu egiten dute; besterik ezean bere menpe bait dute eta birjar dezaketena baino baliabide gehiago ez kontsumitzen saiatzen dira.

Biztanleri hazkundeak eta uzta ona lortzeko gero eta txiroagoak diren lurrek jartzen dizkieten zailtasunak direla eta, herrietako biztanleek hirietara jotzen dute lan bila. Itxuraz, herrietatik ihes eginez gero, ingurune ahul horrekiko presioa arindu egin beharko litzateke, baina ez da horrelakorik gertatzen; hirietako premiek are eta presio handiagoak ezartzen bait dituzte. Afrikan adibidez, hirietako biztanleen zur- eta ikatz-kontsumoak herrietako biztanle guztienak baino eragin handiagoa izan du zur-erreserbatan. Sahel eskualdeko hiri handi guztiak (Ouagadougou, Dakar, Niamey) suntsipen-eraztun itzel banaz inguraturik daude.

Lurrik ezak, erregai-eskasiak, kutsadurak eta emigrazioak areagotu egiten dute emakumeek etorkizunarekiko duten segurtasun eza. Askok, beren etorkizuneko segurtasuna are gehiago larriagotzen duten ekintzak burutzera beharturik egoten dira; hala nola,egur-eskasia dagoen herrialdeetan simaurra erregai bezala erabiltzen dute ongarri bezala erabili ordez, nahiz eta gaur jateagatik biharko elikagaiak hipotekatzen ari direla jakin.

Gomendioak

Labur-labur, ondokoak dira Nazio Batuen Biztanleri Fondoak Gobernuei eman dizkien gomendioak:

  1. Emakumeak garapenari egiten dizkion ekarpenak dokumentatu eta zabaldu beharra.
  2. Emakumearen produktibitatea hobetzea eta bere gain dagoen lan bikoitza arintzea.
  3. Famili plangintzako zerbitzuak ematea.
  4. Emakumearen osasuna hobetzeko baliabideak eskaintzea.
  5. Heziketa hobetzea.
  6. Aukera-berdintasuna.
  7. 2000. urterako helburuak.

Gomendio hauek praktikan jarriko direla bermatzeko ondoko helburu zehatzak ezarri dira 2.000 urterako.

  • Famili plangintzazko programatarako nazioarteko laguntzak, urtero 500etik 2.500 milioi dolarrera gehitu.
  • Famili plangintza garapenerako lehentasun osokotzat hartu, ekonomi inbertsio handiekin parekatuz. Herrialdeen BPGaren %1 gutxienez horretarako esleitu beharko litzateke.
  • Famili plangintzako zerbitzuak, beren erabiltzaileak 500 milioi emakume izatera iritsi arte hedatu.
  • Pertsona guztiek, osasunaren oinarrizko atentzioa eta famili plangintzako zerbitzuak bizi diren tokitik gertu izan ditzatela ziurtatu.
  • Emakume guztiak haurdunaldi bakoitzean gutxienez behin atentzio-zentruan zainduak izan daitezen bermatu.
  • Amen heriotza gutxienez %50 murriztu.
  • Urtebetetik beheragoko haurren heriotza, bizirik jaiotakoen %50era murriztu.
  • Nesken lehen mailako irakaskuntzako matrikulak gutxienez %75eko tasa lortu arte gehitu.
  • Bigarren mailako irakaskuntzan, 2000. urtean, nesken matrikulazioa gutxienez %60 izan dadila lortu.
  • Emakumeen analfabetismoaren aurka ihardutea, gutxienez biztanleri femeninoaren %70 alfabetatu arte.

Biztanleriaren eremuaz gain, helburu hauek garapenaren alorrean helburu espezifikoak dituzten erakunde eta organizazioei ere badagozkie. Arrakasta izateko guztien arteko elkarlan koordinatua nahitaezkoa dela diote.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia