17-47 milioi tona plastiko isuri dira Ozeano Atlantikora

2020/08/18 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Brian Yurasits/Unsplash

Ikertzaile-talde batek Ozeano Atlantikoan dauden polietileno-, polipropileno- eta poliestireno-mailak neurtu ditu. Nature Communications aldizkarian aurkeztutako emaitzen arabera, ozeanoaren azaleko lehenengo 200 metroetan 12-21 milioi tona mikroplastiko daude.

Hiru plastiko-mota horiek dira ingurumenean gehien zabalduta daudenak, eta, gutxi gorabehera, munduan ekoizten diren plastikoen erdia suposatzen dute. Horregatik, ikertzaileek uste dute ozeanoan dagoen plastiko-kopurua neurtutakoa baino handiagoa dela. 1950-2015 urte tartean sortutako hondakinen inguruko datuak oinarri, kalkulatu dute orain arte Ozeano Atlantikoak 17-47 milioi tona plastiko jaso dituela.

12 tokitan bildutako laginak erabili dituzte zenbatespena egiteko, iparraldetik hegoaldera 10.000 kilometroz zabaltzen den ibilbide baten barruan. Puntu bakoitzean, hiru sakoneratara hartu dituzte laginak, 25 mikrometrora arteko bereizmenarekin. Azaletik gertuagoko sakoneran, ur metro kubiko bakoitzeko 7.000 plastiko-partikula neurtzera iritsi dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia