}

150 milioi volteko deskarga elektrikoak

2001/08/27 Elhuyar Zientzia


Ostiralean, tenperatura eta giroko hezetasun erlatiboa erlazionatzen dituen taula erakutsi genizuen, eta ziur asteburu honetan batek baino gehiagok lagunartean komentatzeko aukera izan duela. Izan ere, azkeneko egunotan izan dugun sargoria ez da, ez, makala izan.

Baina, gehienetan ohi duenez, sargoria ez da bakarrik etorri, eta ekaitzaren bisita ere izan dugu. Toki batzuetan egundoko zaparradak bota ditu, eta beste batzuetan lau tanta potolo baino ez dira erori. Baina, dena dela, ziur batak zein besteak giroa apur bat freskatzeko balio izan duela.

Egun sargorietan, aireko hezetasuna nabarmena izaten da eta lurraren azala bero-bero egoten da. Egoera horretan, atmosferan hainbat prozesu gertatzen dira eta, azkenean, behealdea negatiboki eta goialdea positiboki kargatuta duten hodeiak eratzen dira. Behealdeko karga negatiboa oso handia denean, lurraren azaleko karga negatiboak aldaratzen ditu, eta lurraren azala positiboki kargatuta geratzen da.

Azkenean, hodeiaren eta lurraren arteko potentzial-diferentzia hain da handia, ezen hodeiaren inguruko airea apurtu egiten da nolabait, ionizatu. Orduan, korrontea airean zehar hedatzen da, kargen banaketa neutralizatu ahal izateko. Airean, deskargaren hedatze-abiadura 30.000 eta 160.000 km/s bitartekoa izan daiteke. Gertatzen denean, airea horrenbeste berotzen da ze, azkenean, argitasun handia ematen baitu. Eta, hara!, tximista!

Baina tximista ez da inoiz isil-isilik etortzen. Airea hain bortizki hedatzen denez, presio-uhin bat sortzen da, eta uhin horrek trumoia sorrarazten du. Guri, entzuten dugunean, burrunba egiten duela eta errepikatu egiten dela iruditzen zaigu, hodeiaren oinarrian hasi eta gero eta hurbilago entzuten dugun zarata sumatzen dugulako. Gainera, hots hori oztopo natural eta artifizialengatik gertatzen den oihartzunarekin nahasten da. Baina, lasai, 150 milioi volt inguruko deskarga baino ez da!

Informazio gehiago:

Tximista: 150 milio volteko deskarga elektrikoa

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia