1.200 km-ra bi fotoien arteko korapilatze kuantikoa mantentzea lortu dute
2017/06/14 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Korapilatze kuantikoa izeneko fenomenoan bi partikula kuantikoki korapilatzen dira, eta, ondorioz, bata manipulatuta bestean eragiten da. Ezaugarri hori ustiatu nahian dabiltza aspaldian fisikariak, interes handia izan dezakeelako informazioa transmititzeko komunikazio-sare gisa erabiltzeak. Baina zailtasun handiak daude, partikulak elkarrengandik urrundu ahala, gero eta zailagoa baita korapilatze kuantikoa mantentzea. Duela 14 urte, korapilatze hori Danubio ibaiaren bi aldeetaramantentzea lortu zuten; duela 5 urte, 100 km-ra; eta, oraingoan, 1.200 km-ko distantzia lortu dute txinatar zientzialari batzuek.
Science aldizkarian argitaratu dute lan berria. Laser-izpi bat satelite batean zegoen kristal batera bideratu zuten, eta kristal horrek korapilatutako fotoi-pareak sortu zituen. Fotoi-pare horiek banatu eta elkarrengandik 1.200 km-ra zeuden Tibeteko bi puntutara bideratu ziren. Mila fotoi-pare baino gehiago jaso dituzte modu horretan, eta neurketek iradokitzen dute korapilatuta jarraitzen zutela.
Komunikazio-sare gisa badu zer eskaini efektu honek. Izan ere, korapilatutako bi partikulen artean ez dagoenez ezer lotzen dituenik –ez dago konexio fisikorik–, beste inork ezingo luke komunikazio horretan eragin eta informazioa eskuratu. Korapilatutako partikula-parez osatutako sare global bat lortuko balitz, munduko edozein tokirekin komunikatu ahal izango genuke, baina horretarako funtsezkoa da korapilatze hori gero eta distantzia handiagoetara egin ahal izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia