1. Sistema konplexua denez, begirada osagarriak integratu
2023/06/07 Elhuyar Zientzia
Gainbehera global baten aurrean dago planeta: klima-larrialdia, biodibertsitatearen galera, kutsadura, baliabide naturalen xahutzea, gizarte-desberdinkeria globala eta zaintzen krisia dira haren sintoma batzuk. Ez da ingurumen-krisi soil bat; krisi sozial, ekonomiko eta sanitarioak gurutzatzen zaizkio. Krisi ekosozial konplexu baten aurrean gaude.
Haren jatorri eta eraginak askotarikoak direnez, diziplinartekotasuna ezinbestekoa da egoera ulertzeko eta konponbideak bilatzeko. Begirada horiek guztiak integratu behar ditu ingurumen-larrialdiaren komunikazioak ere: osasuna, ingurumena, arlo ekonomikoa, soziala, teknologikoa, filosofikoa, politikoa, psikologikoa, ekologikoa, etikoa…
Askotan, faktore sozioekonomikoek, ingurumenekoek eta abarrek elkarri eragiten diete, eta interakzio horrek areagotu egiten ditu ondorioak. Sindemia deitzen zaio horri, zenbait epidemiaren arteko sinergia gertatzen delako. COVID-19a izan da adibide bat, osasun-krisia, ingurumen-krisia eta krisi soziala elkartu baitziren, OMEren arabera. Neurri medikoak bakarrik hartzea ez zen nahikoa izan; ezinbestekoa zen neurri sozialak, ekonomikoak, ekologikoak eta politikoak ere hartzea. Ingurumen-larrialdiaren kasuan ere, horietatik guztietatik heldu behar zaio.
Diziplinartekotasuna eta zeharkakotasuna ez dira nahikoa, ordea. Intersekzionalitatearen ikuspegia ere txertatu behar da. Larrialdiari aurre egiteko proposamenak egitean, galdera hauek egitea komeni da: Norentzat dira onurak? Nork proposatu ditu? Zertarako proposatu dira? Badakarte kalterik norbaitentzat?
Hori egin ezean, litekeena da proposatzen diren irtenbideak botere-harreman batetik egitea, eta ez kontuan hartzea mendebaldeko kultura eta ikuspegia, maskulinitatea, heteronormatibitatea, aberastasun ekonomikoa eta zuritasuna gorpuzten ez duten pertsonen errealitateak. Inor atzean utziko ez duten proposamenak direla ziurtatzeko, ikuspegi intersekzionala txertatu: generoa, etnia, klase soziala, adina, orientazio sexuala, desgaitasunak eta beste kategoria sozial batzuk elkarrekin nola gurutzatzen diren aztertu, ez daitezen diskriminazio-egoera anizkoitzak gertatu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatutako proiektua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia