Errinozeroak airean
2012/02/01 Elhuyar
Lasaigarria eman, begiak bendatu, eta, hanketatik zintzilik, helikopteroz garraiatu zituzten 19 errinozero beltz Hego Afrikako WWF erakundeko kideek. Horixe da lur gorabeheratsuetan garraiatzean errinozeroek ahalik eta gutxiena sufritzeko aurkitu duten modurik onena. Hamar bat minutuko hegaldiak izan ziren, kamioiak zain zeuden lekuraino. Eta handik aurrerakoa kamioiz, Lurmutur Ekialdetik, Limpopora, 1.500 km guztira.
Errinozero beltza hedatzeko proiektua 2004an hasi zenetik, 120 errinozero inguru garraiatu dituzte. Hasieran, dena kamioiz egiten zuten, edo sareetan bilduta eramaten zituzten helikopteroz. Baina proiektuan parte hartzen duten albaitari guztiek uste dute askoz hobe dela txorkatiletatik lotuta airean eramatea: kamioian lur gorabeheratsuetan ibiltzea saihesten da, baita sareekin izaten diren arnasketa-arazoak ere; lasaigarrien eraginez leku zailetan erori direnak hartzea errazagoa da, eta azkarragoa ere bai.