Zer da hiesa?

Hiesa eta GIBa zer diren azaltzen da.

Hiesa: hartutako immunoeskasiaren sindromea
Hiesa, izatez, gaixotasun multzo bat da. Izugarri murrizten da gorputzaren defentsarako T linfozitoen kopurua, eta, ondorioz, hainbat gaixotasun oportunista agertzen dira, bakterioek, onddoek eta abarrek eraginda. Guztira 20tik gora gaixotasun baliatzen dira hiesak jota dagoenaren ahuleziaz.

GIBa: giza immunoeskasiaren birusa
Giza immunoeskasiaren birusak eragiten du hies gaixotasuna.
Birus guztiak, GIBa zein beste edozein birus, oso partikula sinpleak dira. Badituzte beren kopiak egiteko informazioa duten geneak, baina birusek ez dute nahikoa mekanismo beren kabuz ugaltzeko. Egiten dutena da, infektatzen dituen zelulen makinariaz baliatu ugaltzeko: birusa gaixoaren zelulan sartu, haren ugalketa-mekanismoak abiarazi, eta milaka birus berri sortzen dira jatorrian birus bakarra zegoen tokian. Milaka birus berri horietako bakoitzak, era beran, gaixoaren beste hainbeste zelula infektatzen dituzte.

Horrela jokatzen du gripeak, esaterako, gaixoaren gorputzak erreakzionatu, defentsarako berariazko zelulak sortu, eta birusari aurre egiten dion arte.

GIBak, ordea, ez du gorputzeko edozein zelula infektatzen: hain justu, gure gorputzaren defentsa-erantzunaz arduratzen diren zelulak infektatzen ditu. T linfozitoak erasotzen ditu.

Ondorioa oso larria da: gorputzak ezin dio aurre egin ez GIBari, ez eta beste hainbat gaixotasun arrunti ere; azkenean, gaixoa hainbat gaitzek jota hiltzen da, tratamendurik jaso ezean.

Pertsona bat birusarekin infektatzen denean, sintomak ez dira agertzen 5-10 urte pasatu arte. Denbora horretan, pertsona seropositiboez hitz egiten da. Denbora hori gaindituta, normalean, sintomak agertzen dira, eta orduan esaten da pertsona hori hies gaixotasunak jota dagoela.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali