Zementu autogarbigarria

Eraikuntzek ere pairatzen dute denboraren joana. Eraiki berritan, garbi, distiratsu eta lirain egoten dira, baina, urteak aurrera joan ahala, zahartu, ilundu egiten dira eta, maiz, ez dute itxura ona ematen. Arazo horri aurre egiteko, Cementos Rezola enpresak produktu berri bat sortu du: zementu autogarbigarria.

Neurri batean edo bestean, guztiok ahalegintzen gara gure itxura zaintzen, eta batzuetan, denboraren joanak gugan sortzen dituen arrastoak disimulatzen ere saiatzen gara. Argi dago estetikaren balioari garrantzia ematen zaiola.

Eraikuntzek ere pairatzen dute denboraren joana. Eraiki berritan, garbi, distiratsu eta lirain egoten dira, baina, urteak aurrera joan ahala, zahartu, ilundu egiten dira eta, maiz, ez dute itxura ona ematen. Arazo horri aurre egiteko, Cementos Rezola enpresak produktu berri bat sortu du: zementu autogarbigarria.

Zementua ere, modari jarraiki, gaztetasun eta edertasun etengabearen bila dabil.
Askotan ohartu izan gara: eraikinek, egin berritan itsura ederra izaten dute, baina, urte gutxiren buruan, gehienek beren distira galdua dute, eta ez dira, jada, hain deigarriak. Materialak zahartu, eta, batez ere, zikindu egiten dira.

Zikinkeria edo kutsadura horren iturri nagusia giza-jarduera da. Konbustio-motorra duten ibilgailuak, industria, zentral termikoak, etxeetako berokuntza eta hainbat nekazal-ustiategi  dira kutsaduraren iturri nagusiak. Ondorioz, sufre dioxidoa, nitrogeno oxidoak eta karbono monoxidoa, adibidez, nahi baino gehiago daude atmosferan. Eta horiek elkarrekin erreakzionatzean, ozonoa, bentzenoa, nitrogeno dioxidoa, gai azidoak eta abar sortzen dira. Horietako asko, eraikinetako gainazalean metatzen dira goroldio, liken eta mota guztietako hauts-partikulekin batera.

Gauzak horrela, Italcementi taldeak berez garbitzen den hormigoia lortzeko bideari ekin zion duela hamar urte, Europa guztiko hainbat erakunde publiko eta pribaturekin batera.

Jabier Barrenetxea; Cementos Rezola.

Aipatutako kutsatzaile horiek eraikinetan metatu bai, baina berez, modu naturalean degradatu ere egiten dira. Eguzki-argiak eta argi ultramoreak oxidazio-erredukzio erreakzioak abiarazten ditu; ondorioz, gai organiko asko desegin egiten da. Adibide ezagun bat plastikoena da: eguzkitan denbora asko egonez gero, plastiko asko zahartu, zurrundu eta hauskor bilakatzen da. Oxidazio-prozesu hori, ordea, oso geldoa da, eta, gehienetan, kutsatzaileen metatzea degradazioa baino azkarragoa da.

Baina katalizatzaile bat erabiltzen bada, erreakzioak azkartu egin daitezke, eta hori da Italcementikoek egin dutena: hormigoiaren gainean metatzen den kutsadura desegiteko, fotokatalizatzaile bat erabili dute. Hau da, argiak eragitean oxidazioa azkartzen duen gaia nahastu diote hormigoiari.

Jabier Barrenetxea; Cementos Rezola. Italcementi Group

Hasieratik titanio oxidoan jarri zuten arreta. Izan ere, titanio oxidoa lehendik ere erabiltzen da pintura, plastiko, kosmetiko eta abarretan pigmentu zuri moduan. Eta berez garbitzen beiratan ere erabiltzen da lehendik.

Hala ere, titanio oxidoa ezin da bere horretan erabili eta aldaera egokia bilatu behar izan dute, eta ondoren, hormigoian txertatuta emaitza egokiak dituela ziurtatu.
Horretarako, laborategian fotokatalizatzailearen eragina neurtu dute. Esaterako, hormigoi arrunta eta fotokatalizatzaileduna errodamina koloratzaileaekin zikindu dituzte. 30 ordu inguru argitan edukita, fotokatalizatzailedun hormigoiaren kolorea, zikindu gabeko hormigoiaren ia bera da.

Baina fotokatalizatzailedun hormigoia bere burua garbitzeko gai izateaz gai, inguruko airea garbitzekoa ere badela ikusi dute.

Jabier Barrenetxea; Cementos Rezola. Italcementi Group

Laborategian, kamera itxiekin egin dituzte halako esperimentuak. Batean nitrogenoa oxidoaren kontzentrazioa zenbateraino murrizten den neurtu dute. Fotokatalizatzailedun hormigoiarekin %91 arteko nitrogeno murrizketa neurtu dute, kondiziorik onenetan, esperimentua abiatu eta 6 ordu eskasera.
Beste kamera batean ere atmosferako airea pasarazi dute fotokatalizatzailea duen hormigoi zatien gainetik eta kanporatutako aireak sartutakoaren kutsatzaileen % 30 besterik ez du.

Laborategian emaitza txukunak lortuta, kanpoan egin dituzte hurrengo probak. Kaleko kondizioak simulatzeko kamioi kontenedoreak erabili dituzte, Frantziako CGT laborategien alboan. Bi kale erabili dituzte, batean, paretak ohiko hormigoiarekin estali dituzte; bestean fotokatalizatzailedun hormigoiarekin. Bietan, motor baten kea isurtzen duen hodi bana jarri dute, bai eta nitrogenoa, osagai organikoak eta datu klimatologikoak neurtzeko tresnak. Emaitzak oso aldakorraik izan dira: haizearen, hezetasunaren, aireko partikula-kopuruaren eta beste hainbat aldagairen araberakoak, hain zuzen. Hala ere, fotokatalizatzailedun hormigoiaren metro karratu bakoitzeko 200 metro kubiko aire garbitu daitezkeela neurtu dute.
Azkenik, Italiako Segrate eta Caluso-ko kaleetan zoladura zatiak jarri dituzte eta emaitzak errepikatu egin dira.

Jabier Barrenetxea; Cementos Rezola. Italcementi Group

Produktu berria da, iaz Frantzia eta Italian merkaturatu zena eta aurten Espainian. Hala ere badaude Tx Active hormigoiarekin egindako dozena erdi eraikin 2000 urtetik hona, eta, oraingoz beren jatorrizko koloreari eusten diote, eraikinaren kanpo aldeko hormigoi plaketan txertatutako fotokatalizatzaileari esker.
Egia esan, dituen ezaugarriak ikusita, produktu berriak inguruneko kutsadurari aurre egiteko balio dezake eraikinek beren burua garbiteaz gain, baina, egia esan, orain arte eman zaion erabilera estetikoa izan da nagusiki.

Zementu autogarbigarria

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali