Uranio-meategiak; Itxi eskolak; Atrakzio-parke berdea; Robotak lehian; Hiesaren datuak

Uranio-meategiak
Greenpeacek adierazi duenez, Nigerreko Akokan hiriko biztanleek ohi baino erradiazio-tasa handiagoak jasaten dituzte egunero. Akokanen Frantziako Areva enpresa nuklearrak uranio-meategi bi ustiatzen ditu. Duela bi urte, Frantziako laborategi batek meategiko hondakin erradiaktiboekin arazoak zeudela aurkitu zuen. Garbiketa egin ondoren, erradiazio-arrasto guztiak ezabatu egin zirela adierazi zuen Areva enpresak. Greenpeacek, orain, neurketak egin ditu herriko 11 puntutan, eta ikusi da 7tan erradiazio-maila esanguratsua dagoela.

Itxi eskolak
Belgikako bi unibertsitatek egin duten ikerketaren arabera, gaixotasun infekzioso baten pandemia gertatuko balitz eta eskolak itxiko balira, kutsatze-kasuak % 21 jaitsiko lirateke. Ikerketa egin dutenek diotenez, haurrak patogeno ugariren barreiatzaile izaten dira, batez ere kontaktu asko eta intimoak izaten dituztelako, eta higiene-ohiturengatik. Europako 8 herrialdetan egin da ikerketa.

Atrakzio-parke berdea
Kopenhagengo Tivoli parkean ohitura da Gabonak iragartzeko milaka bonbilla piztea. Ekitaldi klasikoa den arren, aurten berrikuntza izan du, ohiko goritasun-bonbillak kontsumo gutxiko bonbillez ordezkatu dituzte-eta. Atrakzio-parke honek parke berdearen sona du, eguzki-paneletan eta energia-kogenerazioan oinarritutako sistema elektrikoak dituelako, eta birzikla daitezkeen materialak erabiltzen dituelako.

Robotak lehian
40 talde baino gehiago batu dira Japoniako Yokohama hirian urtero egiten den roboten lehiaketan. Robot-kategoria bat baino gehiago izan da lehian. Deigarrienetako bat lego-piezaz osatutako roboten lehiaketa izan da. Propio prestatuko zirkuitu batean egin diren lasterketetan hartu dute parte. Agerikoa denez, ikusleek gozatu egin dute lasterketekin.

Hiesaren datuak
ONUSIDAk eta Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratu duten HIESa 2009 txostenak dio GIBaren prebentzio-programak eragina izaten ari direla. Datu berrien arabera, azken 8 urteotan % 17 jaitsi dira GIB birusaren infekzio berriak. Beste datu batek dio munduan GIB birusarekin bizi diren 33 milioi pertsona baino gehiago dagoela. Inoiz izan den kopururik handiena da.

Uranio-meategiak; Itxi eskolak; Atrakzio-parke berdea; Robotak lehian; Hiesaren datuak

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali