Internet dagoenetik, musika entzuteko modua asko aldatu da: jada ez ditugu zintak edo CDak ia erabiltzen, MP3 eta horrelako audio fitxategiak baizik. Eta horiek lortzeko modu asko daude.

Kantak eta albumak eros ditzakegu iTunes eta antzeko denda birtualetan, eMule eta era horretako P2P programen bidez deskarga daitezke, edo gure gustuko musika jartzen duen irrati bat sor dezakegu, Last.fm eta halako webguneetan. Baina azkenaldian modan dagoena da Spotify-ren bidez entzutea musika.

Nolabait esateko, diskoetxeen baimenarekin nahi duzun musika entzuteko modu bat da Spotify. Hasieran, programa bat instalatzeko eskatzen dizu. Gero, Internetera konektatuta zaudenean, aukeratzen duzun musika entzun ahal izango duzu.

Aukeratutako kantekin erreprodukzio-zerrendak sor ditzakezu, eta zure lagunekin partekatu. Ordaindutako bertsioak, gainera, kanta-zerrenda horiek konektatuta ez zaudenean ere entzuteko aukera ematen du.

Spotify erabiltzeko gonbidapen bat jasotzen baduzu, dohainik erabili ahalko duzu. Hori bai, iragarkiak entzun beharko dituzu tarteka. Bestela, eguneko euro bat edo hileko 10 euro ordaindu beharko duzu.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali