Boxeolari ohia, nazioarteko boxeo-arbitroa eta telebista zein irratiko esataria ere bada Manu Maritxalar. Nagore Rementeria lankideak Donostian, Anoetako Boxeo elkartean egin du harekin hitzordua, eta boxeoko teknikez, eskularruen bilakaeraz eta, nola ez, kolpe mingarrienez ere hitz egin digu.
Soken kontra
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Gaur Manu Maritxalar soken kontra jartzen saiatuko gara.
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Ez, ez, ez, gaur soketatik kanpo gaude.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Manu, badakizu Teknopolisen atal honetan kirolen teknologiari buruz edo zientziaren ikuspegiari buruz hitz egiten dugula. Boxeoak badu halakorik?
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Bai, inolako zalantzarik gabe. Nahiz eta jendeak kontrakoa pentsatu (mutur-joka aritzea dela), teknika oso landu bat du, eta teknika landu horrek etekinak ematen ditu. Besteak beste, boxeoaren lehen helburua: jo eta ez jasotzea.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Ringean boxeolariak dantzan ikusten ditugu, hanka-jokoan. Zertarako da dantza hori?
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Alde batetik, ahal den neurrian zu harrapatzea eragozteko aurkariari. Zenbat eta azkarragoa, arinagoa, izan, gehiago kostatuko zaio bere kolpeak sartzea. Eta, aldi berean, zu saiatzen zara zure bideak irekitzen zure ukabilkadak sartzeko. Behatz loditik irtengo da kolpea, igotzen joango da indarra eta, horrela, zure indar eta inertzia guztiarekin lortuko duzu esku hori sartzea.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Aurkaria jotzea garrantzizkoa izango da, baina babestea gehiago; horregatik dauzkazue hain arau zorrotzak.
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Guk kirola ikusi nahi dugu. Eta bi kirolarik sasoirik onenean egin dezaketena ikusi, eta ikuskizun hori da eskertzen duguna; ez goi-mailako bi kirolari arrastaka ikustea. Alde horretatik aldaketak izan dira. Prestakuntzan ere aldaketa handiak izan dira. Lepoa ikaragarri lantzen da ikusi delako atal hori landuta lesio gutxiago izaten direla. Guanteetan ere aldaketak izan dira: gaur egungo guanteek hatz lodia lotuta daramate, zeren garai batean aurkariari hatz lodia begian sartzen zioten; AEBetan oso zabaldua zegoen. Jendeak ez daki, baina guanteak aurkaria babesten du.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Ez jotzen ari dena, baizik eta aurkaria.
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Hori da, askoz eraginkorragoa zara guanterik gabe guanteekin baino. Bendajeak bai, bendajeak zu babesten zaitu.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Hori esan behar nizun: boxeolariak lehenengo benda bat dauka, eta gero eskularrua.
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Zure eskua babesteko bendajea. Horrela, jotzen duzunean eskua gogorrago izango duzu eta eskumuturra babestu egingo dizu. Hatz-koskorrak ere babestu egingo dizkizu. Horiek dira gehien sufritzen dutenak jotzeko garaian. Guanteak dira borroka ahalik eta eramangarriena izan dadin.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Denboran luzatzeko?
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Bai, bestela zauriak irekiko litzaizkieke bai bati eta bai besteari, eta konbatea bertan behera geratuko litzateke.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Gaur egun, kirol gehienetan odol-tanta bat ikusi orduko kirolariak zelaia utzi behar izaten du, edo partidua gelditu egiten da. Boxeoan ez, ezta?
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Hiesaren ondorioetariko bat da. Boxeoan ez, baina boxeolari guztiak behartuta daude hiesaren proba eta beste gaixotasun batzuenak (hepatitisa eta abar) egitera. Odola ez da beste kirol batzuetan adina mozten, baina kontrola handiagoa da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zer kolpe dira mingarrienak, gorputzeko zein ataletan?
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Mingarria benetan... bat: gibelean jasotako gantxoa. Horrek min egiten du, benetako mina. Gainera, gantxoa sartzen dizutenean ez duzu oinazerik sentitzen, baina handik segundo batera edo bira doblatu egiten zara, ezin duzu arnasa hartu, benetako oinazea sentitzen duzu, eta lurrera joaten zara.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta sudurrekoak?
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Ez, normalean kolpe horiek ez dituzu sentitzen, buruan eta aurpegian hartutakoak. Kolpe ikaragarria bada eta sudurra hausten badizu agian bai, baina normalean aurpegian jasotakoak ez dituzu sentitzen.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kolpe mingarrienetako bat gibelean bada, horrek esan nahi du ezkertiek bentajaren bat badutela, ezta?
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Bai, benetan aldrebesak dira. Ez daitezela gurekin haserretu baina aldrebesak dira. Teknika desberdina dute, guardia desberdina... eta zu ez zaude ohituta.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Horiek kolpe mingarriak. Eta K.O. uzten dutenak?
MANU MARITXALAR; boxeo-epailea: Kolpe eraginkorrak? Bada, aipatu dugun gibeleko gantxoa, sabel azpian sartutako gantxoa... ez da hain mingarria baina eraginkorra da aurkariari arnasa mozten diozulako, hauspoa betearazten diozu. Eta errazen jotzen direnak goialdekoak dira, matrailezurretik gorakoak. Garunean eragin handiena duten kolpeak matrailezurrean jotakoak dira: garunak garezurrarekin txoke egiten du atzerantz joaten denean eta gero bueltan aurrerantz datorrenean. Eta hori izaten da K.O.aren arrazoia.
Soken kontra
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian