Psoriasia sendatzen al da? Horra hor gaurko galdera, zuzen-zuzenean eginda. Galdera egin digun Eli Etxezarragak, hala ere, beste zerbait ere gehitu digu. Honela dio: aspalditik dut psoriasia, eta beti esan izan didate ezin dela sendatu, baina niri joan egin zait. Sendatzen al da psoriasia?

Ba sentitzen dugu esatea, Eli, baina psoriasia ez da sendatzen. Batzuetan gertatzen da denbora batez berez desagertzen dela, baina lehenago edo geroago berriro agertzen da. Seguruen horrelako zerbait gertatuko zitzaizun.

Psoriasia larruazaleko zelulen hazkunde-akats baten ondorioa da. Larruazaleko zelulak azal barruan hazten dira eta, gutxi gorabehera, hilean behin azaleratzen dira. Psoriasia duten pertsonetan prozesu hori bizkorrago gertatzen denez, zelula hilak azal gainean pilatzen dira. Horregatik agertzen dira ezkatak, larruazalaren orban gorrixkak eta abar.

Gaixotasun arrunta da psoriasia eta, inoiz kontrakoa pentsatu bada ere, ez da kutsagarria. Herentziaz jasotakoa da, gurasoek seme-alabei emana, eta, lehen esan bezala, sendaezina. Hala ere, kasuak oso larriak ez badira, hainbat krema erabilita eta higiene-neurri egokiak hartuta tratatzen dira, eta bizimodu normal-normala egiten da. Hortik aurrerako lanak, beti bezala, medikuarentzat.

 

 

Psoriasia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali