Mapa geologiko berria; 5000 itsas-espezie berri; GIB-aren mutazioak saihestu nahian; Hamarkada beroena

MAPA GEOLOGIKO BERRIA
Aiako Harriak, Jaizkibel eta Oarso eskualdearen mapa geologikoa aurkeztu berri da. Hiru dimentsioko itxura du, eta eskualdearen ondare geologiko eta paleontologikoa erakusten du. Paisaia eta egitura geologikoak aurkeztu eta eskualdeko animalia-landareen hondar fosilen berri ere ematen du mapa koloretsuak. Oiartzungo Ikusgune Geologikoak, Luberrik eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean egin dute, eta historia geologikoan 400 milioi urte atzera egiteko aukera eskaintzen du.

5000 ITSAS-ESPEZIE BERRI
Itsas Biziaren Zentsuak 5.000 espezie berri aurkitu ditu. Besteak beste, izaki arraro eta koloretsuak eta medikuntzan erabil daitezkeen produktu kimikoak sortzen dituzten organismoak aurkitu dituzte. Hamar urtean aurkitutako espezie ikusgarrienen irudiak erakutsi dituzte ikertzaileek, tartean izendapen zientifiko berria jaso duen karramarro bat. Azken hamar urtean bi mila zientzialarik parte hartu dute egitasmo honetan, eta azken txostena urrian aurkeztuko dute.

GIB-aren MUTAZIOAK SAIHESTU NAHIAN
Scripps Ikerketa Institutuko ikertzaile-talde batek hiesaren birusaren mutatzeko moduarekin zerikusia duten bi konposatu berri aurkitu ditu. Aurkikuntzaren ondorioz, ikertzaileek espero dute birusaren mutazioak saihesteko bide berriak irekitzea. Munduko Osasun Erakundearen arabera, gaur egun munduan 33 milioi pertsona bizi dira hiesaren birusak infektatuta.

HAMARKADA BEROENA
Neurketak egiten hasi zirenetik, 2000-2009 hamarkada orain arteko beroena izan da. NASAren Goddar Institutukoak lurrazalean egindako tenperatura-azterketaren ondorio nagusia da hori. Era berean, 2009ahistoriako bigarren urterik beroena izan zen, 2005aren atzetik, baina Hego hemisferioan beroena izan zen. Azken hiru hamarkadetan, tenperatura-neurketek goranzko joera adierazten dute, 0,2 gradukoa hamarkadako. Zientzialariak bat datoz karbono dioxidoaren eta berotegi-efektua eragiten duten beste gas batzuk direla igoeraren errudun nagusiak. Igoera eragiten duten beste eragile batzuk ere badira, hala nola eguzki-irradiazioan gertatzen diren aldaketak, tropikoetako itsasoetako tenperaturaren gorabeherak, eta haizeak daramatzan partikula-kopuruan gertatzen diren aldaketak.

Mapa geologiko berria; 5000 itsas-espezie berri; GIB-aren mutazioak saihestu nahian; Hamarkada beroena

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali