Kaxalotearen heriotza

Udako protagonista nagusietako batekin abiatuko dugu denboraldia. Abuztuaren 26an, bisitari bitxi bat iritsi zen Zarauzko hondartzara: guztiok gogoratuko duzue, 25 tonako kaxalote bat. Jende asko erakarri zuen gertaera hark. Animalia, berez, ikusgarria zen, baina baita hondarretatik ateratzeko egin behar izan zituzten maniobrak ere. Guk jarraipena egin genion, lurperatu zuten arte.

ILAZKI GOENAGA; Ambar: Ailegatu nintzenean, olatuak gogorrago jotzen hasita zeuden, eta han zeuden laurogei bat pertsona animaliaren inguruan. Ailegatu nintzenean mugitzen ari zen, ez zen asko mugitzen, eta bizirik zegoen oraindik. Buztana mugitzen zuen, ez oso fuerte, gora eta behera mugitzen zuen, eta tripa mugitzen zuela ikusten zitzaion.

Egia esanda, animaliak bost minutu egin zituen bizirik. Gero, segituan, tripa mugitzeari laga zion. Buztana mugitzen segitzen zuen; jendeak uste zuen bizirik zegoela, baina hilda zegoen, olatuak mugitzen zuen buztana.

25 tonako gorputzak hondarra jo orduko hasi zen kaxalotearen gainbehera. Itsas zabalean ibiltzeko gorputz egokia du, baina traketsa da hondo gutxi badago. Mugitu ezinik, geroz eta astunagoa sentitzen da, eta birikei kosta egiten zaie arnasa hartzea.

ILAZKI GOENAGA; Ambar: Anatomikoki, zetazeoen saihets-hezurrei... “costillas flotantes” edo saihets-hezur loka esaten zaie; toraxa ez da kaiola bat, irekita dago, eta barruan dauzkate organo guztiak. Eta hondarretan katigatuta geratzen direnean, toraxa hondoratzen hasten zaie grabitate-indarrarengatik. Orduan, barruko organoak konprimitzen hasten zaizkie, arnasa hartzea kostatzen zaie. Horrek sintomatologia bat eragiten du fisiologikoki. Aparte, estresa gehitu behar zaio: behin ere entzun gabeko soinuak entzuten hasten da, jendea inguratzen zaio... Badakit zaila dela 15 metroko kaxalote baten tokian jartzea, baina jartzen bazara, zer sentitu dezakeen imajinatzera ailegatu zaitezke. Orduan, normalean ito egiten dira, edo kolapso nerbiosoa izaten dute, bihotzak funtzionatzeari lagatzen dio. Zergatik hil zen? Hondarretan katigatuta geratu zelako, baina zerk eraman zuen hondarretan katigatzera? Ezin dugu esan.

Zarauzko hondartzara iritsi eta lasterrera hil zen kaxalote ar gazte hau. Jendeak harrituta begiratzen zion zetazeoaren anatomia bitxiari. Bien bitartean, zetazeoetan adituak diren Ambarreko kideek datuak jaso eta jaso ziharduten.

Buru handia du, gorputzaren heren bat gutxi gorabehera, begi txikiak, eta deigarria da baita haren ahoa ere: behe-barailako hortzak agerian, eta goian hortzik ez duela ematen du.

Baina, bai; goian ere baditu. Hortz bestigialak dira Ambar elkarteko kideen esanean. Ezkutuan daude, erabat garatu gabe, eta eboluzioan hortz horiek galduz joan diren seinale omen dira, kaxalote batzuek bakarrik dituzte eta.

Animaliatzarra hondartzatik atera aurretik lagin batzuk hartu dituzte. Eta, hara, parasito batzuk ditu azalean. Penella izeneko kopepodoak dira. Gorputz-erdia kaxalotearen barruan sartuta dute, eta beste erdia, ilunagoa, luma bat balitz bezala ateratzen da azaletik.

ILAZKI GOENAGA; Ambar: Gure balorazioa hau izan zen: ezin diogu bizia salbatu, ... eta, orduan, gure lana pasatzen da baloratzera ea animalia hori erretiratu egin beharko litzatekeen edo badaukan baliorik museo baterako edo hezkuntzaren ikuspuntutik.

ESTHER IRIGOYEN; Aquarium: Kaxalotea guretzat inportantea zen alde batetik, ikerketaren aldetik, jakiteko zergatik hil den, haren nondik norakoa, plastikoren bat ote zeukan barruan... eta hori guztia. Eta, etorkizunean, erakusketarako nahiko genuke, beste hau bezala, eta baita hezkuntzarako ere: umeei esplikatzeko zer den kaxalote bat, non ibiltzen diren...

Denen ahotan galdera bat zebilen: zergatik hil da kaxalotea? Animalia gaztea zen, itxuraz ez zeukan traumatismorik... agian, espero zitekeena baino argalxeago zegoen adituek ziotenez. Plastikoren bat irentsita agian... Nekropsia egin behar erantzuna jakiteko.

ILAZKI GOENAGA; Ambar: Animalia hori zergatik hil den argitzeko modurik onena izango zen berehala norabait eramatea, segituan nekropsia egitea, laginak hartzea eta laborategira bidaltzea. Hori izango zen onena, ezen, emaitzak fidagarriak izateko, ahal den freskoen egon behar dute, logikoa den bezala. Kasu honetan, guk baliabiderik ez daukagunez, beste jende baten esku laga behar izan genuen, eta talde horrek ere ez zuen modurik gauzak horrela egiteko. Orduan, ahal genuen bezala egin behar izan genuen, eta jaso genituen laginek ordu asko zeramatzaten bizirik gabe. Orduan, egia esanda, lagin horiek ez dira egokienak emaitza on batzuk jasotzeko. Ez zaigu iruditzen informazio garbirik emango digutenik.

Zaila da deskribatzen 25 tona kaxalote-haragi erdi-ustelaren kiratsa. Barruak behar dira animalia honekin lanean jarduteko. Hala ere, Ambarreko eta Aquariumeko adituek atsedenik gabe dihardute. Antzinako balea-arrantzaleen irudia ekartzen dute gogora. Gantz-geruza lodi batek babesten du zetazeoaren gorputza, eta erraietara iristeko ebaki sakonak egin behar zaizkio.

Garai batean, kaxalotea oso preziatua izan zen: hortzetako marfila bitxigintzan eta dekorazioan erabiltzen zuten, gantza etxeak argitzeko eta buruko espermacetia lurrinak egiteko.

Ahalegin handia egin eta gero iritsi dira erraietara, organoen laginak hartzeko. Urdaila hutsa du, eta hesteen amaieran baino ez dira agertzen txibia-tintaren aztarren batzuk. Agerikoa da azken asteetan ezer gutxi jan zuela. Kaxaloteak txibiak jaten ditu, eta hesteetan txibien mokoak izan ohi ditu. Hortaz, hondartzara iristerako kaxalotea oso ahul zegoen.

ILAZKI GOENAGA; Ambar: Dauzkagun datuen arabera ezin dezakegu esan zergatik hil den. Esan dezakegu eragin handia izan zuela hondarretan katigatuta gelditzeak. Seguruenik, itsasoa bare egon bazen, gehiago agoantatuko zuen, igual sendatu egingo zen. Ezin dugu esan.

Kaxalotearen hilobia 20 metro luzeko hartxintxarrezko ohe bat izan zen. Makina hondeatzaileak hartxintxar gehiagorekin estali zuen, eta lurperatuta geratu zen, urte batzuk igarotakoan haren hezurdura berreskuratzeko esperantzarekin.

Kaxalotearen heriotza

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali