Zimurrak eta ile zuria dira gure gorputzean denbora iragan delako seinaleak. 50 urteak hurbil direnean, gizakiaren ileak urteetan izan duen kolorea galdu, eta urdintzen hasten da. Ilea pigmentua galtzen hasten delako gertatzen da hori.
Marroia, horia zein beltza izan ilearen kolorea, melanina deituriko pigmentua da eragilea; melaninak, proportzio desberdinetan, kolore desberdinak ematen ditu. Grisak ere badu melanina zerbait, baina ez gainerakoek adina. Ile zuria pigmenturik gabeko ilea da.
Melanozito izeneko zelulek sortzen dute pigmentua. Azalaren azpian daude, ilearen oinarrian. Zelula horiek genetikoki programatuta daude adin jakin batean pigmentu-kopuru jakin bat sortzeko. Denborak aurrera egin ahala, geroz eta pigmentu gutxiago sortzen dute, eta ilea urdinduz doa. Adin batetik aurrera, zelulak hil egingo dira, eta melanina sortzeari utzi egingo zaio guztiz. Orduan, ilea erabat zurituko da.
Lehen ile zuria azaltzen denetik 10 urte pasa daitezke ilea guztiz zuritzen den arte. Batzuek 30 urterekin aurkitzen dute beren lehen ile zuria; beste batzuek, 50ekin; beste batzuek, gazterik, 20 urterekin; eta gutxi batzuek jaiotzetik dute ile-xerlo zuri bat. Ile zuria noiz izango, geneek soilik dakite , genetikoki programatuta baitago, baina estresak eta gaixotasun batzuek ere eragin dezakete, nonbait, ilea urdintzea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali