IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Aldakako protesi bat jarri behar dugu nabigazio-sistema baten laguntzarekin. Zer pauso eman behar dugun adieraziko digu sistema honek.
GPS batek egiten duten bezala, sistemak esango dio zirujauari nondik jo behar duen. Horretarako, elementu hauek behar ditu, bolatxo hauek. Izpi infragorrien bidez funtzionatzen duten gailu edo sentsoreak dira eta posizioa eta distantzia neurtzen dituzte.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Hauek dira gailuak eta hau berriz arkatz erakuslea, pelbisean ipini ditugu beste gailu batzuk eta femurrean ere bai. Estali egin ditugu, babesteko.
Neurriak hartzea da nabigatzen hasteko lehen pausoa. Arkatz erakuslearekin parametro anatomikoak jasotzen dira. Hemen, pelbiseko zuloaren bolumena neurtzen ari dira.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Nabigatzaileak gaixoaren arazoa edo akatsa identifikatzen du eta nola zuzendu esango dizu sistemak.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Pelbisaren informazioa badugu, bai eta zuloak nola egon behar duen ere. Aurrera.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Gailuak toki ezberdinetan jartzen dira; kasu honetan, pelbisean eta izterrezurrean. Belauneko ebakuntza izango balitz, berna-hezurrean jarriko genuke. Egiten dutena da hezurraren forma interpretatu. Ebakuntzan erabiltzen ditugun tresna guztietan ere gailua jartzen da, adibidez, neurriak hartzeko arkatzean.
Gizakiaren begiak bost edo sei milimetroko errorea eragin lezake protesi bat jartzean. Nabigatzailearen aginduei jarraituta, errorea milimetro bakarrekoa izango da, gehienez. Itxuraz ez da alde handia, baina desberdintasun txiki horren ondorioak oso garrantzitsuak izan daitezke: milimetro gutxi batzuen gorabeherak protesia mugitzea eragin lezake, eta urte gutxi iragandakoan berriz ere jarri behar izatea.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Kotxe baten piezarekin gertatzen den bezala, torloju bat ongi estutzen ez bada, askatu egin daiteke urteen poderioz.
Lehen, urtetako esperientzia izateak bermatzen zuen halako doitasun-maila. Hala ere, giza faktoreak balio du oraindik ere.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Inklinazioa eta antebertsioa edo erretrobertsioa adierazten ari da, eta zuzena da. Bat dator giza begiarekin, alegia, nik ikusten dudanarekin.
Orain, protesiaren lehen zatia jarri behar dugu. Proba egiten da beti aurretik... bai, ongi egokituko zaio. Pelbisean behin betiko pieza jarriko dugu.
Kupula-itxurako elementu bat jartzen da pelbisean, zenbait metalen aleazioz egindakoa. Gainean daraman material zuria hidroxiapatita da. Itsasgarri biologiko bat da hidroxiapatita: gaixoaren hezurrarekin bat egiten du, eta pieza erabat finkatzen du aldakan.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Ongi, ipini dugu. Femurrean ikusiko dugu orain. Argi berdea eman digu; beraz, aurrera jarraituko dugu.
Femurra hodi bat bezalakoa da eta hodi horren barruan sartu behar dugu protesiaren izterreko aldea. Zuloa egingo dugu beraz.
Zer moduz ari garen esaten ari zaigu. Ongi goaz. Hor goian ikusten duzuen 4 horrek zera esan nahi du, 4 milimetro luzatu diogula hanka. Artrosiaren ondorioz, gaixoak dismetria zuen, hanka bat bestea baino laburragoa zeukan.
Pelbisa eta izterrezurra lotzen dituen elementua polietilenozkoa da. Orain, izterrezurrean doan protesiaren elementua ipini behar da.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Hau da femurrean doan aldea. Dagokion tamainako hutsunea egin diogu... ongi sartuko da. Hor doa. Listo. Bere lekuan dago. Finkatu egingo dugu apur bat.
Emaiozu OKeiari..., bai... zuzena da; nabigatzaileak hala esan digu. Orain, protesia osatuko dugu.
Kirurgia nabigatua burmuineko ebakuntzetan hasi zen. Traumatologian, protesiak jartzeko erabiltzen da, aldakakoak eta belaunekoak gehienbat, eta, aurrera begira, beste alor batzuetara ere zabaltzen ari da.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Laster lotailu gurutzatuen kirugiak erabiltzekoak gara eta hezur-haustura jakinetan ere bai, adibidez torloju bat jartzeko.
IÑAKI MINGUEZ, Traumatología XXI: Femurrean doan behin betiko pieza jarrita, muturrean daraman zatia jartzea falta da, zeramikazko bola hauxe, kupularen barruko polietilenoarekin kontaktuan doana. Ongi! Sistemak dio protesia ez dela bere lekutik irtengo eta egonkorra dela. Hau izan da dena. Desmuntatu, itxi eta listo.