Euskadin zientzia-ikerketa sustatzea du helburu Ikerbasque agentziak. Eta jarduera horren barnean, zientzia-ikerketak Euskadin duen egoerari buruzko diagnosia kaleratu zuten orain dela aste gutxi. Datu asko argitaratu zituzten, besteak beste, azken urtean Euskal Autonomia Erkidegoan zientzia-produkzioa % 8 hazi dela. Baita ikertzaile-kopuruak nabarmen egin duela gora ere, % 6, hain zuzen. Datu horiek aztertu eta Euskadin egiten den zientzia-ikerketaz hitz egiteko, gurekin dugu Fernando Cossio Ikerbasqueko presidentea.
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentearekin elkarrizketa
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Kaixo, Fernando. Ezer baino lehen mila esker gaur gurekin izateagatik. Gainera, nahiz eta Kantabriakoa izan, euskaraz erantzungo dituzu gure galderak. Noiz ikasi zenuen euskaraz?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Hemen, Donostian, euskaltegi batean.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Eta, noiz? Ikasle-garaitan?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Oker ez banago, 35 urte neuzkan garai hartan.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Ondo baderitzozu gaiari eutsiko diogu.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Ikerbasquek datu asko jaso ditu azken urtean zientzia-jardueraren inguruan, eta positiboak izan dira gainera. Baina, ikuspegi orokor eta zabalago bat izan dezagun, konta iezaguzu, Fernando, zer egoeratan dago zientzia-ikerketaren sistema gaur egun Euskadin?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Nik esango nuke zientzia eta teknologiari dagokionez une honetan daukagun egoera onargarria dela, hobetzen ari dela, baina, ez dela gustatuko litzaigukeena bezain ona. Horrek esan nahi du une hauetan lan asko dugula aurrean daukagun egoera hobetzeko. Beraz, ez dut uste komeni denik baikorregiak izatea.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Oraindik hobekuntzak egiteko daude, baina hobekuntza aipatu duzu; eta kontuan harturik gaur egun, nolabait, krisi-egoera batean sartuta gaudela eta murrizketak egunerokoan ikusten ditugula —bai arlo batean, bai bestean—, nola irudikatzen duzu etorkizun hurbila ikerketa-arloan?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Nire ustez, ez da komeni egoera horrela ikustea: Nahiz eta egoera zaila, latza izan, egin dezagun ikerketa egoera hobetzeko. Nire ustez, onena hau esatea da: bereziki, une hauetan, krisia daukagulako, egin dezagun ikerketa egoera hobetzeko.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Nola hobetuko du egoera hori ikerketa egiteak?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Alde batetik, dauzkagun baliabideak ondo aprobetxatuz; baina, era berean, kontuan hartu behar dugu mundu honetan pertsonak direla garrantzitsuenak, ez azpiegiturak, tresneriak eta halako gauzak. Garrantzitsuenak pertsonak dira.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Eta ikerketak lagunduko du pertsonen bizi-kalitatea, bizi-egoera hobetzen?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea:: Bai. Izan ere, krisia edo egoera ekonomikoa hobetzeko, ezinbestekoa da gauza berriak sortzea, asmatzea; eta hori lortzeko, ezinbestekoa da berrikuntza gauzatzea.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa :Ikerbasquek, zientzia-ikerketa bultzatzeko, batetik, atzerriko ikertzaileen arreta bereganatu nahi du, eta, bestetik, euskal ikertzaileen ibilbidea eta ikasketak bultzatu nahi ditu. Baina, zergatik da hain garrantzitsua atzerriko ikertzaileek beren ikerketak hemen garatzea?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea:Alde batetik garrantzitsua da daukagun jendea zaintzea eta bultzatzea; baina horretaz gainera, garrantzitsua da, orobat, jende berria, ikerlari berriak erakartzeko gai izatea. Ikuspegi berriak, esperientzia berriak, jakintza berria gurekin trukatzeko.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Horrek ez du esan nahi hemengo gabeziak betetzeko ekartzen ditugula ikertzaileak.
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Adibidez, Estatu Batuetan, badaude amerikarrak ez diren zientzialariak; horrek ez du esan nahi hango ikertzaileak trebeak ez direnik, baizik eta haientzat ere interesgarria dela jende berria erakartzea.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Zein dira Euskal Herriko zientzia-ikerketaren ahuleziak?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea:Zaila da ezaugarri zehatz bat ematea. Nire ustez, garrantzitsuena da daukagun tradizio-gabezia. Izan ere, teknologia, ingeniaritza, nahikoa garatua zegoen hemen, Euskadin; baina funtsezko ikerketa eta horrelakoak ez zeuden hain garatuta. Orduan, ez daukagu tradizio handirik arlo horretan. Eta, nire ustez , hori da une hauetan daukagun gabezia nagusia.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa :Galdera zail bat egingo dizut jarraian: zu zeu ikertzailea zara; nola uste duzu susta daitezkeela bokazioak?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Nire ustez garrantzitsuena da zientzia eta zientzialariak gauza normal moduan aurkeztea . Izan ere, zientzialariak ez dira izaten frikiak edo pertsona arraroak. Esan dezaket gehienak normalak direla. Zentzu horretan, nire ustez, zientzia, ikerketa, eta teknologia ez dira hain arraroak edo artifizialak. Guk den-denok gure barruan badaukagu grina hori.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Ikasteko grina, ezta?
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Bai, ulertzeko grina, eta gauza berriak aurkezteko grina.
Oihana Jauregi, Elhuyar Fundazioa : Oso ondo, Fernando. Mila esker tarte hau eskaintzeagatik. Eta hurrengora arte.
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea: Eskerrik asko zuei.
Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentearekin elkarrizketa
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



