Europeana, liburutegi digitala
Europako Batasunak Europeana proiektuari ekin zion duela 3 urte. Europa guztiko liburutegi, artxibo eta museoetara sartzeko puntu komun bat sortu nahi zuten, eta, bide batez, Europako informazio-baliabideak guztion eskura jarri sarearen bidez.
Azkenean, 2008ko azaroaren 20an argia ikusi zuen Europeana webguneak: bi milioi obra biltzen ditu, eta 21 hizkuntzatan egin daitezke bilaketak. Irudi, testu, audio eta bideo-fitxategiak aurkitu daitezke bertan... baita ere museoetako pinturak, egunkariak, liburuak, irrati-emisioak, filmak eta telebista-programak.
Webunea edukiz hornitzeko, Europako ehundik gora liburutegi, bideoteka, pinakoteka, hemeroteka eta fototekak hartu dute parte. Hurrengo erreportajean XVI. mendeko zapata batzuk edo audio-artxibo bat nola digitalizatzen diren ikusiko dugu.
Hilversum, Herbehereak.
Beeld and Geluid TV archive zentroa da hau.
Kasete- eta bideo-zinten digitalizazioa.
Zentro honetan, audio- eta bideo-datu analogikoak digitalizatzen dira.
Europako ikus-entzunezko artxiborik handienetariko bat da.
Guztira 700.000 ordu inguru ditu telebista programatan, irrati emisiotan, musikan eta filmetan.
Amsterdam, Herbehereak.
Rijksmuseum-era goaz.
Artelanen eta objektuen digitalizazioa.
Museo honetako artelanak digitalizatzeko, irudi-formatua erabiltzen da. Kalitate handiko argazki batek aukera ematen dio erabiltzaileari artelanaren xehetasun txikienei ere antzemateko.
Museoetan, kultura-ondare garrantzitsu diren objektuak egoten dira. Horiek ere digitalizatu egiten dira, argazki bidez.
Paris, Frantzia.
Parisen gaude, Frantziako Liburutegi Nazionalean.
Liburuen digitalizazio erdiautomatikoa.
Hauskorrak diren obrak eskuz edo erdiautomatikoki digitalizatzen dira. Liburuen kasuan ere, digitalizatu ondoren, aukera dago obrak xehetasun handiz behatzeko.
Liburuen digitalizazio automatikoa.
Paper-azalez koadernatutako eta gillotinatutako obrak era automatikoan digitalizatzen ditu makina batek.
Liburuen digitalizazioa pilaka.
Beste obra batzuk pilaka digitalizatzen dira. Guztira, astean 2.500 dokumentu inguru jartzen dira sarean.
Prentsaren digitalizazioa.
Europako hemeroteka askotako egunkariak ere digitalizatu eta tratatu egiten dira. Europeana prototipo bat da oraindik ere, baina espero dute 2010. urterako guztiz martxan egotea, 10 milioi artxibo digitalekin.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



