Etorkizuneko teknologiak
Eta datozen minutuetan teknologia aurreratuenetako batzuk erakutsi nahi dizkizuegu... modu praktikoan zein ludikoan aplika daitezkeen teknologiak dira. Museo nahiz ferietan erabil daitezke, eta baita publizitaterako ere.
Innovae Vision enpresa gaztea gai horietan guztietan aditua da. Beraren helburua pertsonen eta makinen arteko komunikazioa erraztea da.
Miramongo Parke Teknologikoan dago kokatua Innovae Vision enpresaren bulegoa; duela bost urte hasi zuten beren ibilbidea. Erabiltzailearen eta makinaren arteko hartu-emana errazteko bidean, aplikazio informatikoak garatzen dituzte. Dibulgazian, publizitatean, edo aisialdian kokatzen dute beren lan-eremua. 15 pertsona dira taldean, eta irudimena eta programazio informatikoa dituzte lan-tresnak.
Prototipo horiek sortzeko, era askotako teknologiak erabiltzen dituzte. Horietako bat adimen artifiziala da.
ANDONI BERISTAIN; INNOVAE VISION: Nahiz eta adimena guk ulertzen dugun moduan ezin den lortu, utopia moduan ikus daiteke, ba, ordenagailuen munduan, lor daitekeena testuingur jakin batzuetan ordenagailuak erantzun logikoak edo izatea.
Teknologia horren bitartez, asmakizun-joko bat garatu dute. Euskarria ohiko informaziogune baten antzekoa da; software,a berriz, adimen artifizialean oinarritzen da.
Pantailan, pertsonaia birtual bat ikusiko dugu, eta hitz batean pentsatzeko eskatuko digu.
Behin jokoa hasita, pertsonaiak hainbat galdera egingo dizkigu. Makina, gure erantzunetan oinarrituta, pentsatu dugun hitza asmatzen saiatuko da.
ANDONI BERISTAIN; INNOVAE VISION: Sistema horrek egin duena da esperientzia metatu, eman zaizkio datu pila bat, eta jakinduria hori egin du prozesatu, eta hori base moduan hartuta, zera lortzen du: pertsona batek datu berri bat ematen badio, berak, dauzkan datuekin parekatuz, erantzun bat ematen du.
Datu-base aditu batera konektatzen dira. Milaka galdera eta erantzun metatuta dituen datu-biltegia da. Guk pentsatu dugun hitza zein den jakiteko, jasoak dituen aurreko esperientzia guztietan oinarritzen da makina. Sistema zenbat eta gehiago erabili, hobeak izango dira emaitzak; galdera-erantzun gehiago izango ditu barneratuta, eta datu-basea zabalagoa izango da.
Erakutsitako makinak denborapasarako bada ere, teknologia honek erabilera praktiko anitz izan ditzake.
ANDONI BERISTAIN; INNOVAE VISION: Horiek osasunaren arloan izan dezakete garrantzia, zeren erabil daitezke diagnostiko bat emateko, medikua izango balitz bezala. Eta, askotan, mediku batek baino background handiagoa daukatenez, ba, diagnosi hobea egin dezakete.
Diagnosi-mota batzuetarako soilik balioko luke teknologia horrek. Baina hainbat enpresa ari dira, jada, aukera hori garatzen.
Teknologia berriak maiz erabili izan dira publizitate-estrategietan. Dendetako erakusleihoak, esaterako, itxuraldatzen hasi dira.
Pantaila interaktiboa erakustokian barneratzen den leiho bat da. Ukituz erabiltzen da, eta dendan dauden produktuak ikus daitezke bertan.
ANDONI BERISTAIN; INNOVAE VISION: Interakzio hori ukimenaren bidez egin daiteke, eskaparatearen kanpoaldetik baina eskaparatea ukitu gabe. Izango genuke, kristala eta haren atzean, taktilizatzeko sistema bat, gardena, eta haren atzean, bai pantaila edo proiekzio bat.
Baina teknologiak publizitatean duen erabilera askoz haratago doa. Autoen azoka batera joanez gero adibidez, gauza harrigarriak ikusiko ditugu.
Informazioa biltzen duten liburuxkak zaharkituta gelditu dira.
Liburuxka, ohikoa den moduan irakurri ordez, produktuaren irudia paperetik pantailara irteten da hiru dimentsioko marrazki bihurtuta.
Horretarako, nahikoak dira kamera, ordenagailua eta pantaila bera.
ANDONI BERISTAIN; INNOVAE VISION: Errealitate areagotua esaten zaio. Errealitatea dugu, eta errealitatearen gainean gauzak gehitzen dira. Gure kasuan, irudi originalak hartzen dira oinarritzat eta, irudi horien gainean, hiru dimentsioko irudiak gehitzen dira.
Kameraren objetiboak liburuxka jakin bat ikuskatuko du, eta, programazio informatikoaren bitartez, sistemak katalogoa ezagutzen ikasiko du. Kamerak liburuxka horren geometria identifikatzen duen aldiro, hiru dimentsiotako irudi bat gehituko dio.
Erabiltzaileak autoaren kolorea aldatzeko aukera izango du, liburuxkan dauden laukietan atzamarraz sakatuz. Bideoak, soinuak eta argazkiak gehitu daitezke bertan.
Teknologia horrek, gainera, erabilera gehiago izan ditzake. Ze gertatuko litzateke, adibidez, liburuxka baten ordez, kamera gizakiaren aurpegia ezagutzeko gai izango balitz?
Kasu horretan, sistema informatikoak edozein aurpegi ezagutzeko gaitasuna izango luke; eta aurpegi horri nahi den objektua gehituko lioke.
Teknologia horrek aldaketak ekar ditzake denden funtzionamenduan. Erabiltzaileak, adibidez, optikariak saltzen dituen betaurrekoak dendara sartu gabe probatu ahalko lituzke, edo arropa-dendek, beren probatokien ordez, gorputz osoko pantailak jar litzakete.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







