Eskuizkribu historikoak sarean; Ehun osasuntsuari kalte egin gabe; Matxin itzultzaile automatikoaren bertsio berria; Elur-jauzietarako erreskate-sistema berria

ESKUIZKRIBU HISTORIKOAK SAREAN
Munduko zientzia-erakunde zaharrenak, Royal Society britainiarrak, "Trailblazing" Interneteko ataria sortu du. Azken 350 urteetako zientzia-aurkikuntza garrantzitsuenetariko batzuen eskuizkribuak jaso dituzte bertan. Dokumentuen artean, esaterako, 1776ko ikerketa baten dokumentua dago. Bertan jasotzen da nola salbatu zituen eskorbutotik James Cook kapitainak bere marinelak ozpinetako aza, limoia eta malta jaten emanez, hau da, elikadurari buruzko ikerketak garatzen hasi baino askoz lehenago.

EHUN OSASUNTSUARI KALTE EGIN GABE
Nazioarteko ikertzaile-talde batek minbizi-zelulak hiltzea lortu du ehun osasuntsuari kalterik eragin gabe. Gakoa CDK2 proteinaren inhibizioan dago. Aurkikuntza horrek bidea errazten dio, kimioterapiak eta erradioeterapiak ez bezala, tumoreari bakarrik erasotzen dieten botiken bilaketari. Ikertzaileen artean, Oskar Fernandez Capetillo euskalduna dago.

MATXIN ITZULTZAILE AUTOMATIKOAREN BERTSIO BERRITUA
Aste honetan aurkeztu dute Elhuyar Fundazioak eta EHUko IXA taldeak Matxin gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren bertsio hobetua, Elekak garatu duena. Matxin kode irekiko aplikazioa da, eta duela bost urte sortu zen Opentrad plataformaren parte da. Bertsio berrituak bi ezaugarri nagusi ditu: gaztelaniatik euskararako itzultzailearen kalitatearen hobekuntza eta euskaratik gaztelaniarako Matxin itzultzailearen lehen prototipoa. Bi itzultzaileak www.opentrad.com web orrian doan erabil daitezke.

ELUR-JAUSIETARAKO ERRESKATE-SISTEMA BERRIA
Alemaniako ikertzaile-talde batek elur-jausietan pertsonak aurkitzeko sistema berri bat sortu du. Gaur egun ia pertsona guztiek telefono mugikorra soinean eramaten dutela kontutan izanik, bi funtzio berri gehitu diote jada existitzen den ARN sistemari: telefono mugikorra lokalizatzeko funtzioa, eta lurrean hartutako neurrietatik abiatuta pertsona baten posizioa zehazteko ahalmena duen programa informatiko bat. Sistema berriak Galileo nabigazio-sistema globalaren seinaleak erabiltzen ditu.

Eskuizkribu historikoak sarean; Ehun osasuntsuari kalte egin gabe; Matxin itzultzaile automatikoaren bertsio berria; Elur-jauzietarako erreskate-sistema berria

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali