BTEK, Teknologia bizi-bizi
Zamudioko parke teknologikoaren BCAMen eraikin biribilaren atzealdean, bi piramide altxatzen dira zerurantz, zientzia eta teknologia munduaren barruak ezagutzera gonbidatuz. BTEKen egoitza da, hau da, Zamudioko Teknologiaren Interpretazio Zentro berria.
Ikusgarria da. Eta kanpotik ikusgarria bada, barrualdeak mundu berri batera eramaten du bisitaria.
AINHOA VILLAMANTE; Interiorismo Proiektuaren Zuzendaria: Proiektuan antolatu nahi ziren moduluen betebehar guziak ezagutu ondoren, eremua sortzen hasi zen. Lehenik, teknologia bera amua zen sormenerako. Historia bideratzea bezala izan zen, ustekabean hartzen zintuzten esparruak sortu ziren eta gela bakoitzean azaldu nahi zena argi erakusten zuten.
Beste mundu baten ataria zabaltzen du, Elhuyar Fundazioak egindako proiektu honek. Pasabide luze eta ilun batek giro garaikide eta teknologikoan murgiltzen gaitu, 1 eta 0en euriak bustitzen dituen pareten artean.
Sarrera-txartelak Euskal Herriko teknologia-enpresetan egiten den punta-puntako lana erakusteko bidaiara eramaten gaitu. Zentroaren filosofia jokoaren eta emozioen bitartez ikastea da. Bidaiaren lehen gunea sarea eta mundu digitala da.
Hizkuntza bitarra, makinen gaitasuna edota sarearen erabilera dira gune honen ardatzak.
AITZIBER LASA- Elhuyar Fundazioa; Museografia Proiektuaren Zuzendaria: Mundu digitalak, gaur egun, absorbitu egiten gaitu, gero eta digitalagoa da mundua. BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa da, eta lehenengo nahi genuen ulertaraz,i edo erakutsi, mundu digitalak berak zelan funtzionatzen duen. Hasita hizkuntzatik, abiadura, kapazitatea eta gero tresna digitalen barruko tripak edo erakutsi nahi izan dira.
Zamudioko parkeko enpresak, kaleratzen diren zientzia-aldizkariak eta zientzia eta teknologiaren inguruko azken albisteak jaso dituzte BTEKeko kioskoan.
Hau bigarren gunea da: etorkizuneko etxearen ateak zabaldu eta bertan eta planeta osoan erabiltzen diren asmakizun eta aurrerapen teknologikoak bildu dituzte hemen.
Ia denei ezagun gertatzen zaien domotikaren aplikazioak, tresnen fabrikazioan erabiltzen diren azken material berriak, gure mahaira heldu baino lehen jakiek jasaten dituzten prozesuak eta argiztapenean eta klimatizazioan egin diren urratsak modu grafiko eta didaktikoan azaltzen dira gune honetan.
Txikituz goaz bigarren solairura eramaten duen pasabidean aurrera egiten dugun heinean. Eta beharrezkoa da, izan ere inguruan dauden beste munduak ezagutzeko atea zabaltzen du nanoteknologiak. Hemen jabetuko zarete txikitasunaren handitasunaz eta garrantziaz.
Baita zein zaila den hain gai txikiekin lan egiteaz.
Nanoteknologiaren bizilagun, bioteknologia. Izaki bizidunetan oinarritzen den teknologiaren eremuak, hurbilak diren gaietan ikerkuntzen ondorioak ulertzen lagunduko du.
AITZIBER LASA-Elhuyar Fundazioa; Museografia Proiektuaren Zuzenaria: Bioteknologia zer esparrutan aplika daitekeen kontatzen da, hala nola osasunean, elikagaigintzan, industrian eta bestelako aplikazioetan.
Beste alde batetik, garrantzitsua zen guretzat horrelako puntako gaietan ere eztabaida etikoetarako tresnak eta informazioa ematea.
Eta gizakiaren adimenaren ondoan, berak sortutako adimen artifizialaren garapena, lehian aritzeko prest.
Zehatza eta efikaza. Robotikako beso honek makinak zein lagungarri diren erakusten du. Baita zenbat erabilpen ezberdin izan dezaken.
Bisitan zehar, egunero Euskal Herriko teknologia- eta zientzia-enpresetan lanean ari diren ikertzaileak bidelagun izango dira.
XABIER DIEZ; BTEKeko zuzendaria: Bertan aukera edukiko dugu bai birtualean bai errealean ere, zeren gure asmoa da hona ekartzea inguruan, hemen bertan, Labeinen, Ikerlanen, Gaikerren..., dauden ikerlariak ekarri eta ikasleekin euren esperientziak konpartitzeko, zelan atzerrira joan diren, zelan hainbeste lanetan ibili diren, eta zelan bueltatu diren eta zelako lan interesgarrietan ari diren.
Adin guztientzako proposamenak daude BTEKen, zientziak eta teknologiak denen jakin-mina pizten baitu, baina bereziki gazteei zuzendua dago zentroa.
XABIER DIEZ; BTEKeko zuzendaria: Gazteeei mundu teknologikoa hurbiltzea, hurbila badaukate, ez da bakarrik hurbiltze-zentzu horretan, baizik apurtxo bat barneratzea, eurak izan daitezela partaide, ez bakarrik erabiltzaile moduan, beste maila batzuetan ere bai.
Nabarmena da azkenengo urteetan, bai gure inguruan bai Europan ere, geroz eta teknologiako ikasle gutxiago daudela, teknologia-karreretako ikasle gutxiago daudela, eta apurtxo bat hori bultzatu nahi dugu.
Bisitaren amaieran zientziarekiko eta teknologiarekiko jakin-mina piztea eta bokazioa sustatzea lortu bada, bidai interesgarri honen helburua bete egingo da.
BTEKera itzultzeak, lehenengo aldian ikusitakoa gogoratzeko balio izateaz gain, azken bisitaren ondotik zientzian eta teknologian gertatutako azken aurrerapenak gureganatzeko ere balioko du.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian








