Bioaraba ; Elikagaien segurtasuna ; Ozeanoen magnetismoa ; Bizikleta airbag-a

Asteko berrien laburpen-bideoa.

Bioaraba
Arabak loaren apneak eta agerraldi psikotikoak ikertzeko osasun-ikerketarako institutu bat izango du. Institutua Bioaraba izenarekin jaioko da, eta Txagorritxu eta Santiago ospitaleak elkartuta eratuko den Unibertsitate Ospitalean kokatuko da. Gauzak bide onetik badoaz, bost urte barru ikerketa-zentro berrian lanean izango dira ikertzaileak. Osakidetzak psikiatriaren arloan egiten duen ikerketa-lanaren erdia baino gehiago Araban egiten da.


Elikagaien segurtasuna
Mundu mailako hainbat erakunde nekazaritza eta abere-hazkuntza jasangarriaren aldeko araudia lantzen ari dira. Helburu nagusiak elikagaien segurtasuna eta kalitatea badira ere, animalien ongizatea, ingurumenaren babesa eta jasangarritasuna oinarrizkoak izango dira araudi berrian.

Ozeanoen magnetismoa
Europako ikertzaile-talde bat ozeanoen magnetismoaren araberako mugimendua neurtzen saiatuko da. Neurketa horiek egiteko, 2012an Swarn izeneko hiru satelite bidaliko dira espaziora. Sateliteen hirukoteak itsas korronteak zehaztasunez behatuko ditu, haien ondorioen berri emateko. Ozeanoetako ur gaziaren mugimenduak eremu elektriko bat sortzen du, eta eremu elektriko horrek aldi berean beste eremu magnetiko bat eratzen. Ikerketaren bidez, ikertzaileek espero dute hobeto ulertzea ozeanoek nola banatzen duten berotasuna Lurrean zehar. Horrela, klimaren dinamika hobeto ezagutuko da.

Bizikleta air bag-a
Bizikleta berez garraiobide osasuntsu eta ekologikoa da. Hala ere, istripuak gertatzen direnean, txirrinduzaleek ondorio larriak jasaten dituzte, babesik izaten ez dutelako. Suediako ikertzaile batzuek egoera hori hobe dezakeen gailu bat asmatu dute. Bufanda itxurako airbag bat da. Barruan daramatzan sentsoreek bat-bateko talka bat nabaritzen badute, abian jartzen da.

Bioaraba ; Elikagaien segurtasuna ; Ozeanoen magnetismoa ; Bizikleta airbag-a

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali