Baraurik ebakuntza aurretik

Ebakuntzetan, anestesia osoa erabiltzen denean, gaixoa erabat lokartzen da minik senti ez dezan. Eta horrez gain, gehienetan, intubatu egiten da arnasketa erabat kontrolpean edukitzeko. Halakoetan lasaigarriak ematen zaizkio gaixoari, aho-kordak erlaxatu eta hodia eztarri-zuloan arazorik gabe sartzeko.

Lasaigarriek, ordea, urdaileko eta hesteetako muskuluak ere erlaxatzen dituzte. Ondorioz, urdaileko edukiak atzera egin lezake eztarriraino, gaixoa etzanda dagoelako, eta hori arriskutsua da. Izan ere, likidoek eta janariak birikak buxatu ditzakete, eta arnasteko arazoak eragin. Benetako larritasuna, ordea, urdaileko urinen azidotasunak sortzen du. Urin gastrikoa oso azidoa da, digestioa errazteko, eta urin hori eztarritik biriketara iristen bada, birikak erre egin ditzake.

Beraz, hori da ebakuntzetara baraurik joatearen benetako zergatia, baraurik egonda urdailean ez baita urin azidorik egongo, eta birikak ez dira kaltetuko gaixoa intubatu bitartean.

Hasiera batean, ebakuntzan gaixoa intubatzea ez aurreikusi arren, komeni da baraurik egotea, balizko arazoen aurrean gaixoari lasaigarria eman eta intubatzeko aukera izan dezaten medikuek.

Larrialdi kasuetan, ordea, gehienetan gaixoak ez dira baraurik egoten, eta, halakoetan medikuek oso azkar egin behar izaten dute intubatze-maniobra, urdaileko edukia ez dadin irits biriketara.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali