Alzheimer-ekoaren aurkako estrategia berria; Teknología digitala eta produktibitatea; Zenbat ur dago itsasoan?; Hilkortasun txikiagoa haurren artean
2010ko mai. 26a, 00:00
EHUko Neurotek ikerketa-zentroak Alzheimerren gaixotasunarekin lotuta dagoen mekanismo berri bat aurkitu du. Aurkikuntza oso interesgarria da gaixotasunaren garapena mantsotu dezaketen terapia berriak garatzeko. Ikertzaileak ohartu dira molekula batek, amiloide peptidoak, zelulak hiltzen dituzten zenbait errezeptore aktibatzen dituela. Errezeptore horiek sendagai batzuekin blokeatuta, neuronak peptidoetatik babestea lortu dute.
Teknología digitala eta produktibitatea
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiei zor zaie produktibitate-hazkundearen erdia Europan azken 15 urteotan. Europako Batzordeak argitaratutako Lehiakortasun-txostenaren ondorio nagusia da hori. Txostenaren arabera, ekonomia digitalaren aukera guztiak baliatu nahi badira, herritarrei banda zabal bizkorragoa eskaini behar zaie, trebakuntza eskaini behar zaie, eta berrikuntza bultzatu behar da informazioaren eta komunikazioaren teknologietan.
Zenbat ur dago itsasoan?
1.332 milioi kilometro kubiko. Horixe da Lurreko itsasoetan dagoen ur-kopurua Massachusetts-eko Woods Holeko Erakunde Ozeanografikoak egindako kalkuluen arabera. Neurketak satelite bidez egin dira, eta orain arteko daturik zehatzenak lortu dituzte. Emaitzak harrigarri samarrak izan dira, 1.332 milioi kilometro kubikoko kopurua uste zena baino txikiagoa izan delako. Itsasoaren sakonerari dagokionez, batez beste 3.682 metrokoa dela ikusi dute, orain arte jotako sakonera baino 35 metro gutxiago.
Hilkortasun txikiagoa haurren artean
The Lancet aldizkari medikoak argitaratu duenez, azken 40 urteotan haurren hilkortasunak % 60 egin du behera. Datuak ona dirudi, baina haurren heriotzari buruzko zenbakiak etsigarriak dira. Aurten bost urtetik beherako 8 milioi haur hilko direla uste da. Duela 20 urteko 12 milioi hildakoekin konparatuz gero, beherakada nabarmena da, baina 8 milioi hildako asko dira. Txertatze-kanpainek, hiesaren inguruko prebentzio-lanak eta malariaren aurkako eltxo-sareek eragin dute hilkortasunaren beherakada.
Alzheimer-ekoaren aurkako estrategia berria; Teknología digitala eta produktibitatea; Zenbat ur dago itsasoan?; Hilkortasun txikiagoa haurren artean
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian