Zer da burmuina?

Gaur, itxuraz oso sinpleak diren hainbat gauza nola egin ditzakegun azalduko dizuegu... esaterako, pentsatzea. Galdera sinple bezain zabal batekin ekingo diogu saioari: zer da burmuina?
Giza burmuina nerbio-sistema zentrala kontrolatzen duen gunea da, gorputzaren ia jarduera guztia kontrolatzen duen gunea. Jardueretako batzuk norbera konturatu gabe kontrolatzen ditu; adibidez, bihotzaren taupaden erritmoa, arnasketa, eta digestioa. Baina jarduera konplexuenak konszienteki egiten ditugu: pentsatzea eta arrazoitzea, esaterako.

Animalia sinpleenetan, garuna ere sinplea da; gorputzaren metabolismoa kontrolatzea eta zentzumenei erantzuna ematea dira garunaren zereginak. Ornodunetan, ordea, garrantzi handiagoa du garunak.

Anfibio, hegazti edo ugaztun txikietan, garuna leuna da. Baina ugaztunen eboluzioan aurrera eginda, ildoak agertzen dira garunean. Izan ere, garunaren kanpoko geruza asko hazten da, eta zimurtu beste erremediorik ez dauka, burua izugarri haziko ez bada. Kortexa esaten zaio geruza horri eta adimenarekin zein gaitasun kognitiboekin dauka zerikusia; pentsatzearekin, oroimenarekin, hitz egitearekin eta abarrekin. Gizakia da kortexa gehien garatu duen animalia.

Datu bat garunaren garrantziaz ohartzeko: hezurrezko egitura batez erabat babestuta dagoen organo bakarra da.

Garuna organo zurixka da, eta 1,4 kilo inguru pisatzen du: gorputzaren % 1,5 eta % 2 bitartean. Hala ere, beti gorputzaren energiaren % 20 kontsumitzen du, egiten den jarduera edozein dela ere. 20 mila millioi neurona inguru ditu, eta bakoitzak milaka konexio izan ditzake beste hainbeste neuronarekin.

20 mila milioi eurona horiek garun guztiaren % 10 besterik ez dira, baina ezinbestekoak dira, beren jardueran oinarritzen baita garunaren jarduera.

Neurona bat kitzikatzean, bulkada edo korronte elektriko bat sortzen da haren barruan. Neuronaren muturreraino doa bulkada, eta, han, molekula kimiko batzuk askatzea eragiten du.

Molekula horiek, era berean, hurrengo neurona kitzikatu eta beste bulkada elektriko bat sorraraziko dute. Eta hala, neuronaz neurona.
Sinapsia esaten zaio neuronen arteko komunikazio horri, eta molekula kimikoei, neurotransmisore. Adrenalina, serotonina edo dopamina, esaterako, neurotransmisoreak dira.

Bulkada elektrikoen eta neurotransmisoreen joan-etorrian dago garunak jaso, sortu eta bidaltzen duen informazioa; beraz, haiek ondo ez dabiltzanean, akatsak sortzen dira, gaixotasunak. Adibidez, neuronak inguruan duen babes-geruza galtzen badu, ez du elektrizitaterik eroaten eta Alzheimerra garatzen da. Edo nahikoa serotoninarik ez badago, sinapsia ez da egoki gertatzen eta depresioa ager daiteke.

Funtzionamenduari dagokionez, badakigu, baita ere, funtzio asko eta asko garunaren zati jakinetan kokatzen direla. Hori dela eta, askotan ikusten da garuna funtzioen arabera irudikatuta.
Hori ez da berria, baina orain badakigu gune eta funtzioen mugak ez direla hain zehatzak. Hala, zereginen batek esfortzu handia eskatzen duenean, funtzio horri dagozkion neuronak baino gehiago jartzen dira horretan lanean.

Ez hori bakarrik. Gerta daiteke, garunaren zatiren bat kaltetuta gertatuz gero, beste nonbaiteko neuronek hartzea beren gain kaltetuta dagoenaren zeregina. Horrek garunaren plastizitatera garamatza. Hau da, garuna etengabe ari da konexio eta zirkuitu berriak eratzen behar berrietara egokitzeko. Ez da zirkuitu itxi eta zurrunez osatutako organoa.

Burmuina organotzat jotzen da, baina muskuluekin ere parekatzen da, eta esaten da burua argi edukitzeko entrenatu egin behar dela. Ikusi, bestela, zein desberdina den burmuinaren jarduera musikaz ezer ez dakien norbaiten eta biolin-jotzaile baten Dvorac-en 9. sinfonia entzunda.
Trebatu gabeari entzumenaren ingurua soilik aktibatzen zaio; biolin-jotzaileari, berriz, entzumenaz gain, plazerarekin zerikusia dutenak eta oroimenarenak ere aktibatzen zaizkio, musikari aurre hartzeko gai baita.

 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali