podcastak

Uhin ultramoreak


#69 UHIN ULTRAMOREAK: Jantzigintzaren lorratza

Gero eta gehiago dira modaren industriak sortzen duen ingurumen-inpaktuaz kezkatzen direnak. Inpaktu hori arintzeko asmoz, batzuek bigarren eskuko arroparen alde egiten dute, eta horren inguruan ere sare bat sortu da, ustez merkatu globala baino etikoagoa eta jasangarriagoa. Industriak ere bilatu eta aurkitu ditu irtenbideak, jantzigintzak sortzen duen kutsadura txikitzeko. Baina zenbateraino dira eraginkorrak kontsumitzaileen eta industriaren erantzun horiek?

Horretaz gain, beste hainbat konturi buruz ere aritu dira, zorrotz eta umorez. Adibidez, kilkerretan, zeinek egiten du kir-kir, arrak ala emeak? Eta ipurtargietan, zeinek egiten du argia?

GUAU plataforman duzu entzungai Elhuyarrek EITB mediarentzat egindako podcast hau.

2026-10-29

#68 UHIN ULTRAMOREAK: Frankenstein, Barbie eta kriptobroak

Garai bakoitzak du bere Frankenstein doktorea, eta 2018an He Jiankui genetikariari eman zioten izen hori, hark ingeniaritza genetiko bidez eraldatu zituen bi haur jaio zirenean. Enbrioien eraldaketa genetikoa debekatuta dagoenez, kartzelan sartu zuten. Ateratakoan teknika genetiko horiek bultzatzen duen enpresari batekin ezkondu zen: Cathy Tie edo Biotech Barbie. Handik gutxira banandu ziren, baina helburuetako bat bete zuten: inbertsioak erakartzea. Zertarako, eta diseinuzko haurrak sortzeko teknologia garatzeko. Eta norentzat, kriptobro edo tekno-jauntxoentzat. Hauen helburua, beren neurriko seme-alabak sortzea da, artifizialki. "Uhin ultramoreak" podcastaren atal honetan, beraz, Frankenstein, Barbie eta neurrira diseinatutako haurrak aipatu ditugu. Bestalde, egia ote da mugikorra busti bazaizu onena arrozetan jartzea dela?

GUAU plataforman duzu entzungai Elhuyarrek EITB mediarentzat egindako podcast hau.

2026-10-15

#67 UHIN ULTRAMOREAK: Udako bisitari gogaikarriak

2026ko udan hondartzan izan bazara, ohartuko zinen ohiz kanpoko bisitari ugari izan direla. Itsasoak ekarri ditu, eta ur ertzera iritsitakoan ikusi ditugu. Ikusi… edo pairatu. Eta ez. Ez gara surflariez edo turistez ari, noski. Karabelak, salpak, marmokak eta algak dira. Lehen noizbehinka etortzen zirenak eta orain ohikoak bilakatzen ari direnak. Zergatik iritsi diren, geratzeko etorri ote diren, nolakoak diren eta zer eragin duten azaldu dugu “Uhin ultramoreak” podcastaren atal honetan.

Bestalde, bazenekien eltxoen ziztada jasotzeko arriskua %44 handiagoa dela garagardoa edanez gero; %35 handiagoa kanabisa errez gero; eta %46 handiagoa lo konpainian eginez gero?

GUAU plataforman duzu entzungai Elhuyarrek EITB mediarentzat egindako podcast hau.

2026-09-30

#66 UHIN ULTRAMOREAK: Eguzki-eklipseak jota

2026ko abuztuaren 12ko eguzki-eklipseaz dena esana dagoela uste dutenen kontra, eklipsea ikusi nahi izan ez zutenen kontra, eta hari, ostean gertatu diren, lurrikara, ekaitz edo izurriteak egotzi dizkiotenen kontra, zientzialariek badute zer aztertua: eguzkiaren koroa, eremu magnetikoa edo animalien portaera. Areago 2027an, Iberiar Penintsularen hegoaldean berriz egongo denean aukera eguzki-eklipse osoa ikusi eta ikertzeko. “Uhin ultramoreak” podcastaren atal honetan eklipseaz gain giltzurrunak aipatu ditugu. Badakizu hiru giltzurrun edo gehiago dituzten pertsonak daudela?

GUAU plataforman duzu entzungai Elhuyarrek EITB mediarentzat egindako podcast hau.

2026-09-17

#65 UHIN ULTRAMOREAK: Ekologismoaren ama, misoginiaren jomuga

Rachel Carsonen (1907-1964) biografia normal hasten da. AEBn jaio zen, Pensilvanian, landa-eremuan, eta familian bazituzten abereak eta ingurune natural aberatsa. Zoologia eta genetika ikasketak egin zituen eta idazle trebea zen. Ozeanoari buruz idatzi zituen liburuek arrakasta handia izan zuten. Baina, batez ere, pestiziden kalteez ohartarazteko idatzi zuen liburuarekin lortu zuen oihartzuna: "Udaberri isila". Aurreko liburuekin alderatuta, honek salaketa argia egiten zuen, eta kontzientzia ekologista sendotzea eta araudiak zorroztea ekarri zuen. Nekazaritza industriala bultzatzen zuten jauntxoen haserrea ere piztu zuen. Hau esan zuten hari buruz, publikoki: “Emakume hain polita izanik, ezkongabe badago, seinale komunista dela”

GUAU plataforman duzu entzungai Elhuyarrek EITB mediarentzat egindako podcast hau.

2026-07-02