Zumaiako flyschari buruzko dokumentalaren estreinaldia
2009/12/17 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia
Gaur estreinatuko dute Donostiako Kursaalen Flysch, Haitzen Hitza, Asier Hilario geologian doktoreak eta Alberto J. Gorritiberea zinemagileak zuzendutako euskal dokumentala. Dokumentalak modu zehatz baina ulerterrazean azaltzen du zenbateko garrantzia duen flyschak Lurraren eta biodibertsitatearen historiaren bilakaera ikertzeko orduan. Azken batean, Zumaiako azaleratzea, geologiaren ikuspegitik, Euskal Herrian dugun natura-eremu baliotsuenetako bat da, eta aberastasun hori irudietara ekarri du dokumentalak.
Natura-zientzien hainbat adarretako mundu mailako 25 adituk parte hartu dute Zumaiako flyschari buruzko dokumental honetan. Horietako batzuk dira: Bruce Runnegar, NASAko astrobiologia-ataleko zuzendari ohia; Anil Markandya, IPCC erakundeko ingurumen-ekonomialaria; Adolfo Eraso glaziarretan aditua, 70 urtetik gora izanagatik oraindik ere Artikoko eta Antartikako lurretan lanean diharduena; eta Jan Smit, dinosauroen desagertzea meteorito baten ondorioz jazo zela erakusten duen teoria garatu zuenetako bat. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ere izan genuen Jan Smit ezagutzeko aukera uztaileko alean.
Arratsaldeko 8etan izango da estreinaldia. Horrez gain, kutxaGuneko Planetarioan ikusgai izango da martxotik aurrera bisitari guztientzat. Eta ETB eta TVE kateek ere eskainiko dute datozen hilabeteetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia