}

Zu ere energia-iturri berriztagarri

2008/03/16 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Honezkero, denon buruetan dago erregai fosilen erreserbak gero eta urriagoak direla, eta energia-iturri horiek erabiltzeagatik izugarrizko ingurumen-arazoak sortzen ari direla. Bada, hainbat ikertzaile energia-iturri berriak ari dira bilatzen. Oso ezagunak dira, adibidez, haizearen edo Eguzkiaren energiari probetxua ateratzeko garatu dituzten tresnak.
Gailuak belauna balaztatzean sortzen den energia jasotzen du.
Science

Orain, berriz, bestelako bide batzuk garatu nahi dituzte, hala nola: euri-tantek erortzean duten energia elektrizitate bihurtzea, edo tresna bibrakorren energia atzitzea. Dirudienez, ahalegin handia egiten ari dira energia-iturri guztiak baliagarri bilakatzeko. Joule guzti-guztiei atera nahi diete probetxua; zertarako alferrik galdu?

Hala, azkenaldian joera berri bat sortu da: giza gorputza energia-iturri bihurtzea. Ideia horretan oinarritzen diren bi ikerketaren berri izan dugu, baina batek daki zer ideia korapilatsu darabilten buruan ikertzaileek!

Michigango Unibertsitateko ikertzaile batzuk tresna berezi bat ari dira garatzen, oinez goazenean belaunetik xahutzen dugun energia elektrizitate bihurtzeko. Ibiltzean, pauso bakoitzean belaunak aurrera egiten duenean, abiadura hartzen du. Oinak lurra ukitzen duenean, ordea, belauna balaztatu egiten da oinaren gaineko posizio berrian. Gailuak balaztatzean sortzen den energia jasotzen du, belaunean atxikita dagoelako. Normalean, energia hori galdu egiten da

Bizikletaren higiduraz baliatzen da dinamoa elektrizitatea sortu eta bonbilla energiaz hornitzeko.
MEC

Pentsatzen jarrita, aipatutako hori ez da ideia berri bat; aspaldi ezagutzen dugu antzeko mekanismoan oinarritzen den gailu bat: bizikleta batzuen argiztapena. Ez al dute aurrealdean bonbilla bat, eta horri energia emateko dinamo bat? Funtzionamendua berdina da: bizikletaren higiduraz baliatzen da dinamoa elektrizitatea sortu eta bonbilla energiaz hornitzeko. Horretarako, gurpilaren kontra dinamoaren pieza bat jartzen da, gurpilarekin batera bira dezan.

Baten batek gogoan izango du zer erresistentzia eragiten dion gurpilari pieza horrek batzuetan, eta ahalegin handiagoa egin behar dela bizikleta dinamo eta guzti mugitzeko! Bada, Michigango ikertzaileek garatu duten tresnak ere traba egiten dio ibiltariari—besteak beste, 1,6 kiloko pisua du—, eta indar gehigarri bat egin behar du gailua jantzita ibiltzeko.

Gorputzean beharrean, arropan

Bata bestearen kontra igurtziz elektrizitatea sortzen duten zuntz txiki-txikiak erabili nahi dituzte jantziak egiteko.
Z. Lin Wang eta X. Wang

Energia sortzeko gizakiaz baliatzen den bigarren tresna ez dago zuzenean lotuta gorputzarekin, soinean janzten ditugun arropekin baizik. Hain zuzen, nanozuntz piezoelektrikoz egindako hari bat fabrikatu dute Georgiako Teknologia Institutuan ; hau da, tentsio mekaniko baten ondorioz, (bata bestearen kontra igurtziz, adibidez) elektrizitatea sortzen duten zuntz txiki-txikiak.

Nanozuntz horien bidez ehungintzan erabili ohi diren zuntzak estalita, jantziak egiteko aproposak diren hariak egin dituzte. Alkandora edo jertse bat ehuntzeko hari horiek erabilita, mugimenduarekin elektrizitatea sortzen duen arropa lortu nahi dute zientzialariek.

Egia esan, bai batean eta bai bestean, oso elektrizitate gutxi sortzen da, batetik, belaunek energia gutxi xahutzen dutelako ibiltzean, eta, bestetik, sortu dituzten hari berezi horiek elektrizitate gutxi sortzen dutelako.

Hala ere, horrelakoak elektrizitate gehiegi behar ez duten tresnak elikatzeko erabiliko dira, hala nola telefono mugikorrak, GPSak edo mp3 irakurgailuak . Beraz, ikertzaileek uste dute azkar samar lortuko dutela soinean eramateko modukoak izatea esku artean dituzten prototipoak.

Zazpika-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia