}

Zirkuituak berrerabiliz

1995/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zirkuitu inprimatuen berrerabilpen-prozesua azkartu eta merkatuko duen teknologia berria arrakastaz erabili dute Daimler Benz konpainiako teknikariek. Begiz jotako epeak betetzekotan hurrengo urtarrilean gaindituko du laborategiko urratsa teknologia berriak eta merkatuan aurkezteko moduan izango da.

Elektrogailuen kontsumo-iraupena gero eta laburragoa denez gero, zabor elektronikoa gero eta arazo larriagoa da.

Dakigunez, zirkuitu inprimatuen eta zirkuitu integratuen erabilera gero eta hedatuago dago. Ordenadore, hozkailu, telebista edo irratiek, etxean hain arruntak diren elektrogailu horiek guztiek zirkuitu inprimatuak erabiltzen dituzte. Objektu horien kontsumo-iraupena gero eta laburragoa denez gero, zabor elektronikoa gero eta arazo larriagoa da. Eta larria diogu zirkuituek elementu poluitzaile asko dutelako eta horiek guztiak askatu egiten direlako piezaren osoko tratamendua egiten denean.

Alemanian erabiltzen ari diren saiakuntzako teknika berriaren ekarpena zirkuituaren batezbesteko erabilpen-denbora amaitu eta gero, berau osatzen duten elementuen berrerabilpenean datza. Orain arte, elementu horiek banatzea izan da oztoporik handiena, baina teknologia berriak banaketa tenperatura baxuan egitea ahalbideratu du. Daimler Benz-ko teknikariek darabilten teknologia berriak erdira ekarriko du zirkuituek sortzen duten hondakin-kopurua. Agidanez, berrerabilpen-prozesuaren kosteak ere erdira ekarriko dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia