}

Zineak ere, 100 urte

1995/12/01 Nogeras, Itziar - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kamera batez argazkiak segidan egin eta delako segida proiektore baten bidez pantaila batean argiztatuz irudi higikorrak erreproduzitzeko teknika da zinematografia. Hori baino gehiago dela esango diguzue eta horrela da: teknika hori erabiliz, filmeak egitearen artea da zinematografia, ametsak sortzearen artea.

Begiko erretinan sortzen den irudiak denbora-tarte labur batez (1/10 - 1/5 s bitartean) irauten du bertan. Fenomeno horixe da zinematografiak sortzen duen ilusio optikoaren funtsa. Oso azkar egindako argazkiak ateratako abiadura berean argiztatuz, irudia erretinatik desagertu baino lehen hurrengo irudia eratzen da eta ikusmenak mugimendu jarrairen sentsazioa jasotzen du.

Peter Mark Roget (1779-1869) mediku britainiarrak fenomeno horren tesia azaldu zuenean, higiduraren pertzepzio optikoa ordezkatzeko aparailuak egiteari ekin zion hainbat asmatzailek: Joseph Plateau (1801-1883) fisikari belgiarraren fenakistiskopioa 1983an, William George Horner-en (1786-1837) zootropoa 1834an eta 1877an horiek guztiak perfekzionatu eta hobetzera etorri zen Emile Reynaud frantsesaren praxinoskopioa dira giro horren lekuko.

Aparailu horiek guztiek marrazkiak erabiltzen zituzten eta ez argazkiak, nahiz eta argazkigintza 1839tik jendearen esku zegoen asmakizuna izan. 1874an Meudoneko behatokiko zuzendaria zen Pierre Jausseu frantsesak (1824-1907) errebolber astronomikoa asmatu zuen, artizarrak eguzkiaren aurrean egiten duen desplazamendua aztertzeko; higidura horren fase jarraiak objetibo baten aurrean biratzen zuen xafla biribil batean fotografikoki inpresionatu zituen Jausseuk, ordura arteko urratsak gaindituz.

Etienne-Jules Marey fisiologo frantsesak (1830-1904) printzipio berean oinarrituz, animalien eta gizakiaren mugimenduak aztertu zituen fusil fotografikoa erabiliz; katuari eraginda, 12 argazki segidan (1/720 s-ko esposizioan) ateratzea lortu zuelarik. Aldi berean, Edward Muybridge argazkilari britainiarra (1830-1904), kamera independentez baliatuz, animalien higidura argazkietan erregistratzea ikertzen aritu zen.

Alabaina, esperientzia horiek guztiek higidura argazkietan aztertzea edo deskonposatzea bilatzen zuten eta ez hori sintetizatzea edo optikoki berregitea.

Aitzindarien lana biribilduz

Emile Reynaud-en praxinoskopioa (1876). Pariseko arte eta lanbideen museo nazionalean.

Horretan, beste batzuen artean, Tomas Alva Edison (1847-1931) saiatu zen Estatu Batuetan. Horrek bere lanetan hertzak zulaturik zituen 35 mm-ko zeluloidezko pelikula malgua erabili zuen. Dakigunez, formatu hori bera hartu zuen ondoren zine-industriak.

Egundoko aurrerapena izan zen pelikula hori eta berari esker, 1891n kinetoskopioa patentatu zuen, filmeak banaka ikusteko aparatua. Alabaina, pantaila batean eta jendaurrean egindako lehen proiekzio zinematografikoa Louis (1864) eta Auguste (1862 1954) Lumière anaiek egin zuten 1895eko abenduaren 28an, asmatu zuten zinematografoa jendaurrean aukeztu zutenean Parisen (artikulu honen sarreran dagoen irudia). Kamera eta proiektorea konbinatzen zituen tresna zen zinematografoa. 100 urte igaro dira orduz geroztik eta gertakari huraxe hartzen da zinearen sorreratzat. Halaber, gertakari hori da lerro hauek idaztera ekarri gaituen arrazoia.

Zinea sortu da

Lehen irudi horietan, eguneroko bizitza isladatzen zen, hala nola, tren bat iristeko unea, lantegi bateko langileen irteera, eta abar; baina zineak laster ekin zion kontakizunak pantailaratzeari.

Georges Méliès (1861-1938) erredaktore eta produktorea duzue zineak izan duen lehen izen handia. Bera izan zen gidoiak erabili zituen lehena eta gaur egungo zineak erabiltzen dituen trukaje gehienek haren asmakizun eta esperimentuak dauzkate oinarri. 1896-1913 bitartean 500 filme ekoiztu zituen, zuzendari-, eszenografo-, operadore- eta zenbaitetan, aktore-lanak ere egin zituelarik berorietan.

Zine-lengoaiaren oinarriak (hau da, kontakizunaren azkartasuna, bapateko egoera aldaketak, espazio- eta denbora-jauziak, plano, sekuentzia eta eszenen bidezko antolakuntza) XX. mendeko lehen urteetan finkatu ziren, W. Griffit-en lanei esker bereziki, baina Alemaniako espresionisten (F. Lang, F.W. Murnau) eta sobietar zinegileen (S. Eisenstein, V. Pudovkin, etab.en) bidez ere bai.

Woody Allen-en Play it again, Sam filmearen (1972) fotograma.

Ordurako EEBBetan zinearen industria garatzen hasia zegoen. Soinurik gabeko lehen zine “mutu” horren arlo garrantzitsua komedia izan zen, Charles Chaplin, Buster Keaton eta Harold Lloyd direlarik izar nagusiak. Zinearen iraultza artean mamitu gabe zegoen eta 1927an soinu eta irudia pelikulan integratzea lortu zenean, aro berri bati hasiera eman zitzaion. Alan Crosland-en “Jazz kantaria” lanak ireki zion atea aro berri horri. Soinua erabili ahal izateak zinearen espresio-baliabideen esparrua zabaltzea ekarri zuen (soinu efektuak, zine musikala, elkarrizketa, etab.) eta horrek guztiak zineak ikuskizun zein espresio-bide artistiko gisa arrakasta handia izatea ekarri zuen.

Bigarren Mundu-Gerra bitartean, zinearen munduan Hollywood-eko estudioak izan ziren nagusi, askotan zine-produkzioa industria hutsaren ezaugarriak hartuz (gaurko egoeratik aztertu beharko litzateke beraz, orduan abiatu zen joera). Garai horretakoak dira zinean klasiko bihurtu diren hainbat zuzendari eta filme, hala nola, J. Renoir, E. Lubitsch, H. Hawks, J. Ford eta O. Welles: txuri beltzezko aroan aurki daitezkeen izen handiak dira horiek. 1935ean izan ere, kolorezko lehen filmea egin zen, baina beste hogei urte behar izan ziren teknika hori arrunt bihurtzeko.

Gerra-garaian eta ondorengo urteetan, Hollywood-en gerra-filme asko egin zen eta askotan helburu propagandistiko hutsa zutela esan daiteke; une horretantxe heldu ziren Estatu Batuetako estudioak beren mailarik gorenera. Handik aurrera, ikuskizun-mailan lehiakide indartsua izango zena sortu zen: telebista.

Mundu osoa zinearen merkatu

Bestetik, herrialde askotan zine-produkzioa indartzen eta dibertsifikatzen hasi zen eta zuzendari eta talde independenteak sortu ziren. Europara berehala hedatu zen zinearen xarma: eskola garrantzitsuenak Italiako neoerrealismoa eta Frantziako nouvelle vague delakoa izan ziren.

Bitartean, baliabide berriak integratzen hasi ziren. Zinea zientziaren eta teknologiaren bezero zintzoa izan dela adierazten du horrek eta esate baterako, 80. hamarkadan zinematografia bideoz eta ordenadore-bidezko animazioaz baliatzen hasi zen.

Zinea Euskal Herrian

Mundu osoan sukarraren moduan hedatzen ari zen mugimendua ez zen Euskal Herriko ateetan gelditu. Alabaina, 1928 urtera arte ez zen euskal produkziorik pantailaratu: M. Azkonaren Basterretxeko premutza filmeak hautsi zituen mugak. Nolanahi ere, 1968ra arte ez zen Euskal Herrian filmerik ekoiztu ( Ama Lur , N. Basterretxea eta F. Larrukert). 1979-1983 bitartean Ikuska dokumental-saila egin zen.

Euskal zinearen aro berria 1981ean hasi zela esan daiteke; horren errua, meritua gehiago esango genuke, Imanol Uriberen Segoviako ihesa filmeak dauka. Geroztik, euskaraz egindako hainbat filme burutu dira: Erreporteroak (I. Aizpuru, 1884), Hamaseigarrenean aidanez (A. Lertxundi), Ehun metro (A. Ungria, 1985), Zergatik Panpox (X. Elorriaga, 1985), Kareletik (A. Lertxundi, 1987), Oraingoz izen gabe (J.J. Bakedano, 1987), Ke arteko egunak (A. Ezeiza, 1988), beste batzuen artean.

FILMEA EGITEKO PROZESUA

Filmea egiteko prozesua bista-hartze edo errodajearekin hasten da. Horretarako erabiltzen den oinarrizko tresna zinematografo-kamera da eta berau argazki-kamera baino ez da, baina pelikula abiadura jakin batean pasatzen da objektiboaren aurretik. Motore batek bulkadak igortzen dizkio arraste-sistemari eta horrek pelikulari aldizka tira egiten dio alboko zuloetatik helduta. Beraz, pelikula ez da era jarraian higitzen, baizik eta tarte erregularretan egiten du aurrera eta beste tarte batzuetan geratu egiten da.

Kamera Kameran pelikula fotogramaz fotograma higitzen da eta fotograma bakoitza argiaren aurrean dagoen bitartean, pelikula geratuta egoten da. Pelikula higitzen ari denean, objektiboa estalki biragarri baten bidez estaltzen edo ixten da. Filmaketak normalean, 24 fotograma segundoko abiaduran egin ohi dira.

Geratzen den bakoitzean, argiaren eraginpean gelditzen da pelikula (fotograma bat inprimatzen da) eta higitzen ari denean, estalki biragarri batek objektiboa estaltzen du argia pasa ez dadin. Kamera normaletako filmatze-abiadura 24 fotograma segundokoa da. Zine mutuaren garaian 16 fotograma segundokoa zen.

Soinua, kamera berezi baten bidez edota kamerarekin sinkronizatutako magnetofono baten bidez erregistratzen da. Bista-hartzailearekin zuzenean ere graba daiteke, pista optiko edo magnetikoa erabiliz. Merkatal filmeetan, zenbait soinu-banda grabatu ohi dira. Batak elkarrizketak izaten ditu, beste batek musika, hirugarren batek efektu bereziak, etab. Kasu batzuetan, hamar banda baino gehiago erabiltzera ere iritsi da, nahiz eta maizenik gehienez ere lau erabili izan.

Laborategian pelikula errebelatu ondoren, kopia bat lortzen da pelikularen muntaia egiteko eta behar ez den materiala baztertu egiten da. Merkatal filmeetan, normaltzat hartzen da filmatutako guztiaren %10i probetxua ateratzea. Muntaia egin ondoren, bikoizketa, soinuaren muntaia (imajinaren eta soinuaren sinkronizazioa) eta nahasketak (soinu-banda desberdinen koordinazioa) egiten dira. Eragiketa hauek burututakoan, pelikularen jatorrizko negatiboa aipatutako eragiketen emaitza den kopioiaren arabera ordenatzen da; azkenik, kopiak egiten dira.

Proiektorea Proiektorean ere, pelikula higidura tartekatuarekin pasatzen da "Maltako gurutzea" deituriko gailu baten bidez. Fotograma arteko tarte labur horietan, proiektoreko argia itsutu egiten da estalki biragarriaren bidez. Fotograma bakoitza bi aldiz proiektatzen da eta pelikulak pantailan, segundoko 48 aldiz "keinuak" egiten ditu.

Azken emaitza, proiektoreari esker ikusten da. Argi indartsu batek fotogramak zeharkatzen ditu, imajinak pantailan proiektatuz. Proiektorearen arraste-sistema bista hartzailearen antzekoa da eta filmatzeko abiadura berean (24 fotograma sengundoko, eskuarki) proiektatu behar da.

Filmaketak ordea, beste abiadura batzuetan ere egin daitezke. Kamera geldoa deitua adibidez, ikusleak jasotzen duen higiduren geldotasun edo astirotasunaren sentimena, ohizko segundoko 24 fotograma baino abiadura handiagoan egindako filmaketaren emaitza baino ez da. Alderantziz, filmatze-abiadura murriztuko balitz, higidura oso lasterrak inprimatuko lirateke. Azken sistema honekin adibidez, lore baten hazkuntza geldoa antzemateko moduan ikus dezakegu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia