Zilioforoak, animali erreinuko partaide berriak...
1996/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nature aldizkariak bere abenduko alean iragarri zuenez, Kopenhageko Unibertsitateko Peter Funch eta Reinhardt Mobjerg Kristensen zientzilariek filum berri batean sailkatu behar den animalia bat aurkitu dute. Animalia berri horrek Synbion pandora du izena eta filum berriari Cyliophora izena eman diote. Harrigarriena ez da filum berri batean sailkatu behar den animalia bat aurkitu izana, animalia hori aurkitu den lekua baizik.
Izan ere, Synbion Pandora Danimarka eta Suedian aurkitu da oraindaino eta ez nonahi, herrialde horietan harrapatutako hainbat zigalaren ahotan baizik. Seguraski, animalia hori lehenago ezagutu ez izanaren arrazoia, bere tamaina txikia da, Symbion pandoraren alerik handienek milimetro erdia baino gutxixeagoko luzera baitute.
Espezie horren berezitasunik aipagarrienak bere gorputzaren itxura bitxia eta bere bizi ziklo are bitxiago eta nahaspilatua dira. Funch eta Kristensenen ustez, hain dira bereziak ezaugarri horiek, espezie horrek animali erreinu guztian parekorik ez duela eta filum berri batean sailkatu behar zela erabaki zuten. Erabakia, jakina, ez da behin-betikoa. Horretarako, zilioforoen filumak arloko espezialisten onespena jaso beharko du eta hori gertatzekotan, artikulu eta eztabaida askoren ondoren gertatuko da.
Nolanahi ere, espezie hori filum berri batekoa izan zein ez, berria pozgarria da. Berririk gehienak desagertzen ari diren espezieei buruzkoak diren garaiotan, espezie berriren bat aurkitu dela entzuteko beharra izaten dugu tarteka.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia