Zilarrezko UEUri goraintziak

1997/05/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Efemeride gisa aipatu ohi diren urtemugara iritsi zaigu UEU ere: hogeita bost urte. Gutxi al dira ala asko? Hainbat, Bizkaia aldean esaten dugunez. Hogeita bosgarren urtearen muñotik begiratuta, zerbait esan behar dugu hastapenetan ezagutu genuen UEUz.

Martin Orbe

Euskararen normalizazioan eta euskal kulturaren gune erreferentzialen artean lortu duen izena eta izana izango lirateke, dudarik gabe, UEUz aritzean lehenik aipatu beharrekoak. Baina edozein ekimenez, eta berezia bada areago, beste gogoeta batzuetarako bidea ere ematen du. Hona, bada, nire aldetik, horietako bat edo beste.

Iparraldeko sorlekua

Egunkaria

Egoera politikoak hartaratuta gehienbat, Bidasoaz beste aldean egin zituen UEUk bere lehen urratsak. Euskal literatura sortu zen ingurune berdinean, beraz. Iparraldeak eman dio euskarari, beste behin, Etcheparek aldarrikatutako “ behar duen thornuya ”. Leiçarragak gogoan zuen “ heuscal herria ” eta Axularrek, bat ahaztu gabe, Nafarroa garaitik Alaba-herriraino aipatzen zituen herrietako Laphurdin abiatu zen.

Liluragarria hastapen hau Monarkien zuzen ala zeharkako heredentzietan ala Estatuen arteko konkista, trukaketa edo anexioetan ala nazioarteko deklarazio zein hitzarmenetan baino askoz ere berezkoagoa den eta aldien gau ilunean galtzeraino luzatzen den zerbaitetan dituela Euskal Herriak herria –herri bat, beraz– izatearen sustrai zahar eta sakonak sinesten dugunontzat, hots, euskarak egiten gaituela Euskal Herri. Nahiz eta, orain ere, Axularrekin zera esan behar “ erresumak baitituzte diferent ”.

Hor dugu, bada, UEUren lehen abialdiko emarietako bat: Lapurdin eman lehen pausuak, Nafarroan finkatu eta iraun hogeita bosgarren urtera arte eta tartean bikoiztu Iruñean eta Baionan, bietan, ekiteko.

Harrotasunez aipatzeko abialdia, batetik, eta “ erresumak diferent ” baitira oraindik, eginkizun ditugun hurreratze eta bateratze askoren argigarri, bestetik. Ea noiz ez den notizia Iparraldean ala Nafarroan Euskal Herriari dagokion edozer sortu edo kokatu dela azpimarratu beharra.

Militantziaren gunea

Ez da hau lekurik aproposena militantziaren goraipamenak egiten hasteko. Bestalde, militantzia garai zailetan tokia izan zuen, baina gaur egun erabat gainditutako edota gainditu beharrekotzat jotzen den zerbait bihurtu delakoan nago.

Egia da herrigintzako edozein arlo, eta beraz hizkuntza eta kultura alorrak ere bai, ofizialtasun osoaren aitorpenera iritsi eta publikotasunaren estatusetik kudeatua izateko giza eta gizarte-iharduerak direla. Hortik joan bide doaz euskalgintzaren ahaleginak ere, eginkizun horretan giza bitarteko eta baliabide ekonomiko gizentsuenak erabiliz.

Baina kontua da Euskalgintzak gabezia eta hutsarte geografiko eta sozial asko dituela, bide ofizialetatik erantzunik ez dutenak eta, ene ustez, ezin izan dezaketenak gaur egungo ofizialtasunean, lor daitekeen estatus hoberenak ere, ezinbestean, desabantail nabarmenean izan behar duelako inguruko erderen egoera onartu eta indartsuaren parean. Ofizialtasunetik eta normalkuntzatik, oraindik, ezin duguna herri-ekimenez aldarrikatzen eta bideratzen jarraitu beharra dugu.

Bi aipatuko nituzke, baino zabalagoa dugun esparru honetan, UEUren ekarpenen artean. Batetik, jende askok norberak aukeratutako jakintza-eremuan, euskaraz eta euskal senaz, bere burua janzteko dituen gogo eta asmoak bideratzeko gune bat sortu izana. Horrela ulertu behar da UEUren militante-lana. Izan ere, ez da militantziarik emankorrena bakardadean burutu daitekeen misiolaritza-kutsuko militantzia. Militantziagune garrantzitsu eta erakargarriak behar ditugu. Bestalde, militantzia gazte jendearen egin nahi suharrari lotutako zerbait bezala ikusi ohi da. Hori da estereotipoa. Baina, zorionez, UEUk gama zabalagoko militantzia-lana jaso izan du. Jende heldu eta izen ospetsu eta saiatuen presentziak eta irakaspenak hasiera-hasieratik izan dute tokia UEUren programetan.

UEUko zuzendari ohiak, "dinosauru" nagusiak. Ezkerretik hasita: Martin Orbe, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia eta Baleren Bakaikoa.

Eta bat eta bi baino gehiago izan dira. Goitik beherainoko militanteak ezagutzeko aukera izan nuen. Militantzia eginbide sistematzat duen esparrutik hurbildu nintzenonek aitortu behar dut ekimen honetan aurkitu eta bizi izan nuen militantziaren indarra izan zela gehien ukitu ninduena. Gure etorkizuna eraikitzeko ahaleginetan, maiztxo, adoregabetzeraino gibelarazten gaituzten beldur eta zalantzei adorez aurpegi emateko kemena kutxarazteko giza dohaia duten militanteak. Hauexek izan dira, eta dira, UEUren benetako zutabeak.

Kalitatearen erronka

Euskalgintzan aurrera egin nahi eta beharrean, asmo, proiektu edo eskakizunen bat planteatzen denean, kalitatearen zalantza nagusitzen da oraindik gure artean.

Mendeetan pairatu izan duen ordezkapen-egoera dela eta, eskasia latzak ditu euskarak zernahitarako tresna egoki eta malgua izateko. Euskalzaletasunak ez gaitu hori ez ikusteko bezain itsu egin behar. Baina ataka honetan bi norabide har daitezke.

Zalantza erizpidetzat hartuz, egoera minorizatuetatik aurrera ez egiteko neurrietan euskara lantzea izan daiteke bata. Ez da oso azkarra izan behar jokamolde honek nora garamatzan ikusteko. Inoiz ezin gainditu izango dugu kalitatearen erronka, hizkuntza kultoetatiko diferentzia urritu beharrean areagotu egingo baita eta Europako hizkuntza zaharrenaren bitxikeriak eraberrituko dituen museoan erakutsi ahal izango ditugu kasurik hoberenean. Euskarak, biziko bada, ezin dio ukorik egin osotasunezko izaerari.

Edo euskararen aldeko benetako apostua egiten dugu eta horrela erantzungo diogu kalitatearen erronkari. Eta honetan ere Iparraldeko gure klasikoak ditugu bide-erakusle. Ez dago Axularren harako hura gogoratzea besterik: “ Baldin eguin baliz euscaraz eta hitzcuntçaz, hec beçain aberats eta complitu içanen cen euscara ere, eta baldin hala ez pada, euscaldunec berec dute falta eta ez euscarac ”.

Kalitatearen erronkari aurpegi ematea erabaki zuen UEUk eta inork ezin ukatu izango dizkio eman dituen aurrerapausuak. Lekutan gelditu dira bosgarren UEUn, Iruñean egiten zen lehenengoan, hamabost egunez, modu ezin artesanalagoz lan eginez Algebra liburuaren moldapena txanpan eta guzti –gogoratzen Albaro eta konpainia?– ospatu genuen egunak...

Horixe da bidea eta hortik abiatu zen eta hortik darrai UEU. Ez, bada, etsi.