Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zientziaren gehiegizko espektatibak

2019/06/03 Alberto Ansuategi Cobo - Ingurumen-ekonomiako ikertzaileaEHU | Agirre Escobal, Ana - Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia SailaEHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hedabideok eta zientzialariek etengabe aztertu beharko genuke nola komunikatzen ditugun zientzian eta teknologian gertatzen diren aurrerakuntzak. Batzuetan, ikusgarritasuna eman nahian, gehiegizko espektatibak sor ditzakegu gizartean, eta, ondorioz, sekulako kaltea eragin, soziala zein zientifikoa.

Puri-purian dauden bi alor ekarri ditugu, edizio genetikoan erabiltzen den CRISPR teknika eta krisi klimatikoa konpontzeko teknogiena, eta horretan aditu diren Ana Agirreri eta Alberto Ansuategiri galdetu diegu gehiegizkoak ote diren sortu diren espektatibak.

zientziaren-gehiegizko-espektatibak
Arg. Pixabay

Klima konpontzen

Alberto Ansuategi Cobo

Ingurumen-ekonomiako ikertzailea (EHU)

IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (NBE) berriki ohartarazi duenez, planetak hamarkada bat du, ez gehiago, beroketa globala 1,5 °C-ren mugaren azpitik atxikitzeko.  Bestalde, 1,5 °C-ko muga ez gainditzearen erronka ez da nolanahikoa: karbono-isurketak % 50 murriztu beharko dira hurrengo hamarkadan, eta zero izatera iritsi beharko dira, 2050erako. Herri industrializatuen sistema ekonomiko eta energetikoa sakon aldatzea eragingo du horrek, eta ez da harritzekoa, beraz, klima-aldaketa konpontzeko teknologiek itxaropen ugari sortu izana azken urteotan.

Teknologia horien inguruko eztabaida gizarteratzeko orduan, hiru argudiaketa-ildo erabili dira. Batetik, uste da teknologia horietako batzuk ezinbesteko tresna izan daitezkeela karbono-isurketen murrizpenei buruzko Parisko asmo handiko helburuak betetzeko. Hain zuzen ere, klima-adituek 1,5 °C-ko helburua lortzeko erabiltzen dituzten agertoki ia guztietan, karbonoa harrapatzeko eta biltegiratzeko teknologien erabilera hartzen da kontuan. Beste batzuek, berriz, ez dute uste karbono urriko ekonomiarako trantsizioa behar bezain azkar erdietsiko denik, eta, ondorioz, era guztietako geoingeniaritza-konponbideak defendatzen dituzte, klima-krisia ekiditeko “B Plan” gisa: adibidez, itsasoa burdinaz, ureaz eta beste elikagai batzuez ongarritzea (horrek ugariaraziko lukeen fitoplanktonak atmosferako CO2-a bereganatuko lukeelakoan), edo eguzki-erradiazioa kudeatzea (esaterako, estratosferaraino eguzki-izpiei oztopo egingo lieketen produktu kimikoak bidaliz). Azkenik, erregai fosilen ustiaketatik etekin handiak lortzen dituzten herrialde eta multinazionalen erabaki estrategikoa izan daiteke, halaber, geoingeniaritzaren aldeko apustua egitea, beren aberastasun-iturria ez agortzeko.

Oker daude uste dutenak geoingeniaritza dela erregai fosilen aroa luzatzeko edota klima-krisia ekiditeko giltza. Ongi etorriak izan daitezela karbonoa harrapatu eta biltegiratzeko teknologiak, 1,5 °C-ko muga ez gainditzeko trantsizioan lagunduko badigute, baina ez dezagun amestu planetaren termostatoaren agintea gure esku dagoenik, ametsa amesgaizto bilakatuko baitzaigu.

 

CRISPR neurri terapeutiko gisa

Ana Agirre Escobal

Minbiziaren biologia molekularreko ikertzailea (EHU)

Biologia molekularrean etorkizun handieneko teknika da CRISPR. Josteko kit baten antzekoa da, eta geneak nahiko erraz eta merke eraldatzeko aukera ematen du. Osagai hauek ditu: guraizeak (DNA hausten duen proteina bat, genomaren puntu jakin batera gidatuko duen RNA-molekula bati lotua), jostorratza eta haria (DNAren hausturak konpontzen dituzten entzimak), eta DNA-zati labur bat, guraizeekin sortutako muturrak elkartzeko aukera ematen duena (ebakitako tokian zegoen DNA-sekuentziaren aldean desberdintasun txiki bat du, aurrez laborategian prestatua); konponketan, segmentu berri horrek ordezten du jatorrizko sekuentzia.

Gene alteratu batek eragindako patologia genetikoren bat duten pertsonentzat, potentzial terapeutiko oso erakargarri eta itxaropentsua du. Baina CRISPR ez dago arriskuetatik ez gatazka etikoetatik salbuetsita, eta horregatik erabiltzen da bakarrik ikerketan edo saiakuntza klinikoetan.

Azken hilabeteotan, eztabaida eragin dute CRISPRekin lotutako hainbat albistek: Jiankui He txinatar zientzialariak bi haurtxori eragin dien eraldaketa genetikoak aztoratu egin ditu zientzialariak, politikariak eta gizartea, oro har. Bestetik, CRISPR alorreko ikertzaile garrantzitsuenek konpromisoa hartu dute heredatzeko moduko eraldaketarik ez egiteko DNAn, eta espero da bost urtez luzatzea konpromiso hori, teknika seguruagoa izan arte.

Bestalde, jakin dugu jada aplikatu zaiela gizakien patologia oso gogorren (adibidez, progeriaren) sagu ereduei, bai eta beste gaixotasun batzuetarako saiakuntza klinikoetan ere (hala nola, Hunterren sindromea, anemia faltziformea eta beta-talasemia). Komunikabideei filtratu zaizkien informazioek aditzera ematen dute oso emaitza onak lortu direla.

Zalantzarik gabe, luzaro jarraituko dugu CRISPR teknikari buruz hizketan, eta neurri terapeutiko gisa erabiltzen amaituko dugulakoan nago, patologia genetikoak dituzten milioika pertsona baitaude munduan, teknika horretaz balia litezkeenak.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia