}

Zientzia eta demokrazia

2011/03/01 Pérez Iglesias, Juan Ignacio - Kultura Zientifikoaren KatedraEHU-BFA Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez dut egin; ez dut azterketa hori egin, baina inoiz egingo dut, eta badakit zein izango den emaitza. Munduko estatuetako gardentasun-indizearen eta zientzia-ekoizpenaren datuak jarriko bagenitu koordenatu-sistema batean, berehala ikusiko genuke estuki loturik daudela bi ezaugarri edo aldagai horiek. Beste era batera esanda, gardentasun handiagoa (ustelkeria gutxiago) dagoen herrietan zientzia-jarduera gehiago dago, eta alderantziz. Horrekin ez dut esan nahi bata bestearen menpekoa denik; seguru aski ez dago bi ezaugarri horien arteko menpekotasun zuzenik. Baina horrelako lotura bat egoteak adieraziko luke elkarrekin gertatzen direla bi kontu horiek; gardentasuna eta zientzia-jarduera, alegia.
Zientzia eta demokrazia
2011/03/01 | Pérez Iglesias, Juan Ignacio | Kultura Zientifikoko Katedra, EHU-BFA
(Argazkia: © iStockphoto.com/Felix Möckel)

Hori ez litzateke harrigarria izan beharko. Bi arrazoi-mota dago, balioei dagozkien arrazoiak eta arrazoi funtzionalak, eta, gainera, zerikusi handia dute batzuek besteekin. Balioak jorratzen hasiko naiz. Zientzia, egun ezagutzen dugun moduan, Argien Mendean jaio zen. Gizateriaren historiaren garai hartan, zientzia eta, oro har, ebidentzian oinarrituriko ezagutza aurrerapen intelektualaren eragile nagusi bilakatu ziren. Areago, Argien Mendean finkatu ziren egungo gizarte demokratiko eta irekien oinarriak ere. Ez dut uste kasualitatearen ondorio hutsa izan zenik bi sortze horiek --gizarte demokratikoarena eta zientziarena-- batera gertatzea. Giro intelektual berean jaio ziren ideia berri horiek: zientziaren oinarriei zegozkienak eta geroko hamarkadetan gailenduko zen ideologia liberalaren oinarrian daudenak. Azken batean, berberak dira ebidentzian oinarritutako ezagutzaren oinarriak eta gizarte ireki eta demokratikoenak: zalantza, askatasuna, tolerantzia eta baikortasuna dira oinarri edo balio horiek. Eta arerio berberak dituzte biek: aurreiritziak, intolerantzia, dogmatismoa eta ezkorkeria.

Arrazoi funtzionalez arituko naiz ondoren, baina argi geratu behar da, lehenago esan dudan bezala, aurreko lerroetan adierazitako balioekin zerikusi handia dutela beste mota honetako arrazoiek. Ebidentzian oinarrituriko ezagutzak ez du bere eragina zientziaren alorrera mugatzen; izan ere, zientziaren muina izateaz gain, ezagutza mota horrek zeregin garrantzitsua du gizarte demokratikoetan. Zientzia-hipotesiak saiakuntzen antzerakoak dira hasieran; batzuk berehala baztertzen dira, baina ebidentziak baieztaturik geratzen dira besteak, eta finkatutzat hartuak. Zientzia-metodoaren arabera, hipotesi berri guztiak aztertu eta egiaztatu behar dira; eta hipotesi batzuek aurrekoen tokia hartzen dute denboraren poderioz. Antzekoa da gizarte demokratikoen funtzionamendua. Kritikarako askatasuna eta besteen iritziekiko tolerantzia funts-funtsezkoak dira gizarte horietan, eta, hori dela eta, sistema bera bilakatu egin daiteke kritika eta ebaluazioaren ondorioz.

Popperren 1 arabera, mekanismo berberari esker, ongizate-maila bikainak lor daitezke gizarte demokratikoetan. Kritikari esker, ebaluatu egin daitezke egiten diren proposamenak, eta ebaluazio horren ondorioz hauta daitezke aukera onenak. Gero, gainera, proposamen horiek praktikara eramaten direnean, haien emaitzak ere ebalua daitezke, eta, ebaluazio horren ondorioz, politika horiek mantendu, aldatu edo baztertu egiten dira. Azken batean, gertatuko denaren inguruko aurreikuspenetan oinarritzen dira politika guztiak. Eta politika-tankera batzuk edo besteak ezarri ondoren, aztertu, ebaluatu eta kritikatu egiten dira haien emaitzak. Gizarte ireki eta demokratikoetan gertatzen da hori; diktaduretan, aldiz, ezin egon daiteke horrelakorik, kritika bera galarazita baitago, eta kritikarik gabe ezin baitaiteke ganorazko ebaluaziorik egin. Horregatik, garrantzi handikoa da gizartearen funtzionamendua zientziaren balio bertsuetan oinarrituta egotea.

Iraganean, zientziaren eta erregimen diktatorialen artean bateraezintasuna dagoela agerian uzten duten adierazleak izan ditugu. Paradigmatikoa izan zen Sobiet Batasuneko Lysenko kasua 2 . Genetikari buruzko ezagutzarik ez zuen agronomo bat zen Trofim Lysenko, baina 35 urtetan (1929-1965), hark baldintzatu zuen, goitik behera, nekazaritza sobietarraren garapena. Lamarcken ideien aldekoa zen Lysenko. Ezaguna denez, ideia horien arabera, bizitzan erdietsiriko ezaugarriak heredagarriak dira. Oso gustuko zituen ideia horiek Lysenkok, bere ustez ideia komunistekin bat egiten zutelako. Botere handia lortu zuen Stalinen diktaduraren garaian, eta eragin handia izan zuen Stalinen agintaldian zehar eta geroko urteetan ere; oso zientzialari gutxik egin zion aurre, eta horietako batzuek bizitza galdu zuten horregatik. Baina Sobiet Batasuneko nekazaritzak oso emaitza kaskarrak izan zituen urte horietan guztietan.

Egun, gero eta diktadura gutxiago daude munduan, demokrazia hedatzen ari baita herrietan. Bada salbuespen esanguratsurik, noski, baina horri dagokionez, gauzak gero eta hobeto daude. Hala ere, kontraesanez beteriko aro batean bizi gara. Zientziarekin eta zientzia eta teknologiaren produktuekin nolabaiteko mesfidantza sortu da mendebaleko herrietan. Jakina, horrek ez dio ondorio onik ekarriko gure herrien garapenari. Baina garapena bera baino gehiago, nire ustez, jarrera horiek gizarte demokratikoei egin diezaieketen kaltea da arriskugarriena. Zientziaren onurak zalantzan jartzen badira, zientziaren printzipioak kolokan gera daitezke, eta, lehenago ikusi dugun bezala, zientziaren printzipioak eta gizarte ireki eta demokratikoenak berberak dira.

Hori dela eta, gogor eutsi behar diogu zientziaren eta beraren printzipioen defentsari. Zientziaren eta ebidentzian oinarritutako ezagutzaren aurkako jarrerak gero eta hedatuago daude gure gizartean, eta dogmatismoa eta fundamentalismoa gero eta indartsuago bilakatzen ari dira. Azken batean, zientziaren oinarriak zalantzan jartzen badira, gure gizartearen printzipioak geratzen dira kolokan. Horrekin ez gara nahastu behar, etorkizuneko ongizatea baitago jokoan, bai ongizate materiala, bai ongizate politiko eta intelektuala ere.

1 Karl Popper (1974): "Unended Quest. An Intellectual Autobiography" The Library of Living Philosophers.

2 Alexander Kohn (1986): "False prophets. The fraud and error in Science and Medicine". Basil Blackwell.

Pérez Iglesias, Juan Ignacio
2
273
2011
3
021
Historia; Etika
Analisia
54

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia