Zianobakterioak, modernoak?
2002/10/28 Elhuyar Zientzia
Biologia-liburuetan zianobakterioak bizidunik zaharrenetarikoak direla esaten da eta, gainera, gaur egungo atmosferan daukagun oxigenoaren sortzaile nagusiak direla. Hala ere, uste hori hankaz gora geldi daiteke aurkeztu berri den teoria baten arabera.
Washingtongo Unibertsitateko Carrine Blank-ek 53 bakterio-espezieren 38 gene aztertu ditu. Gene horien artean gutxien aldatu diren geneen jarraipena eginez, bakterioen eboluzioa nolakoa izan zen azal dezakeen zuhaitz bat osatu du. Zuhaitz horren arabera, zianobakterioak uste dena baino 100 milioi urte geroago sortu ziren, hau da, uste baino modernoagoak dira.
Datu hori egia bada, zianobakterioek ezin dute atmosferako oxigenoaren sortzaileak izan. Horrek azalduko luke garai haietako harrietan zianobakterioen fosilik aurkitu ez izana, baita zelula horiek duten metabolismo garatua ere. Beraz, Blank-ek uste du zianobakterioak askoz primitiboagoak ziren beste bakterio batzuetatik eboluzionatu zutela. Atmosferako oxigenoa, berriz, ezezaguna den beste prozesu biokimiko bati esker sortu zen, haren ustez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia