Zeta: leuntasuna eta luxua

2003/05/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

"Sarri joaten zarete operara? Imajina ezazue gaur gauean ni ikustearren zoaztela operara, Rhingo Urreak irekiko duen jaialdira. Mila pertsonatik gora jantzi luze eta traje ilunekin. Emakumeen usain goxoa, perfume eta desodoranteek isuritako giro lurrintsua. Esmokinen zeta beltzaren dirdaia, kokote garbien eta diamanteen distirak. Dena distiratsu".
Garai batean gizarte-maila altuetakoek bakarrik erabiltzen zituzten zetazko oihalak, eta oraindik luxuaren adierazle izaten jarraitzen du zetak.

Paragrafo hori Patrick Süskind-en Kontrabaxua antzerki-lanean azaltzen da. Bertan, luxua eta oparotasuna adierazteko, ‘opera’, ‘perfume’, ‘esmokin’, ‘diamante’ eta, nola ez, ‘zeta’ hitzak erabili ditu. Eta ez alferrik, zeta ehun preziatuenetako bat izan baita betidanik.

Izan ere, zetak ukitu leuna eta gozoa du, distiratsua da, kolore liluragarrienez tinda daiteke eta ekialdeko magia adierazten du. Gainera, arina, iraunkorra eta elastikoa da, ez du surik hartzen, euriari eusten dio eta intsektuek ez diote eraso egiten.

Hala ere, den-dena ezin aldeko izan, eta baditu hain onak ez diren alderdiak ere: eskuz eta ur hotzez garbitu behar da, ez da lixiba erabiltzea komeni, erraz zimurtzen da eta kontuz lisatu behar da. Eragozpenak eragozpen, zetaren ospeak milaka urte iraun du, eta ez dirudi hura gaindituko duen ehunik asmatuko dutenik epe motzean.

Jaiotzez, txinatarra

Zetak animalia-jatorria du, hain zuzen, zeta-harrak ( Bombyx mori ) ekoizten du, tximeleta bihurtzeko egiten duen bidean. Dirudienez,
K.a. 2.700 urterako, Txinan bazekiten nola aprobetxatu zeta-harren lana, eta ehunka urtean kontu handiz gorde zuten sekretu hori. Zetazko oihalak gizartearen maila gorenetan bakarrik erabiltzen zituzten, eta zetaren ekoizpena arte sakratutzat hartzen zuten.

Zeta-harra masustondo-hostoz elikatzen da, eta bi egunetik behin bere pisua eta neurria bikoiztu egiten dira.

Denborarekin, Japoniara, Indiara eta Pertsiara zabaldu zen arte hori, eta K.a. 200erako mendebaldera iritsi zen. Europan, zetaren industrializazioa V. mendean hasi zen, eta gerora asko garatu zen Italian, Frantzian eta Espainian.

Arrautzatik kapulura

Zeta-harraren zikloak 60 bat egun irauten du, eta hainbat fasetatik igarotzen da: arrautza, harra, krisalida eta tximeleta. Gizakiak zikloaren iraupena aldatzea lortu du; hartara, ekoizpena kontrolatzen du. Nolanahi ere, tximeletak heltzen direnean, arrak emea ernaltzen du, eta emeak 300-500 arrautza jartzen ditu. Gero hil egiten da; arrak, berriz, egun gutxi batzuk gehiago iraun dezake bizirik.

Arrautzak txiki-txikiak dira: gramo batean 1.000-1.500 arrautza sartzen dira. 25° C-tan, 15 egunera jaiotzen da harra. Orduan, jaten hasten dira. Bere elikagai bakarra masustondoaren hostoak izaten da, eta bi egunetik behin, beren pisua eta neurria bikoiztu egiten dira. Horrela, jaiotzean 2,1 mm neurtzetik 25. egunean zortzi cm neurtzera pasatzen da, eta, ordurako, pisatzen duenaren halako
20 masustondo-hosto jan du. Halaxe segituko du, jan eta jan,
2,5 cm-ko lodiera eduki arte. Orduan, badirudi ase egiten dela eta, gorputzaren aurrealdea altxatuta, alde batera eta bestera dantzatzen hasten da. Horrek zeta-kapuluan biltzen hasiko dela adierazten du.

Zetazko jauregia

Zetak ukitu leuna eta gozoa du, eta kolore liluragarrienez tinda daiteke.

Harra, krisalida bihurtzeko prest dagoenean, zeta-kapulua egiten hasten da. Horretarako, burua zortzi zenbakiaren itxuran mugitzen du, beheko barailatik hurbil dituen bi guruinek likido bat jariatzen duten bitartean. Airearekin kontaktuan, likido hori solidotu eta zeta-hari bihurtzen da. Horrekin batera, harrak bi harizpiak batzen dituen goma bat jariatzen du. Hiru egunetan, duen likido guztia zeta bihurtzen du. Kapulu batean, 1.300 m zeta-hari biltzen da, eta 5.500 zeta-har behar dira kilo bat zeta ekoizteko.

Zeta-kapuluaren barruan, harra krisalida bihurtzen da. Gizakiak aukera emanez gero, 20 egunetan krisalida tximeleta izatera iritsi eta kanpora aterako litzateke. Horretarako, ordea, zeta-kapulua puskatu behar du. Hori galarazteko, zeta-kapuluak aire beroko hodi batzuetatik pasatzen dituzte, eta, horrela, barruan garatzen ari diren tximeletak hil egiten dira.

Prozesuaren azken pausoak gizakiaren eskuetan daude. Aurrena,
zeta-kapuluak bildu eta egosi egin behar dira; horri esker, goma desegin egiten da eta errazago askatzen da kapulua. Hariak oso-oso meheak direnez, ezin dira banaka erabili, eta kapuluak launaka edo hogeinaka askatzen dira, lortu nahi den hari-zuntzaren lodieraren arabera. Gero, zeta landu egiten da, hariak bihurrituz. Bihurritzeko modu desberdinek itxura desberdineko oihala ematen dute. Azkenik, zeta irun eta tindatu egiten da. Emaitza oihal leun eta distiratsu bat da.

Zeta-har transgenikoak

Txinatarrak izan ziren zeta ekoizten lehenak, eta ehunka urtean gorde zuten sekretua.

Zeta proteinaz eginda dagoela kontuan hartuta, zeta-harra gizakiari interesatzen zaizkion beste proteina batzuk ekoizteko erabil daitekeela bururatu zaie zientzialari batzuei. Hortaz, zetaren proteina kodetzen duen genea identifikatu dute, eta horren ordez beste proteina bat kodetzen genea sartzeko aukera dagoela ikusi dute.

Japonian dagoeneko egin dituzte lehenengo saioak. Giza azalean dagoen proteina bat, kolagenoa, ekoizten duten zeta-harra egitea lortu dute. Kolagenoa medikuntzan erabiltzen da, eta zeta-harren bidezko ekoizpena orain erabiltzen diren metodoak baino askoz errazagoa eta merkeagoa da. Etorkizunean, medikuntzan baliagarriak diren beste proteina batzuk ere ekoiztea lortuko dutela uste dute, esate baterako, intsulina.

7K-n argitaratua.