Zesareaz jaiotako haurren mikrobiota partzialki berreskuratzea lortu dute
2016/02/08 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jaioberriek amaren baginako jariakinekin izaten duten hartu-emana eten egiten da zesarea bidez jaiotzen direnean. Ondorioz, ez dute garatzen jaioberriengan ohikoa den mikrobiota. Hasierako bakterio-komunitateek haurraren sistema immunearen eta digestioaren garapenean duen garrantzia ikusita, horretan eragiteko modua bilatzen aritu dira ikertzaileak. Pasa den astean Nature Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, lortu dute mikrobiota hori partzialki berreskuratzeko modu bat: zesarea bukatutakoan haurra amaren baginako bakterioekin garbitzea.
Jaio arte, haurrak bakteriorik gabeko ingurune batean garatzen dira. Amaren kanal baginaletik pasatzen direnean izaten dute lehenengo hartu-emana bakterioekin. Une horretan, baginako bakterioetan bainatzen dira: azalean itsasten zaizkie, ahotik sartzen zaizkie... Horrela, baginako bakterioek haurraren azala, aho-barrunbea eta hesteak kolonizatzen dituzte, eta, moduren batean, haurraren mikrobiotaren lehenengo hazia bihurtzen dira, haurraren sistema immunearen eta digestioaren garapenean zuzenean eragiten baitute.
Zesarea bidez jaiotakoek, ordea, ez dute amaren baginako jariakinekin hartu-emanik, eta hori hesteetako floran islatzen da. Ez dituzte apenas izaten baginatik jaiotako haurrengan ohikoak diren Bacteroides eta Lactobacillus generoak. Mikrobiota desberdina garatu izana egon daiteke, ikertzaileen iritziz, zesarea bidez jaiotako hainbat haurrek gerora garatzen dituzten gaixotasun metabolikoen eta immunologikoen oinarrian.
Hori ikusita, amaren baginan gasak jarri, eta zesarea bidez jaiotako haurrak gasa horiekin garbitu dituzte jaio eta berehala. Aurpegitik, ahotik eta gorputz osotik pasa dizkiete. Emaitzek argi erakutsi dute haurtxoek bide arruntetik jaiotako haurren antzeko mikrobiota lortu dutela jaio eta handik hilabetera.
Ikertzaileek onartu dute baginako bakterioen transferentzia ez dela erabatekoa izan eta metodoa findu beharra dagoela, baina argi utzi dute zesarea baten ondoren haurrak bakterio horiekin harremanetan jartzearen garrantzia. Izan ere, baginako bakterioek emakumeengan oinarrizko funtzioa dute: infekzioen aurkako babesa. Baina, ikertzaileen arabera, baginako bakterioek badute bigarren zeregin bat, lehenengoa bezain garrantzitsua: seme-alaben geroko mikrobiota garatzen laguntzea.
Hortaz, erditze-motak seme-alaben profil bakterianoa baldintzatzen du. Hala ere, onartu dute ez dela faktore bakarra. Ikertzaileen arabera, zesareak, haurdunaldian hartutako antibiotikoak eta amaren bularra beharrean formulako esnea hartzea dira haur jaioberrien mikrobiomaren garapen naturala aldatzen duten faktore ohikoenak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia