}

Zerbitzu telematiko berriak

1989/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

SPRIko (Industriaren Suztapen eta Eraldaketarako Baltzua) telekomunikazio-sailak, SPRITEL izenekoak, zenbait herritan hain ohizkoak diren zerbitzu telematikoak hedatu nahi ditu. Asmo hauen berri Andoni Sagarnak “Elhuyar. Zientzia eta Teknika”ren 18. alean eman zigun.

Igarotako hilabete hauetan aipatutako asmo batzuk errealitate bihurtu dira. Errealitate hauen berri, ale honetan hain zuzen ere eman nahi dugu.

Lehenbizi EUSKOM izeneko mezularitza elektronikoa aipatu behar da. Zerbitzu honen bidez pertsona nahiz elkarte desberdinak harremanetan jar daitezke, pertsonalki edo mintegiak eratuz. Orain arte zerbitzu hau gaztelaniaz bakarrik eskaini da, baina laster euskaraz ere eskaini ahal izango da, horretarako egokitzapena Elhuyarren oraintxe bukatzen ari gara eta.

Bigarren zerbitzua, Frantziako Minitel zerbitzuarekin konexioa erraztea da. Minitel zerbitzuak Frantzian indar handia hartu du eta jadanik zenbait gipuzkoar enpresak zerbitzu hau erabiltzen du eskaerak eta gestioak egiteko, informazioa lortzeko, etab.etarako. SPRITELek eskaintzen duen zerbitzu honen bidez, Frantziako konexioa egitea telefono-sare konmutatuaren bidez egiten zenaren herena kostatuko da. Zerbitzu hauetara abonatzeko kostua ez da handia, jadanik ordenadore pertsonalen bat baduzu. (Beste ordenadore-mota batzuekin ere lor daiteke zerbitzua).

Zerbitzu berri hauei buruzko informazio gehiago lortzeko ondoko helbidera jo:

“SPRITEL programa, Gran Via, 2-4.a, 48001 BILBO”. Tel: (94) 4236319

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia